Hemen dira maiatzeko azkenak, estreinaldiak!

Hemen dira maiatzeko azkenak, estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Maiatzak 25

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Ines Arrue Unanue

Disobedience

Aitaren heriotza dela eta, familiaren ondora itzuliko da urteak etxetik kanpo eman dituen emakumea. Iraganarekin topo egingo du bertan protagonistak. Bigarren buelta honetan, ordea, beste begi batzuekin begiratuko du eskola garaiko lagun zahar hura. Hautsak harrotuko ditu aferak bere familia judu-ortodoxo kontserbadorean.

Tirabira ugari gainditu ostean, polemikaz inguratuta helduko da Sebastián Leliok gidatutako filma gure pantailetara. Libertadeen ustezko garai honetan, ez omen gara gai oraindik homosexualitatea naturaltasunez ikusi eta bizitzeko.

Visages villages

Artea sortzea bezain garrantzitsua da artea ikustea, bizitzea, hauspotzea. Egun eraldatzen ari den sormenari, bizi dugun garai nahasiari eginiko adierazpena izan nahi duen ‘roadmovie’ moduko filma topatuko dugu Agnes Varda zinegile maitatu eta beteranoak eta JR hiriko artista grafikoak gidatutako lankidetza honetan. Xumea bezain maitagarria.

Knock

Gogoangarria izan zen Intouchable filmean egindako lana, atsegina ere Sanba-n betetakoa… Omar Sy aktore frantsesaren talentuaz, horren berezkoa duen pikardiaz gozatzeko aukera berri bat dakarkigu Lorraine Levy zinegile frantsesaren azken filmak:

Damututako iruzurgile ohia da Knock. Mediku plantak eginez iritsiko da Saint-Maurice herri txikira, aberastuko duen metodo berritzaile bat aplikatzeko asmoarekin: gaitzik gabeko pertsona oro bere eritasunari entzungor egiten dion axolagabe da dela konbentzituko du eta, ondo bidean, osasun zerbitzuen beharra izatera bideratuko ditu herritarrak. Gaixotasun bat topatu edo asmatu beharko du pertsona bakoitzarentzat.

Solo: A Star Wars Story

Inoiz sortu den saga indartsuenetako batek ez du etenik. Enegarrenez, ‘Star Wars’ erraldoiaren kontakizunari beste ale bat gehituko dion film bat iritsi zaigu karteldegira.

Oraingoan, Han Solo pertsonaiaren lehen urteak ezagutuko ditugu: gazte zenetik, Mos Eisley-go kantinan Luke eta Obi-Wan topatuko dituen arte.  Star Wars. Episode IV: A New Hope filmean ezagutu genuen antiheroia bilakatu arte, alegia.

Cannesko zinema jaialdian eman ditu lehen pausuak, eta badirudi arazorik gabe zeharkatu duela kritikaren langa. Orain ordea, epaile gogorrenaren aurrean lehiatu beharko da, urteetako jarraitzaileen aurrean, alegia.

La ragazza nella nebbia

Gutxitan ikusiko dugu eleberri baten idazlea idatzitako liburu horren adaptazio zinematografikoa zuzentzen. Salbuespen horietako bat dugu Donato Carrisi zuzendariaren La ragazza nella nebbia.

Mendian galdutako hamasei urteko neska nerabe bat. Elurra, lanbroa eta argiak. Kamaren argiak. Heldu dira komunikabideak, dena aldatu egin da bat-batean.

Corporate

Enpresa bateko lan zikina egiteko kontratatu berri dute Emilie (Céline Sallette). Bere eskrupulu falta dela eta, giza-baliabideen arduradun izendatu du Stéphane nagusiak, seinalatutako langileak izorratzea izango da bere zeregina, lana uztera behartu arte. Estrategia, hortaz, argia da: zirkustanzia deseroso-segida bat probokatuko du bakoitzarekin, langileak, atsekabeturik, karguari uko egin arte.

Nagusiek eskatutakoa ezbaian jarri gabe ekingo dio lanari Emilie protagonistak, egun batean, langileetako batek bere buruaz beste egingo duen arte. Gertakariak errotik aldatuko du emakumeak bere lana, nagusi eta enpresarekiko duen iritzia.

Playground

Azken eguna da poloniar herri txiki bateko eskola batean. Azken aukera du Gabrysiak, 12 urteko haurrak, begiz joa duen klasekideari bere sentimenduen berri emateko. Gauzak, ordea, ez dira esperotakoa bezain modu errezean aterako, eta solasaldi lasaia izango zela uste zuen hori, kontrolik gabeko egoera bilakatuko da bat-batean.

estreinaldiak

Zinearen inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Hemen dira maiatzeko azkenak, estreinaldiak!
Estreinaldiak, maiatzak 25, zinea.eus
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude