Erotismoa ardatz eta Kurdistan herrialde gonbidatu Azokan

MzgwNw==

Kurduen hizkuntza eta kultura gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du, besteak beste,  Durangoko Liburu eta Disko Azokak aurten. Kurduerak eta euskarak dituzten erronkei eta adierazpen askatasunari buruzko mahai-inguruak izango dira, esaterako, azoka egunetan Landako erakustazokan: kurduera hutsez argitaratzen duten Azadiya Welat  egunkariko zuzendaria etorriko da, tartean, Durangora. Abenduaren 5eko egitarauan, Kurdistanetik etorritako idazle eta musikariek izango dute Landakon protagonismo nagusia.

Durangoko Liburu eta Disko Azokaren abenduaren 4tik 8rako egunetan, Landako Erakustazokako gune askotan izango du Kurdistango kulturak presentzia nabarmena: Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, idazle kurduen eta euskaldunen poesia errezitaldia dator jasota egitarauan. Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armenia estatuetan zatituta dagoen estaturik gabeko nazio kurduaren kultura, dantza eta kanten bitartez ere izango da herrialde gonbidatua ezagutzeko aukera: Espainian bizi diren Zinar Ala eta Siwar Ala aktibistek Kurdistango kanta laburrak eta dantzak erakutsiko dizkiete Haur Literatur Aretoan biltzen direnei.

Hain justu ere, Haur Literatura Aretoan, umeentzako kokapenean egin du Gerediaga elkarte antolatzaileak aldaketa nabarmenetako bat: Landako Erakustazoka ondoko Elkartegia eraikinean atonduko dute umeentzako prestatutako txokoa.

Aurkezpenean Jon Irazabal Azokako zuzendariak kazetarien galderei erantzunez aipatu duenez, iazkoagaz alderatuta %30eko murrizketa izan du aurrekontuak aurten; 500.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute. Hala ere, egitaraua estutu beharra izan dutela onartu arren, aurreko urteetan arrakasta izan duten ekimenak mantentzeko apustua egin du aurten ere Gerediaga elkarteak. Orain urte bi lehenengoz atondu zutenean bezala, karpan egongo da aurten ere Ahotsenea, sortzaileen gunea: publikoaren aurrean zuzenean eta hurbiletik euren lanak aurkeztuko dituzte idazleek eta musikariek bertan.

Orotara, 505 argitalpen berri aurkituko ditugu Gerediaga elkarteak antolatu duen Liburu eta Disko Azokaren 45. edizioan, Landako Erakustazokan: horietariko 339 liburuak dira, eta 85 diskoak.

Erotismoa gaitzat

Abenduaren 4an, Maitasunaren arbola izeneko 12:00etako inaugurazio ekitaldian mahaiganeratuko du Joxemari Carrere idazleak aurtengo azokaren gaia. “Sexu kontuak nola kontatu dituzten lehen eta orain; han eta hemen” hartuko du berbagai.

Gaiagaz lotuta, tailer erotikoa antolatu dute abenduaren 6rako: Erotik Toys jostailu dendako Manex Rekaldek jostailu erotikoen jatorri,  ezaugarri eta erabilerak erakutsiko ditu, 19:00etatik aurrera.

Abenduaren 7an, 18:30ean, bestalde, Erotismoa sortzaileen begietan gaitzat hartuta eta Paddy Rekaldek moderatuta, mahai-ingurua burutuko dute Ivan del Campok (zine zuzendaria), Kattalin Minerrek (Queer teoriaren jarraitzailea),  Ines Osinagak (GOSE taldeko abeslaria), Edorta Jimenezek (idazlea) eta  Jon Aranok  (komikilaria).

Hainbat adierazpen artistikotan jarduten duten euskal sortzaileek, bakoitzak bere esparruan erotismoak zer leku daukan hausnartu eta konpartituko dute, beraz, aurtengo Liburu eta Disko Azokak iraung duen bost egunetan, eta, gainera, kurduen kultura ezagutzeko aukera ere izango dugu. 

Argizaiola 2010, Imanol Urbieta musikari zarauztarrarentzat

Euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiten duena goraipatu eta eskertzeko helburuagaz eskaintzen du Argizaiola omen-saria Gerediaga elkarteak Azoka egunetan. Aurten, Imanol Urbieta (Zarautz, 1934) musikari eta musika irakasleak jasoko du saria. Abenduaren 4an, 20:30ean, Durangoko San Agustinen egingo duten ‘Gauean argi’ ekitaldian emango dio Gerediaga elkarteak saria Urbietari. Durangoko Atarte kultur elkarteak diseinatu du aurten, gainera, omenaldi ekitaldia.

San Agustingo ekitaldikoaz gainera, “omenaldi digitala” ere jasoko du Urbietak: imanolurbieta.blogspot.com blogean eskuragarri ipini dituzte haren ekarpenak, zabaldu eta gura duen guztiarentzako eskuragarri izateko. Bereziki Durangoko Azokarako sortu da Interneteko aipatu lekua, baina, gerora ere, Imanol Urbietari buruzko informazioaren gune izango da.

Hamabost-hamasei urtegaz hasi zen Zarauzko Musika Plazan jaio zen Urbieta bere kantak sortu eta pianoagaz jotzen. Ordutik, besteak beste, Ez Dok Amairu taldean parte hartu zuen 60ko hamarkadan –musika moldaketak egin zituen–, eta orduko hainbat abeslari bere musikagaz lagundu zituen: umeei zuzendurikoak eta herri kanta bilakatutako asko sortu ditu, eta hezkuntza munduan ere kanten bitartez irakasteko eredua sortu du.

Bizi guztia musikak inguratuta eta jendartea musikara gertuarazteko bideen bila eman du Urbietak.

MzgwOA==

 


Irudia | Gaur eguerdian egin dute aurkezpena | Kepa Aginako | LGPL
Irudia | Imanol Urbieta | Gerediaga elkartea | LGPL

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

8 pentsamendu “Erotismoa ardatz eta Kurdistan herrialde gonbidatu Azokan”-ri buruz

  • Galder Gonzalez 2010-11-18 15:58

    Aurkezpen horretan erotikoa den bakarra atzeko tximinia horren itxura falikoa baino ez da…

  • Gotzon Barandiaran 2010-11-18 20:17

    Aupa Joseba

    AHOTSENEAk abenduaren 4tik 8ra zabalduko ditu ateak, goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:00etara, etenik gabe, ordu erditik ordu erdira, euskarazko liburu zein diska bat aurkeztuko dugu. Orotara 76 aurkezpen izango dira eta gutxi gora behera, 250 bat euskal sortzailek hartuko dute parte. Aurkezpenak era askotara burutuko ditugu: aurkezpenak, solasaldiak, errezitaldiak, irakurtaldiak, bideoz lagundutako azalpenak, zuzeneko musika emankizunak…

    Geure kulturari ere eman diezaiogun duen garrantzia

  • Kaiso. Ahora que Zuzeu/Tumismo ha suavizado las condiciones de uso y nos brinda la oportunidad de expresarnos en la otra lengua oficial (ver comentarios del video de Iñaki Perurena) aprovecho para enviar un saludo a los organizadores de la Feria de Durango y les animo a que sigan fomentando la Cultura Vasca (no sólo euskaldun)

  • Durangoko azokak, aspaldi utzi zion euskarazko produktuen -areago liburu eta diskoen- azoka izateari.
    Euskarazko sorkuntzak Durango behar du, eta azoka gehiago, plaza gehiago… baina lasai egon zaitezke @Yomismo.
    Besterik da, Zuzeu honetan edozer idaztea, eta edozelan.
    Nik neuk, euskarazko Zuzeu gura nuke, yomismoek badituztelako nahi adina plaza, gune, blog eta bestelako libre adierazteko, espainolez nahi beste gauza eta kontu esateko.

  • Gari Garaialde 2010-11-19 16:53

    @Yomismoren iruzkina, Perurenaren sarrerak izan dituen gaztelerazko erantzunen inguruan egindako ironiazko komentario bat dela iruditzen zait, Patxiren ildo bera defentatu nahiko lukelarik, edo
    106 Iruzkinetatik 18 izan dira gazteleraz, 2 katalanez eta 2 erdia gazteleraz eta erdia euskeraz …(gaztelerazko batzuek @yomismo berarenak dira)

  • Ez dakit goiko Yomismo eta Iñakiren iruzkinetako Yo Mismo igualak izango diren (izena desberdin idazten dute), baina hemengoaren ironiak ez luke zentzurik han gaztelaniaz idatzi izan balu.

    Ironiak gabe nik: zergatik onartzen ditu Zuzeuk gaztelaniazko iruzkinak?

  • Fenomeno berria da, nola jokatu ez geneukan aurrez pentsatua… Senez ari gara, hau ez da erredakzio handia duen hedabidea, hemen ahal duguna baizik ez duguna egiten… Gainera, egia esatera, ilusioa egin digu hainbat iruzkin gaztelaniaz eta, batez ere, katalanez ikusteak, horixe egia. Jendetasunen diren bitartean, eta desproportziorik sortzen ez badute euskararen erabileran….
    Zer egin behar genuke: kendu? 350.000 bisitatik gora daroan Perurenaren bideoa eta beste hainbat kendu behar genuke, ez daudelako euskaraz, halakorik ez jarri, ez zuri erakutsi beste hizkuntzetan dagoenik, Saltsa, beste hedabideetako estekak ere ez ekarri nahiz eta geure interesekoak izan…. Gure eredua argia da: ZuZeun euskaldunak gara, baina ez zozoak, euskaldunok osatzen dugu hemengo tribua eta euskaldunontzat ari garelakoan dihardugu lanean. Euskaldunok, ordea, beste batzuek ez bezala, hizkuntza gehiago dakizkigu zorionez. Zer egin, beraz, itsuarena? Agian bai, hori izango da zure ustezko bidea, Saltsa. Hainbeste traba egiten badizu ulertzen duzun beste hizkuntzetan egiten dena ikusteak, hala baldin bada benetan, zeuk egin NINEU bat zeure modura, euskara hutsean eta zeuri bakarrik atsegin zaizun bezala, geuk emango dizugu ZUZEU honen tripetakoa, eta ondo joan dagizula. Benetan.

  • Bi kontu oso desberdin nahastu dituzue erantzunean, eta horrekin aitzakia merke bat eraiki. Gaztelaniazko iruzkinez galdetu dizuet nik, horiek onartzea ez baitzait ondo iruditzen; nik ez dizuet kargu hartu erdarazko bideoak eta estekak jartzeagatik, hori zilegi ikusten dut eta. Ni ere euskalduna naiz, ez nuke zozoa izan nahi, baina euskara ardatz duen komunitate honetan iruzkin erdaldunak ikusteak begiko mina ematen dit, bai. Hedabide txikia ala handia izan, irizpideak argi izatea da kontua, eta iraingarriak diren iruzkinekin jokatzen duzuen bezalaxe egingo nuke nik gaztelaniazkoekin. “No sé euskera” eta gero dena libre? Ate hori zabaldu eta gero, jende gehiago lortuko duzue beharbada, paparra puztuko zaizue… eta gero zer? Itxi nahi eta ezin, agian.