Heldu dira eguzkia, epela… eta asteko estreinaldiak!

Estreinaldiak: Apirilak 20

Estreinaldiak badatoz!

Egileak: Julen Yusta

Jusqu’à la garde 

Myriam eta Antoine Besson dibortziatu berri den bikote ohia da. Banaketa dela eta, Myriamek Julien semearen zaintza osoa eskatuko du, haurra bere aita bortitzetik babesteko. Antoinek, ordea, bere burua defendatuko du, eta epaimahaiak kustodia partekatuaren alde joko du. Julien gazteak muturreko egoera batera bultzatua ikusiko du bere burua, geroz eta handiagoa den gurasoen arteko borrokak irentsita.

Filmak  Zuzendari Onenaren eta Opera Prima Onenaren sariak irabazi zituen Veneziako Mostran 2017an. Donostia Zinemaldian, aldiz, Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen, Europako film onenari ikus-entzuleek egindako errekonozimendua.

A Quiet Place

Familia baten istorioa kontatuko du. Basoko etxe batean bizi dira, inongo soinurik egin gabe. Soinurik egiten ez baduzu, ez zaituzte antzemango…

Las leyes de la termodinamica

Manel etorkizun handiko fisikaria da, baina pixka bat neurotikoa ere bai. Elenarekin, modelo eta aktore hasiberriarekin, izandako harremana ezbehar hutsa izan da, eta bere burua jotzen du dekadentzia horren arduraduntzat. Ezbeharraren arrazoia bera deuseztatzera joko du orduan, Newton, Einstein edota mekanika kuantikoko gurasoek garatutako lege fisikoak erabiliz.

Every day

Rhiannon 16 urteko neska gazte bat da. Zoriak “A” izeneko izpiritu misteriotsu batekin maitemintzera eramango du, egunero gorputz ezberdin bat ‘okupatzen’ duen arima galdua. Lotura handi batek batuko ditu, eta egunero bilatuko dute elkar, hurrengo egunean patuak nun kokatuko dituen jakin gabe.

Sanz: Lo que fui es lo que soy

Alejandro Sanz musikari espainiarraren ibilbide profesional eta pertsonalaren errepaso bat da, urteetan pilatutako esperientziak inoiz argia ikusi gabeko istorioekin nahastuta.

Isle of Dogs

Megasaki Cityko txakur guztiak haien jabeetatik banandu eta hondakindegi batera erbesteratu dituzte. Galera onartu ez eta, halako batean, 12 urteko gaztetxo batek bere txakur galdua bilatzearen bidaiari ekingo dio.

‘Stop motion’ teknika hutsean errodatutako filma da Wes Anderson zuzendariak aurkezten digun hau. Besteak beste, zuzendari onenaren aitortza jaso zuen Berlinale jaialdian.

FireWorks

Nazuna triste dago, eskolaz aldatzera behartu dutelako. Neskatilak Norimichi klase kidearekin ihes egiteko plan bat eratuko du, baina desagertzear daudela neskaren amak harrapatu egingo ditu. Bikotearen asmo guztiak erori direla dirudienean, guztiz irauliko du istorioa esfera argitsu eta misteriotsu baten aurkikuntzak.

Iaz Donostiako Zinemaldirako hautatu zuten proiekzio berezi horietako bat izan zen, eta gogo onez jaso zuen publikoak.

Charming

Philippe printzipe gazte xarmangarri  bat da, neska guztiak erakartzen ditu, baina atzean uzten duen bihotz hautsien aztarta horrek leku txarrean utziko du erreinua. Beraz aitak, printzearen jarrerarekin oso haserre dagoen erregeak, azken abisu bat emango dio semeari: 21 urte bete baino lehenago bere benetako amodioa aurkitu beharko du, bestela tronu-ondorengotzarako eskubidea ukatu egingo dio.

Disney erraldoiak urteetan eskaini digun maitasun istorio erromantikoaren antzekotasun handiegia duen argumentua. Garaiak aurrera egin, baino badirudi nekez aterako garela estereotipo jakin batzuetatik…

Estreinaldiak badatoz!

Zinearen inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Euskal pantailaren gunea