Hemen dira uda sasoiko lehen estreinaldiak!

Estreinaldiak: Ekainak 22

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Ines Arrue Unanue

Hereditary

Beldurrezko istorio on bat sukaldatzeko beharrezko osagaien inguruan idatzi nuen aurreko asteko estreinaldien errepasua egiterako momentuan. Bada, hemen dugu plater bera prestatzeko beste errezeta bat: harreman tirabiratsu bat, gatazka horretan arerio dugunaren heriotza eta etxe zahar baten oinordetza.

Bere amaren heriotzean, honen etxezaharra jasoko du oinordetzan Annie Graham protagonistak. Bizitza osoan zehar harreman zaila izan ostean, protagonistak uste du amaren heriotzak lasaitasuna ekarriko duela bere egunerokotasunera. Jasotako etxe berrira joango dira bizitzera, baina ongizatea kolokan jarriko duten gauza arraro ugari hasiko dira gertatzen.

Tully

Haren kargu hiru seme alaba dituen emakumea da Marlo (CharlizTheron) protagonista. Lan karga arintzeko asmotan, zaintzaile baten zerbitzua lana jasoko du anaiaren opari gisa. Nabarmenkeria hutsa irudituko zaio hasieran, Tully gaztea ezagutuko duen arte. Ume zaintzaile goxo, jator eta harrigarria da Tully, eta batzuetan, zaila, oso zaila ere bai.

Txalotzeko aktore plantela ez ezik, kritika positibo ugari jaso ditu filmak. Amatasunaren erretratu erreala, batzuetan gordina, egitera ausartu delako, ohikotasunean lotuta daraman irudi idilikotik urrun.

Love, Simon

Bigarren hezkuntzaren amaieran ospatzen den musikalak ahalbidetzen duen testuinguruaren zain, bere homosexualitatea ezkutuan daraman 16 urteko gaztea da Simon Spier protagonista. Lasai bizi da, eta ez du bere sentimenduen inguruko azalpenik emateko gertuko asmorik.

Egun batean, ordea, esku okerretara iritsiko da bere posta elektronikoetako bat. Espero ez duen neurri, doinu eta erritmoa hartuko du orduan errealitateak. Bere errealitateak.

Show Dogs

Etxeko txikiek ere badute nola goza aste honetan.

Aurreko kasuetan pilatutako porroten ondoren, berebiziko presioa du Max txakur poliziak lan esparruko onespena lortzeko. Haren bila, edertasun lehiaketa batean emandako lapurreta ikertzeari ekingo dio. Arrakasta nahi badu, bere matxismoa, berekoikeria, handiusteak eta jarrera itxiak alboratu beharko ditu, testuinguruak saiakera konplikatu samarra jarriko badio ere.

Die göttliche Ordnung (El orden divino)

1915 urtean, emakumeek artean ezin zuten botorik eman Suitzan. Nora etxeko-lagile gaztea da, bi seme-alaba ditu eta herri txiki polit batean bizi da. Pertsona lasaia da, eta herritar guztiek dute begiko. Senarrak lanaldi partzialeko lan bat onartzea debekatzen dionean, ordea, hiriko mugimendu sufragistaren paradigma bilakatuko da. Lortzen duen ospearen ondorioz, umiliazioa, mehatxuak eta ezkontza-harremanaren amaiera posiblea jasango ditu…

Baina ez du atzera egin nahi, ez du egingo,  eta herriko emakumeak konbentzituko ditu grebara joateko.

El mundo es suyo

Gogoan duzue zortzi abizen euskaldunen efektua? Gogoan dituzue filmak ekarritako aurreiritzi eta umore merkea? Errezeta berdina erabiliz, topikoak zentzu handirik gabe konbinatu eta nahastearena, osagai berriekin osatu dute oraingoan platera.

Rafi eta Fali, andaluz dirudun aberatsak. Andaluziako goi klasearen ustezko adierazle argieenak. Eta beren abenturak eta desbenturak, lurraldetasun topikoez gainera, ‘ongarri’ matxista batekin zipriztinduak.

Les Gardiennes

Lehen Mundu Gerra, 1915 urtean. Gizonak borrokan ari dira, eta emakumeak beren lurrak zaindu eta defendatzearen ardura dute orain.  Famili baserriaren buruzagitza du Hortensek, eta bere alabaren parteko laguntza ezaren aurrean, Francine gaztearen laguntza hartuko du. Berehalakoa izango da bi emakumeen arteko sintonia ona.

estreinaldiak
Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!
Die göttliche Ordnung, El mundo es suyo, El orden Divino, Hereditary. Tully, Les Gardiennes, Love Simon, Show Dogs
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude