Estrasburgoko Godofredok Ez Zukeen Superlopez (Edo Corto Maltes) Aipatuko

Estrasburgoko Godofredok Ez Zukeen Superlopez (Edo Corto Maltes) Aipatuko

Irakasleari kasurik egin gabe, arratsalde osoan tratuan aritu nintzen ondoko ikaskidearekin. EGBn izan zen, Berriozarko agustindarren eskolan, zazpigarren edo zortzigarren kurtsoan, ordurako mutil kozkorra bainintzen; betidanik ikasle zintzoa izan banaiz ere –zintzoegia, tontoa izateraino– egun hartan bertze zeregin batean nuen burua. Ikaskideak 100 pezeta eskatzen zizkidan, baina nik 95 baizik ez nizkion eman nahi; bortz pezeta haien bueltan pasatu genituen arratsaldeko bi orduak, nik –hondarrean– amore eman nuen artio. Kontent bueltatu nintzen etxera, zer nuen esperoan banekien arren: 100 pezeta horien truke Superlopez-en album bat erosia nion nire ikaskide hari, La semana más largaAsterik luzeena– izenekoa, ordura artioko bilduma osatzeko falta zitzaidan bakarra, liburu eta paper dendetako apaletan ez baitzen ale haren arrastorik; eta banekien amak haserre emanen zidala, komiki berri baten prezioan bigarren eskuko album ez zahar baina bai higatu bat erosia bainuen –ez dakit amak eta bildumak gaizki moldatzen diren bikoteak direla dioen topikoa egia ote den, baina nire etxean halaxe zen–.

Geroago, Superlopezen bertze abentura batzuk gehitu nizkion nire bildumari, baina, ongi oroitzen banaiz, La gran superproducciónZinema ekoizpen handia– izan zen hondarrekoa; harrezkeroztik, bertze album batzuk erosiak ditut, baina ez dira bildumakoak: niretako, Superlopez aspalditik dago hila; Jan-ek –marrazkigileak–, beti bezain ongi marrazten du, baina istorio berriak ez doaz inorat, eta pertsonaien izaera aspalditik dago desitxuratua, arruntean.

Superlopezi loturiko oroitzapen batetik hasi naiz, baina Corto Maltes daukat, egia erran, gaurko abiapuntuan. Hugo Pratten pertsonaia hartu eta bertze istorio bat marraztu eta publikatu baitute bi komikigilek –Norma argitaletxeak eskatuta, pentsatzen dut–, eta horrek ezinegona edo haserrea piztu du Maltesen jarraitzaile batzuen artean: nonbait, komiki berri hau arimarik gabeko luzapena bertzerik ezin da izan, plagio legal bat.

Egia aitortzeko, ederki ulertzen dut fan horien atsekabea, bai baitakit, norbaiten jarraitzaile edo zerbaiten frikiak garen heinean, ordezkaezinak direla maite ditugun figurak –errate baterako, Freddie Mercury hil zenetik, munduan barna egiten diren musikaletan ez dira guti uste dutenak sudur azpian bibote bat itsastea aski dela Queeneko abeslariarena egiteko–, eta, nahita ala nahi gabe, esentzien zaintzaile bihurtzeko joera izaten dugula: lehenagoko adibidea atxikitze aldera, badira beren burua Queenzaletzat izan eta halere Freddy –bai, jainko maitea, i grekoarekin– Mercury idazten dutenak. Alta, susmoa dut ideia horrek, alegia Corto Maltes bezalako komiki pertsonaia bat hartu eta bertze egile batzuen bidez haren bizitza luzatzeak nahitaez erdipurdiko emaitza ekarriko duelako ideiak, aurreiritzitik anitz baduela.

Aurreiritziak, nolanahi ere, beti izan dira kritikaren parte: artean komikirik ez zen arren, Erdi Aroan ohikoa zen idazleek, hainbat iturritatik abiatuta –Erromako literatura, Grial sainduaren zikloa…–, behin eta berriz pertsonaia berberak erabiltzea –Tristan, Eneas, Arturo erregea–. Erdi Aroko idazle aleman batek, Gottfried von Strassburg –edo Estrasburgoko Godofredo, nahiago baduzue– izeneko batek, Tristan pertsonaia hartzeaz gainera, literatura kritikaren pasarte txiki bat eskaintzen digu 12. mendearen akabera aldera: bere aitzindari guziak gogora ekartzen ditu –eta zeinen onak izan diren azpimarratzen du–, bere burua ere genealogia literario jakin batean kokatzeko. Nibelungoen kanta, ordea, ez du genealogia horretan aipatzen, nahiz eta, betiere gaurko kritikarien arabera, segur aski ezagutzen zuen. Lan hura isilpean uzteko motiboa zen Nibelungoen kanta, latinezko literatura edo Arturo erregearen gaineko istorioak ez bezala, ahozko iturrietarik heldu zela, ez iturri idatzietarik, eta horrek bigarren mailako bihurtzen zuen. Estrasburgoko Godofredoren isiltasun kritikoa gorabehera –naski Superlopez eta Corto Maltes ere ez zituzkeen aipatuko, ezagutu izan balitu–, gaur egun badu bere ospea lan hark.

Egilea hil eta gero, pertsonaia bat eta haren inguruko unibertsoa bertze egile baten –edo batzuen– esku uztea bekatu mortala da, hondamendi estetikoa bertzerik ekarri ezin duen aterabidea? Konparaziorako, urteak daramatzate Edgar Pierre Jacobsek sorturiko Blake eta Mortimer pertsonaiekin istorio berriak argitaratzen, eta emaitza ez da batere txarra izan –baina beharbada bi pertsonaia horiek ez dute inoiz Corto Maltesek zeukan karisma izan–. Nolanahi ere, Jacobsen ondotik etorri diren marrazkigile guziak ahalik eta mimetikoen eta ikusiezinen izaten saiatu dira –hau da, ereduari ahalik eta fidelen segitzeko eginahalak egin dituzte–. Originaltasuna maite dutenendako, badira figura kanonikoei beren ukitua eman nahi izan dietenak: Javier Fesser zinema zuzendariak bi film egin ditu Mortadeloren eta Filemonen kanpoko itxura duten pertsonaiekin, eta bietan ni mindua eta traizionatua sentitu naiz.

Karisma handiko edo nortasun bereziko pertsonaia baten bizitza luzatzeaz aritzen direlarik – haiek: argitaletxeko arduradunak, ondotik etorririko marrazkigile edo idazleak, gu ez bezalako fan axolagabeak–, beharbada susmoa dugu kanpoko itxura luzatzeaz ari direla –berriz diot, sudur azpian ile multzo bat paratzea ez da aski Freddie Mercury izateko, ezta aspiragailu bat esku artean hartzea ere–, pertsonaia hari xarma ematen zion horretaz atzenduta.

Lehenago erran dut Corto Maltesen jarraitzaile batzuk haserre edo atsekabetuak daudela, baina akaso pertsonaiaren fan guziak daude kopetilun: egia aitortzeko, ez dakit, ni ez bainaiz inoiz talde horretakoa izan. Superlopezen jarraitzaileen taldekoa bai, ordea, eta honen kasuak argi erakusten du, lekukoa inori pasatu gabe komiki eder baten egilea bera gauza dela komiki hori hondoratzeko. Nik zinez eskertuko nuke noizbait norbaitek Superlopezen lehen bederatzi-hamar albumetako giroa, zorroztasuna, ironia eta grazia berreskuratuko balitu. Edo, beharbada, benetan zera eskertuko nuke: arratsalde hartara bueltatu ahal izatea, berriz ere falta nuen azal higatuko komiki horren kontura tratuan aritzera. Hori, halere, bertze problema bat da, estetikatik eta kritikatik haratago doana.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Estrasburgoko Godofredok Ez Zukeen Superlopez (Edo Corto Maltes) Aipatuko

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.