Esther Ferrer

 esther-ferrer.jpg

Oso gazte eta oso indokumentatuak ginenetik segitzen diogu pausoa Esther Ferrer-en lanari, eta 25-30 urte beranduago ere ez gara gauza izan traza handiegirik hartzeko haren ekarriari. Baina beti erakarri gaitu haren lanaren enigmatikotasunak. Gaur artea merkabide edo merkagauza baizik ez den honetan, horixe eskatzen baitiogu artegintzari: jar gaitzala kolokan (bederen).

Estherren lana, ez dakigularik zehatz zergatik, hotza eta gogaikarria egin izan zaigu zenbaitetan, baina gutxik jakin du pizten gugan haren lanek hainako ezinegonik. Estherren lanak oso itxiak izaten dira egikeran, baina guztiz irekiak hartzerakoan. Berak, behintzat, ez dio argibiderik emanen agertzen duen ikuskizun artistiko zeinahiri. Ez dago diskurtsorik: begi-belarrien aurrean dagoena baizik ez dago, zeuk erabaki hartu ala ez, poztu ala asaldatu, trufa ala gogoeta egin. Fortuna handia izan da haren lana eta izaera hurbiletik ezagutzekoa, ezin esan baita, kasu honetan, “gozatzekoa”izan denik. Ez behintzat “gozatu” aditzaren zentzu literal unibokoan. Zorionez.

Nahi duenak eskuragarri du alua.mundua honetan bertan, eskuineko aldean, bibliografia dagoen lekuan, harekin izandako elkarrizketa luze bat pdf formatoan. Amaiera aldera dator, Arte-liburu eta erakusketen artean. Bidenabar, eskerrak eman nahi dizkiot Ana Salaberria lagunari, KM Kulturuneko arduradunari, 2004an Estherrekin lantxo hura egiteko eman zidan aukera eta laguntzagatik.

(“Beltz eta ikaragarri esnatu da 2004garreneko Abenduaren hogeia Hendaian: euria eta Ipar haizea esposatu egin dira eta badirudi elurra hasi behar duela halako batean. Esther Parisetik etorri da, haurrak bezala, baina, Abenduan zikoinarik ez eta, tren puntual batean iritsi da bera…”).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)