Bertso txapelketa: epeletik gora

Bukatu da finalerdietako lehen itzulia, eta sorpresa negatiboak eta positiboak utzi ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak.

Boteprontoan, eta analisi sakonik gabe, hauxe aipatuko nukeena.

1) Miren Amurizaren salbuespena kenduta, Fredi Paiak Berriako bere artikuluan aipatu zuen Bizkaiko bertsolarien aldeko paradigma aldaket ez da gertatu. Gipuzkoarrak nagusi dira, gehiengoan.

2) Iturriaga eta Elortzaren puntu kopuru urria. Erakutsitakoa baino maila handiagoa dute, biek ala biek, eta bigarren itzuliko saioetan erakustea espero dut.

3) Paia anaien sorpresa. Finalerdien bigarren itzulira behintzat pasatuko zirela espero nuen. Xabi 3 punturengatik geratu da kanpoan.

4) “Ezezagunen” iraultza. Julio Soto, Jone Uria… eta batez ere Miren Amurizarena. Lehen Txapelketa nagusia izanda, maila handia erakutsi dutelako.

5) Maialen Lujanbio. Garan, atzo, bertsolari bakoitzak beretik kantatzen zuela aipatzen zen. Maialenek bertsokera propioa dauka. Eta bertsokera berritzeko ahalegina egiten du beti.

6) Iker Zubeldia. Maialenek bertsokera propioa baldin badauka, beste estilo batekoa da Iker Zubeldia. Tolosako saioan, zerbait ezberdina egiten saiatu zen, bertsoen tonuan eta umorean. Epaimahaiak behar bezala baloratu ote du, txapelketan ohikoa den estilo eta tonutik irtetetiko ahalegin hori?

7) Bost postu finalerako. 700 puntutik gora lortu dituztenek, deskalabru handirik ezean, hanka bat BECen dute. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, oker handirik ez bada, han izango dira. Baina beste bost postuetarako lehia bizia egongo da.

8) Epaimahaia. Saiotik saiora puntuazioetan alde nabarmenak egon ote diren aipatzen zen larunbateko saiotik etxerakoan. Saio batzuetan goitik eta larunbatean batez ere behetik jardun zirela eta ia hori nola orekatuko den. Aitor Sarriegik Uxue Alberdik baino hobeto kantatu al zuen? Eta Igor Elortzak Onintza Enbeitak baino okerrago?

9) Teknologia. Gutxienean harrigarria da EITBk finalerdietako saioak bere irratietan ez eskaintzea (ETB3 edota EITB irratia horrelako aukeretarako izanda). Info7 eta bertsoa.com-en bidez jarraitu nuen atzoko saioa, eta plazer bat izan da, Hendaian izan gabe, etxetik bertatik bertsoan entzun ahal izatea.

10) Ikusentzuleak. Tentsio eta urduritasunik ez da falta izan, baina jaiak izan dira finalerdietako saioak.