Ematutua behar da!

images-11.jpg
Oraiko sarrera honekin badakit zuetako erdia baino gehiago, gutxienez, haserretu egingo zaretela nirekin, ez baitago leku handiegirik gauzak ñabarduraz agertzeko. Soka luzea ekarriko dit honek, gainera. Baina nago, honako konstatazioa esateko, ematutua eta potroak behar direla, biak batera: Oraindik ez zaio emakume artista bakar bati ere aitortu mugimendu edo korronte artistiko baten aitzindari izatea eta jarraitzaileak edukitzea. Ez dut uste Lourdes Méndez, artearen antropologoa ezagutzen dudanik, baina horko esaldi hori, Artearen Historia osoa hankazgoratzeko gai balitz bezala erabiltzea ez zait begitantzen zilegi. Ez dut nik ukatuko emakumea ez denik egon bazterturik plastikaren historian (eta literaturan, eta beste hainbat alorretan), eta eginahalak egin behar direla horri aurre egiteko, baina oraintxe daukat ene aparatu sexuala gainezka (ene kasuan —operatu artean, bederen—, koskabiloetaraino esan nahi da, baten bati txarto iruditu arren), halako eta antzeko kontuekin. Oroitzen naiz behin bost idazleri buruzko liburu bat idatzi nuela. Irakurlea naiz eta neure gustu xumeak nahi nituen adierazi, ez besterik. Berehala etorri zitzaizkidan bi idazle (eme) esanez bost haien artean ez zegoela emakumerik. Eta ez zegoen, egia da hori. Ez zegoen ez eta ere Iparraldekorik, Nafarroakorik, Arabakorik, herrenik, anteojodunik, beltzik eta, nik dakidala, transexualik. Egia da bostak zirela gizonezko —itxura batean, behintzat—, nahiz eta ez nituen gizon zirelako hautatu. (Mea culpa, irakurlearen egiari men egin eta politikoki ez zuzena izategatik). Hala ba, nahi gabetan eman nion aukera lan sexista egin zezan plagiatzaile (eme) dorpe bati, haren liburuan agertzen direnak bai baitaude denak bertan emakume direlako, sortzaile edo idazle on izatearen aurretik. Ikasi dut, halaber, denborarekin zu emakume-idazlea zara galdera txotxolo hori ez egiten, nahiz eta asaldatutako idazle emezko beroiek biltzen diren gero Gutiziak bezalako liburuak egiteko, edota emakume-idazleak izatearen malurei buruzko hitzaldietan gai horrexetaz hitz egin eta sos batzuk ateratzeko. Bejondeiela kontraesanaren zoriona. Gasteizko Montehermoso zentruko zuzendari Arakis ezagututa, (“Arcon zerbait balio duen artista bakarra Ana Laura Aláez da”, etc) ulertzen dut, halaber, Artea eta Feminismoaren inguruko hitzaldietan Lourdes Méndezen esanei leku egitea, baina gauza bat da egoera baten azpian egon daitezkeen arrazoi soziopolitikoak aztertzea eta bestea, oso ezberdina, ebidentzia ukatzea. Nik dakidala —eta barkatu konparaketa hain maskulinoa—, futboleko Espainiako Ligako Lehen Mailan ere, ez du inongo emakumek golik sartu sekula. Azter dezagun horren zergatia eta bidegabekeria, hala nahi baldin bada, eta jar diezaiogun erremedioa, baldin badakigu nola, baina ez dezagun uka orain arteko golak sartu dituztenak gizonezkoak izan direnik, gezurra litzateke eta. Ez ditzagun nahasi antzarak eta ferrak.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “Ematutua behar da!”-ri buruz

  • Pentsatzeko ematen duen artikulua, eskerrik asko H. Aizu, esaldi hori “(“Arcon zerbait balio duen artista bakarra Ana Laura Aláez da”) ez da ageri Berriako elkarrizketan. Mendezena da? Hitzaldian bertan entzun zenion Mendezi? Arakisena da? ez dut ondo ulertu hori.

  • Arakisek neuri esandakoa da, ARCOn topo egin genuen batean. Niretzat gehitxo izan zen esaldi hori, Arakis bezalako curator baten obsesioak erakusten zituena: generoa, exhibizionismoa, banitatea… Besterik ez zegoen ARCOn antza, nahiz eta milaka artistaren lanak erakusten ziren han.

  • Kaixo Hasier,

    Kuriosoa. Erdaldunek euskal idazleei buruz erabiltzen dituzten argudio mota berberak darabiltzazu. “Bost idazleen liburuan agertzen direnak bai baitaude denak euskal idazle direlako, sortzaile edo idazle on izatearen aurretik.” Ezaguna?

  • Pentsa gu ere noraino gauden exisistzen ez garen mundu honetan. Beno, mundua esan dut, baina azkenean eredua da eta orain indarrean dagoen eredu honek nekez eramango gaitu berdintasunera; botere-harremanen arazoa da, ez gaitezen engainatu. Eredu horren arabera neurtzen da zer den ona, aitzindaria,… eta horren arabera, emakumeak jokoz kanpo gaude une honetan. Potentzialtasun handia dugu, dudarik ez izan, baina horretarako mundua begiratzeko betaurrekoak aldatu behar dira.

  • Arrazoi duzu, Itziar: betaurrekoak aldatu behar dira. Egia da, halaber, potentzialtasun handia dagoela emakumeengan, eta ez hori bakrrik: niri neuri gaur gehien interesatzen zaidan artisten arteko bat, esaterako, Louise Bourgeoise da, eta gureen artean interesgarri egiten zaizkit, esaterako, argazkiko Itziar Okarizen zenbait lan eta Maider Lópezen asko ere bai. Baina kontua da, aztertzerakoan zergatik ez dagoen emakume-artista errekonozitu gehiago, ez genukeela kortxozko betaurrekorik jantzi behar. eta Goya edo Picassoren lanak ezingo ditugu ba mespretxatu emakume ez zirelako. Arazo historiko eta soziologiko ebidenteak aztertzeak (eta zuzentzeak), ez gintuzke eraman behar itsutzeraino. Bataz jabetzeak ez dakar derrigorrez bestea. Horixe baizik ez nuen esan nahi neure idatzian.

  • Oharra: Lehenbiziko aldiz bi iruzkin kendu egin ditut hemendik, bata Jurgirena eta bestea nirea hari erantzunez. Elkarri min egitekoak ziren biak, eta ezer gutxi ekartzen zioten gaiari. Horregatik.
    Hala ere argitu nahi dut, Jurgik bere iruzkineko kakotx artean niri egozten dizkidan horiek, ez zutela kakotxen batere beharrik, nik ez baitut esan edo idatzi sekula halakorik, bost idazle haiek —nire iritzian betiere—, sortzaile on eta idazle bikain zirelako hautatu bainituen. Eta ez horregatik bakarrik: irakurle honen intereserako, eurei bostei entzun-irakurri dizkiedalako hitzaldi eta eztabaidarik erakargarrienak. Egia esan, irakurtzearen gozamenaren aldetik bakarrik begiratu izan banio kontuari, agian beste bat zatekeen boskotea, bai baititut irakurgai gustukoagoak. Baina bata eta beste kontutan harturik, huraxe irten zitzaidan boskotea. Horregatik egiten dit grazia ikaragarria, Volgako Batelariek eta, nola darabilten “Etxeberriaren kanona” kontzeptua, Etxeberriak ez zuenean halako helbururik batere eta uste duenean, halako zerbait egitekotan, beste nonbaitetik beharko duela etorri irakurle soil baten kapritxotik baino —Unibertsitateik edo—, bera ez baita gauza eta ez baita nor halako ezer serioski proposatzen ibiltzeko. Eta ez dakit, Jurgi, erdaldunen moduan pentsatuko dudan ala ez, baina zin dagizut nik egin nahi nizkien galderei erantzuteko, munduan ez zegoela jende egokiagorik, galderak ere umetatik euren ibilbideari begira egoteari esker sortu baitzitzaizkidan. Nekez aurkituko duzu erantzule hoberik galdera sortu dizuna bera baino. Hori eskertzen diet nik, batez ere, artista handiei: galderak ernaraztea. Izan euskaldun ala izan Txipreko.

  • Jurgi Kintana Goiriena 2008-03-01 18:18

    Kaixo Hasier,

    Zure bloga da eta nahi duzuna egin dezakezu, jakina. Ezabatu berri duzun zure erantzunak, ordea, niri ez dit minik egin, eta nigatik berriro jar dezakezu lasai asko. Halaber ez da nire asmoa izan zu mintzea, baizik oso polita iruditu ez zaidan zure argudiabide bat kritikatu nahi nuen (ideia zen nire helburua, ez pertsona). Izatez zintzotasun intelektualagatik eskertuko nizuke zure erantzuna berriro jarriko bazenu, irakurleak libreki eta zentsurarik gabe bere interpretazioa egin dezan.

    Bestalde diozu nire iritzi bat ere kendu egin duzula, baina une honetan nik hor ikusten dut (eta eskertzen dizut bertan mantentzea). Nolanahi ere arraro geratzen da ez baita ageri zure zein mezuri erantzuten dion.

    Kakotxen kontuarekin insistitu egiten duzunez azaldu egingo dut: badakit ez duzula zuk esan nik kakotxen artean jarri dudan esaldia, eta uste dut mezu zerrenda irakurtzen duen edonor ohartuko dela horretaz. Soilik zure esamolde bat hartu nahi nuen eta beste kasu bati aplikatu, erakusteko zazpi idazle liburua kritikatzeko baliatzen duzun logika zure liburuaren kontra itzul litekeela. Eta hori egiten ari nintzela adierazteko, alegia zure arrazoibide bat nerabilela nabarmentzeko, kakotxak erabili ditut, letra etzanak erabil nitzakeen bezala. Uste nuen eta uste dut irakurlea aisa ohartuko zela.

  • Jurgi, zure iruzkina zeuk sartutako leku berean dago.

  • Barka atrebentzia, Konatxe jauna, baina uste dut zuk nahastu dituzula antzarak eta ferrak. Ez dakit zergatik eragiten dizun hazkura honako esaldiak:

    “Oraindik ez zaio emakume artista bakar bati ere aitortu mugimendu edo korronte artistiko baten aitzindari izatea eta jarraitzaileak edukitzea.”

    Gezurra al da? Hala bada, hasi izen ezagunak esaten, mesedez.

    Tira, horraino antzarak.

    “Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan” liburu harekin gertatu zitzaizuna beste kontu bat iruditzen zait. Noski, eskubide osoa zenuen zuk nahi zenituen idazleak aukeratzeko. Errespetagarria iruditzen zait. Nik, behintzat, ez daukat horrekin arazorik.

    “Plagiatzaile” eta “dorpe”, ezarri dituzun kalifikatiboek, ordea, hazkura eragiten didate niri. Horiek bai ferrak.

    P.S: Ni ere ez naiz zure kontra ari.

  • Arrazoi duzu, Emea jauna edo anderea, esaldi horrek ez lidake eman beharko azkurarik eta, egia esan ez dit ematen batere, ebidentzia borobil bat baita berez. Kontua, ordea, zein testuingurutan esaten den eta zein helbururekin da. Horretarako daukazu aukeran Méndezen elkarrizketa osorik irakurtzeko. Ematen du Méndezek hankazgoratu egin nahi duela Artearen Historia, ez delako egon tartean emakume askorik. Horrelako gauza bat tristea eta bidegabea izanik (eta aztertu eta konpondu egin beharko litzateke), ez zait iruditzen egokia denik erabili den bezala erabiltzea, eta halaxe adierazi nahi nuen, nahiz eta badirudien ez dudala ondo esaten asmatu. Bestalde bost idazleena, ezpal berekoa da nire ustez, zenbaitentzat okerreko hautua baita egin nuena, soilik tartean ez zelako emakumezkorik. Bi (edo hiru) termino zakar horien erabileraz, ostera, esan nahi dizut oso konstzienteki botatakoak direla, ez bainaiz ni izan gerra hori hasi duena eta iruditzen baitzait blog pertsonal bat ez dela leku hain aldrebes eta esajeratua jasotako zaplastadei erantzuten hasteko.