Sartu dira ekaina… eta estreinaldiak!

Estreinaldiak: Ekainak 1

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Ines Arrue Unanue

Lu Over the Wall

Animaziozko film japoniarra, berezia bezain ederra.  Kai ikasle gaztearen istorioa dugu hau,  Lu sirena ezagutzearekin batera bere bizitzak emango duen aldaketaren kontakizuna. Ikusi al duzue noizbait sirenarik?

The Strangers: Prey at Night

Lehen segundutik, urduritasunak jota, atzamarrak besaulkira iltzatuta edukitzea maite duzuen horietakoak zarete? Ez duze azazkalik, eta behar ere ez? Hau da zuen aukera.

Erremolkeentzako kanpaleku batean igaroko dute alaba barnetegira eraman aurreko oporraldia Cindy eta Mike protagonistek. Agur idiliko bat izan behar zuenak, ezusteko norabide beldurgarria hartuko du txanodun hiru erasotzaileren agerpenarekin.

2001: A Space Odyssey

Despistatuta gaudela pentsatuko duzue: “zertan ari ote dira ZINEAkoak 1968ko film baten estreinaldia iragartzen?”. Ez gara zoratu, ez. Aski ondo dakigu zertan ari garen.

60ko hamarkadan Stanley Kubrick handiak zuzendutako flmaren berrestreinaldia jasoko dute gure aretoek datozen asteetan. Bere garaian erreboluzioa suposatu ostean, egungo generazio berriak astintzera dator oraingoan. Gazteenek merezi dute halako esperientzia bisualik… Jakin badakigu ere, beteranoago batzuk ere beste behin ikusteko aprobetxatuko duzuela! On egin!

Camarón: Flamenco y revolución

Jose Monje Cruz, Camaron goitizenez ezagututako artistatzarraren heriotzaren 25.urteurrena bete zen 2017an, eta omenaldi gisa sortu zuen Alexis Morante zuzendariak film dokumental hau.

Orain arte ikusi dugunari buelta berri bat eman, eta familiaren artxibo ezkutura izan du sarbide zinegileak. Gauzak honela, artistaren alde ezezagunena ikusi eta entzuteko aukera izango dugu, mimoz osatutako errelatu goxo eta estu honetan. Mugarik ez musikari, guztia zeharkatzeko indarra baitu.

El intercambio

Bere egunerokotasunaren soiltasunean giltzapeturik, eta errutina hausteko saiakera etsi-etsian, bikote trukaketa-esperientzia bat oparituko dio Evak Jaimeri haien ezkontza urtemugan. Internet bidez bilatuko dute bikote berria, eta hainbat hizketaldiren ostean, konplizitatea eraki eta elkar ezagutzeko unea iritsiko da. Usteak erdi ustel, ez baitute espero duten hori topatuko.

D’après une histoire vraie

Idazle sentikor eta oinaztatua da Delphine, eleberri berri bat idaztera doan sortzaile arrakastatsua. Istorioaren lehen zertzeladak ematera doanean ezagutuko du Elle gazte atsegin eta bizkorra. Berehala nahastuko dira haien bideak, sortzaileak bere bihotza eta etxeko ateak irekitzearekin batera.

Nor da Elle, baina? Zer bilatzen du? Delphinen bizitza hauspotuko duen haize ufada da? Edo bizkarroi arima-xurgatzailea?

Beata ignoranza

Institutuko bateko bi irakaslek sare sozialen inguruan egiten duten planteamendua azaltzen duen filma da, dokumentala, iritzia eta fikzioa uztartzen dituena. Izan ere, komunikaziorako tresna eraginkorra dira, edo hutsalkeria partekatzeko leiho soilak?

Iritzi kontrajarriak izango dituzte. Lehenegoa bizi digun garaiaren frenetikotasunari  egokitutako gizona den bitartean, bigarrenak “eskola zaharraren” ereduan oinarritzen du bere egunerokotasuna. Esketx komiko eta hausnarketa sakonen tartekatzeak bideratuko dute istorioa, eta konturatzerako, batak bestea konbentzitu eta bizitzak trukatuko dituzte.

Le Grand Méchant Renard et autres contes

Landazabala eremu lasaia eta baketsua dela uste duten horiek ez dakite ezer. Badira egonezinarekin bizi diren espezie ugari: oilaskoa dela uste duen azeria, zikoinarena egiten duen untxia, Bizar Zuri ordezkatu nahi duen ahatea… Oporraldia egin nahi baduzu, hobe duzu itsaso aldera jo.

Animazioa eta umore frantses bereizgarri hori uztartzen dituen filma da, etxeko txikien zein helduek gozatzeko moduko ipuina.

estreinaldiak

Zinearen inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Euskal pantailaren gunea