Heldu dira ostirala eta estreinaldi berriak!

Heldu dira ostirala eta estreinaldi berriak! –

Estreinaldiak: Ekainak 15

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Ines Arrue Unanue

No dormiras

Nola erakitzen da beldurrezko kontakizun bat? Zeintzuk dira osagai nagusiak? Utzitako leku bat, hutsala eta ikustearekin bakarrik tentsioa eragiten duena, muturreko egoera bat, eta, noski, muturreko egoera horretan harrapatuta aurkitzen den biktima talde bat.

Honela hasiko dut, bada, filmaren inguruko azalpena: Hutsik dagoen ospital psikiatriko bat; nekea eta lehia nahasten dituen giro estu bat; eta, interpretazioaren maila errealago bat lortzeko bidean, loezinarekin esperimentatzen ari den antzerki taldea.

Onairrizko ezaugarri horiei gehituta, Belen Rueda, Eva De Dominci eta Natalia de Molina bezalako aurpegi ezagunak erabiltzearen karta jokatu du Gustavo Hernandez zuzendariak. Ikusiko dugu, baina, mailari eutsi, edo maila bajuko beste beldurrezko saiakera batean geratzen den.

I feel pretty

Gizarte kutsatu batek ‘arrunta’ bezala estereotipatuko zuen neska gazte eta alaia da protagonista, egunero bere ahulgune, konplexu eta segurtasun ezak borrokatzen dituen emakume ausarta. Ezusteko erorketa batean hartutako kolpe batek, ordea, bere buruaz duen ikuspegia aldatuko dio, eta mugarik gabeko bizitza aske bat egiteko prest izango da bat-batean.

Izan ere, guztiok gara ederrak hala garela sinesten dugunean.

Marie-Francine

Aldi berean galduko ditu bere senarra eta lana Marie-Francine protagonistak, eta 50 urterekin gurasoen etxera itzultzera behartua ikusiko du bere burua. Askoren mina tuntunen aringarri dela diotenak badira, baina bere egoera berdinean aurkitzen den Miguel  ezagutzen duenean hasiko da berriro ere argia ikusten filmaren protagonista.

A estación violenta

Bizitza nekeza da, frustragarria, eta askotan ere zaurigarria izatera iritsi daiteke.  Manuelek idazle arrakastatsu bat izan nahiko luke, baina hori beharrean, eguneroko errutinaren morroia da. Guzti hau aspaldiko lagunak, nerabezaroan izan zituen konplize horiek, topatu dituen arte.

Atzera begiratzea besterik ez dago, aurrera egoteko arrazoiak topatzeko.

Transit

Tropa Nazien jazarpenetik babesteko, hildako idazle baten identitatea hartuko du Frantziara babes bila iritsiko den gizon iheslari batek. Marseillako hirian harrapatuta dagoen emakume gazte bat ezagutuko du orduan…

Egun gertukoa dugun errefuxiatuen erretratu zaharra egingo du Christian Petzold zuzendariaren filmak, izen bereko eleberrian egiten den kontakizunean oinarrituta.

Western

Ur-parke moduko bat erakitzeko enkarguarekin helduko da obra langile talde bat Bulgariako herri txiki batera. Hasieran pizgarri ekonomikoa izango denaren irudia duen horrek, bestelako errealitate bat azaleratuko du berehala: langileek paisaian egingo duten neurrigabeko suntsiketak, emakumeenganako jarrera oldarkor eta sexistak… eta beste hainbat arrazoiren metaketak, gatazka izugarria piztuko du tradizioz lasaia den eremuan.

 Wonders of the Sea 3D

Arnold Schwarzenegger aktorearen nahi eta apetan osatutako dokumental honek, itsaso-tradizio handiko Cousteau familiaren urteetako lana eta ekarpena jasoko ditu, irudi eder eta erakargarri mordoa tartekatuz. Itsas-ekosistemen babeserako dei gardena.

10×10

Itxura jator eta arruntaren atzean obsesio iluna ezkutatzen duen gizona da Lewis (Luke Evans), eta Cathy (Kelly Reilly) gaztea du jomuga. Egun batean, egun argitan, emakumea bahitu eta bere etxeko gelaxka hosgabetu batean giltzapetuko du. Denborak, bakardadeak, beldurrak eta etsipenak neskaren iragan ilunaren sekretua erauziko dutelakoan-edo.

estreinaldiak
Zinearen inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!
Heldu dira ostirala eta estreinaldi berriak!

Euskal pantailaren gunea