Erakustaldi bat bestearen atzetik

Erakustaldi bat bestearen atzetik

Musika berbera entzuten eta telesail berdinak ikusten ei dira egun, Rion zein Elorrion. Horrela ulertu diogu Danel Agirreri Gipuzkoako Hitzan; globalizazioak bizi gaitu, eta aisialdiak berdindu.

Erakustaldi bat bestearen atzetikSofako bermutak errematatzen ari ginela, erlojua erabiltzen hasi zen Santi musika kontrolatzeko. Pantailaren ezkerraldea ukitu, eta apaleko bozgorailu txikiak obeditzen zion. Eskuinean sakatuta, azpialdeko subwoofer-aren dardara areagotzen zen. Alboko gurpiltxoa jiratu, eta Spotifyk hurrengo abestira egiten zuen salto. Segidan bere erakustaldi teknikoari buruz galdekatuko nuela esperoko zuen adiskideak, baina nire jakin-mina entzuten ari ginenak piztu zuen halere.

Urkullu lehendakaria garbigailu baten eskuliburua irakurtzen entzuteak eragingo lidakeen eszitazio berbera eragiten zidaten kantek: zero biribila. Hain doinu zaporegabeen egileaz itaundu, eta ideiarik ez zuela erantzun zidan Santik. Spotifyk berak aurrez prestatutako Larunbata lagunekin zerrenda eskaini omen zion erlojuak, eta balekotzat jo zuen berak. Milioika talde eta diskoren artean hautatu beharrak itolarria eragiten ziola kontatu zidan, eta nahiago zuela erantzukizuna algoritmo baten eskuetan laga. Ekimen arriskutsua iruditu zitzaidan bere belarrientzat, baina isilik geratu nintzen, belarrientzat ekimen are arriskutsuagoak badaudelako. Musika hautatzearen erantzukizuna Gaztearen eskuetan lagatzea, adibidez.

Mozkortzeko juntadizorik aspaldi egin gabeak ginela gogorarazi zidan Santik. Aurreikusteko moduko kexa zen hura, eta buruz ikasita neukan aitzakia merkeen errepertorioa ateratzeko prestatu nintzen berehala. Errua berea zela aldarrikatu eta barkamena eskatuz harritu ninduen, ordea, berak. Charlie beagle maitagarria adoptatu zuenetik, “asteburuak esklusiban txakurrarentzat eta Netflixentzat” omen dira. Sabaiko proiektorea seinalatu zuen orduan Santik. Uste dudan baino merkeagoa dela argitu zidan, horrelako traste batek zenbat balio dezakeen ez dakidala zuzen igarrita.

Segidan bere erakustaldi ekonomikoari buruz galdekatuko nuela esperoko zuen adiskideak, baina nire jakin-mina proiektoreak proiektatzen duenak piztu zuen halere. Netflixen algoritmoa Spotifyrena baino hobea izatea espero nuela botata xaxatu nuen. Kiroltasunez hartu zuen zirto kaskarra, eta huts egin gabe ikusi behar ditudan serieen zerrenda osatu zidan. Breaking Bad, House of Cards, Narcos… Zerrenda susmagarria iruditzen zitzaidala esanez moztu nuen, aurreko astean beste lagun batek berberak gomendatu zizkidalako. Kaliforniako eraikinen batetik bere aisialdia programatzen ari direla pentsatu nuen. Baina isilik geratu nintzen, Kaliforniako eraikinen batetik norberaren aisialdia programatzea baino zorigaizto ilunagoak badaudelako. Norberaren aisialdia mendi maratoietan igarotzea, adibidez.

Bourbona atera zuenean, talde kutunen diskoak erosten jarraitzen dudala esplikatu nion Santiri. Serierik ez dudala jarraitzen, baina gutxienez astean behin auzoko zinemara joaten naizela; etortzeko esan nion, badagoela txakurrarekin aretora sartzea. Bourbonarekin oilartu, eta kultura bezalako premia-premiazko lehengai baten kudeaketa Spotify eta Netflix bezalako bitartekari aberatsengan delegatzea hondamendia zela gaineratu nion gero.

Segidan, nire erakustaldi aurrerakoiari —esnobari— buruz galdekatuko ninduela espero nuen nik. Etxera etorri zen azkenekoan nire diskoak ez zitzaizkiola batere gustatu aitortuta kontraerasoa egin zidan, ordea, Santik. Zinemako kartelerarekin gustu hain kaskarra ez izatea espero zuela esanez, bourbona ezkutatu zidan. Hondoratu egin ninduen.

Erakustaldi bat bestearen atzetik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.