Arima Soul: “Erronka polita da soul musika euskaraz abestea”

Arima Soul: “Erronka polita da soul musika euskaraz abestea” –

Makalak eta Lidia Insaustik sortutako taldea da Arima Soul. Soul musika jorratzen dute, euskaraz, eta datorren ostiralean, apirilak 16 (19.00etan), Zarauzko Modelo aretoan izango dira zuzenean jotzen. Hitzordua aitzakia hartuta, otsailean Urpeko Bonbarda podcastean beraiekin izandako solasa dakargu azpira.

Arima Soul: "Erronka polita da soul musika euskaraz abestea"Makala (Mikel Unzurrunzaga, baxua) musika eragile ezaguna dugu gurean, makina bat egitasmotan parte hartutakoa, eta ahots ederreko kantaria Lidia Insausti (ahotsa). Elkar ezagutu eta miresten zutela-eta, bazuten amankomunean egitasmoren batean parte hartzeko asmoa, eta elkarrekin Arima Soul taldea sortu dute Zarautz aldean oraintsu, eskarmentu handiko Paul San Martin (teklatuak) eta Hilario Rodeiro (bateria) musikariekin laukotea osatuta.

“Argi eta garbi, soul musika da gure esentzia”, adierazi digu Makalak Arima Soul egitasmoaz galdetuta, Urpeko Bonbarda podcasterako egin diogun elkarrizketan.

Taldearen esentzia soul musika dela diozu.

MAKALA: Bai, eta esentzia horretatik abiatu gara egitasmo berri honetan. Oso genero anitza da soula; lehen erreferenteak 50eko hamarkadakoak dira, eta 60koan beste soul mota bat egiten zen. Gure kasuan, 70eko soulean jarri dugu gehienbat fokua, garai haietan leku gehiago baitzuten jazzarekin nahasten ziren gurea bezalako laukoteak. Soul jazz interesgarria egiten zen orduan, eta hor jarri dugu fokua.

INSAUSTI: Betidanik gehien gustatzen zaidana da soul musika, eta taldea sortzerakoan argi genuen soul ukitua izan behar zuela gure egitasmoak. Bada gainera, musikari dagokionean, Makala eta biok partekatzen dugun zerbait, entzulearen arimara heltzen saiatzea; alegia, urrunago joatea, eta ez gelditzea estetika hutsean. Eta hortik dator taldearen izena ere, hitz jokoa, Arima Soul.

Neosoul egitasmo bat euskaraz.

MAKALA: Banekien Lidiak orain arte beti ingelesez edo akaso frantsesez kantatu izan duela, eta egitasmo honetan euskaraz kantatzeko apustua egitea proposatu nion. Hasiera batean harrituta gelditu zen, baina gero… “begira zein erronka polita!” esan zuen. Gaur egun oso pozik gaude emaitzarekin.

INSAUSTI: Egia da, hizkuntzari dagokionez, ez nengoela batere ohitua euskaraz konposatzera, nahiz eta kantatu izan dudan Jexuxmari Lopetegirekin. Egin izan dut ingelesez, baina ez euskaraz. Ideia Makalarena izan zen, eta hasieran ez nengoen konfidantza osoarekin, baina apustu interesgarria izan da, hasiera batetik entzulearekin nolabaiteko konexio berria lor genezakeela uste baikenuen. Guri gustatzen zaigun musika ari gara jorratzen, eta euskaraz abestuta Euskal Herrian behintzat errazagoa izango zaigu jendearekin bat egitea, eta gure mugetatik kanpo ere horixe izango dugu berezitasuna.

Hutsune bat betetzera dator Arima Soul.

INSAUSTI: Ez da oso arrunta neosoul musika euskaraz kantatzea, ez da ez gehien entzuten dena. Eta gure ideia apur bat horixe lantzea da, hutsune hori bete eta esperimentu txiki bat egitea; ea entzuleari gustatzen zaion.

MAKALA: Agian bai, hutsune bat betetzera -Afrikaz aparte, gutxik jorratu baitute soula euskaraz-. Nolabait, euskal panorama musikalean ikuspegi hori ere helaraztea da asmoa, zergatik ez.

Bost kantuko Ep homonimoa duzue debut lana.

MAKALA: 2020ko udan grabatu genuen diskoa, bi egunetan, Beasaingo Pottokko estudioan Freddy Pelaezen eskutik; morroi fina soul, blues eta jazz estiloetan. Eta oso ondo joan zen. Gerokoa izan da zaila, plazaratze prozesua, Durangorako asmoak genituen arren, bete-betean harrapatu baikintuen pandemiak.

INSAUSTI: Zuzenean jotzeko oso aukera gutxi izan ditugu momentuz (Elorrioko Musikaire jaialdia, Arantzako aterpetxea, Donostiako BE kluba…), eta egoera nola dagoen jakinda, saiatu gara prentsan eta irratian taldea ezagutzera ematen, kontzertuak lotzen… eta aldi berean, positiboak garelako, ideia berriak landu nahi ditugu datozen hilabeteetan, datorren udan Ep-aren bigarren zatia aurkeztu nahi dugu-eta. Horretarako, musika ontzen jarraituko dugu poliki-poliki.

Diskoko kantuak ere baikorrak dira oso.

INSAUSTI: Bai, ondo zabiltza. Oso alaiak gara denok taldean, eta kantuak oso modu positiboan idaztea gustatzen zait. Gainera, uste dut bizi dugun egoera honetan denok gaudela arduratuta edo are, erreta, eta horri buelta ematen saiatu naiz. Dena oso modu baikorrean begiratzen ahalegintzen naiz. Burutik pasatzen zaizkidan istorio edo sentsazioak dira kantuak, naturarekin lotzen ditudanak, maitasunarekin eta askatasunarekin; arimarentzat ondo datorkit. 

“Erronka polita da soul musika euskaraz abestea” “Erronka polita da soul musika euskaraz abestea”

ZUZEUko erredakzio kide