Eskola orduak aldatu dituzten 5 asmakizun teknologiko

Etorkizuneko ikasgela?

Zenbat urte pasa dira eskola bateko gela barruan ez zaudela? Ez bazara hezkuntza sektorean ari, sorpresa galanta hartuko zenuke. Zerredantxoa osatu dugu azken hamarkadetan eskoletan izan diren aldaketa batzuekin eta laster gauzatuko direnekin.

Tintontzitik boligrafora

Egurrezko idazmahaian zulo borobila. Gogoratzen duzu? 1950-1960ko hamarkadetara arte tintaz bustitako lumekin idazten zuten ikasleek. Arkatzetik tintara jauzi egitea kaligrafia estilizatua zuenari ematen zitzaion saria zen. Harrotzeko moduko errekonozimendua hura. Frantzian sortu zuten 1949 urtean idazkera irauli zuen Big Cristal mitikoa.  Asmakizunari esker agur esan zieten orriak eta hatzamarrak zikintzen zituen tanto beltzei. Azkar eta eroso idazteko balio du Bic boligrafoak. Gaur egun ere ez du parekorik: 2004 urterako 100.000 milioi Big Cristal saldu ziren.

Apunteetatik fotokopietara

Irakaslearen solas luzeei arretaz entzun behar zitzaien, ez bazen azterketetan huts egin nahi. Liburuak egonagatik, apunteak hartzeko trebeziak balio handia zuen (eta ez ahaztu abestuz ikasten ziren ibaiak edo biderkaketa taula!). Buru ariketa bikaina da entzundakotik zer idatzi erabakitzea: ideia nagusiak jaso, egoki eta azkar izkiriatu edo memoria landu. Hiru ariketa bakarrean; ondo eginez gero, bikaina seguru. 80ko hamarkada amaieran gertatu zen fotokopien iraultza. Jatorrizko orri batetik ehunka kopia, berehala eta merke. Irakasleek apunteak ikasleei eman egiten dizkiote, edo, langileenaren apunteetatik ikasten dute denek. Fotokopien magia eta iruzurra. Eskumutur nekatuek eskertu zuten!

Arbeletatik elektronikara

Urte askoan ikasgelako klariona desagertaraztea izan da eskola orduak galtzeko biderik errazena. Irakasle askok klera-menpekotasuna dute eta bulegora itzuli behar dira eskolarekin aurrera segitzeko. Baina, klarionak beste aldea ere badu: arma indartsua ere bada klariona zuria (koloretazkoak ez ziren hain ohikoak). Bi erabilera nagusi ditu. Bat: arbelaren kontra irmo eginez txirrio desatsegina, ikasleak ixiltzeko. Bi: ikasle aluenari klera jaurtitzea (mehatxua ere nahikoa izaten da). Gaur, ordenagailuarekin eta proiektorearekin, klerarekin egindako hala nolako berde-zurizko marrazkiak historiaurrera pasa dira. Horren trukean, interaktibitatea, ikusgarritasuna eta iraungarritasuna hobetzen ditu arbela digitalak.


Liburuetatik tabletetara

Bai, ez gara zoratu. Oraindik liburuak darabiltzate eskoletan. Baina, noiz arte izango dira nagusi? Azal, orri eta tintaz osatutako liburuen lekua hartzen ari dira mikrotxip, aluminio eta argiz osatutako tabletak. Hauek aukera gehiago eskaintzen dituzte: interaktibitatea, bideoa integratuta, ariketak bertan egin eta bildatzeko parada. Sareari konektatuta dabiltzan gailuek, izan ordenagailu eramangarri ala tablet, ezagutzaren leihoa zabaltzen dute. Liburuak dira, baina gehiago ere bai.

Papertxoetatik Watxapera

Eskuz esku pasata, liburu artean edo jaurtiketa librean, papertxoek denetarako balio zuten. Batzuetan, asper orduetan lelokerien kontura barre egiteko pasatzen ziren, eta, une kritikoetan, azterketetak gainditzeko. Irakaslearen belarri fina saihestuz lagunekin komunikatzeko bide eraginkorrena zen paper zatia. Gaur egun, teknika hori galdu ez bada ere, klasekideen arteko komunikazioa (interklasista?) segapotoko watxapen bidez egiten da. Erraza da: hanka artean edo izterrean jarri gailua eta behera begiratu. Irakurketan edo gogoetan erabat kontzentratuta zauden plantak egin.