Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Luistxo Fernandezek Eibar.org komunitateko Ingelesen Hilerria blogean idatzia.

Filmak gehitzen jardun azpitituluak.com-era eta, bueno, irudi batekin hornitu beharko dut… Pentsatu barik sei kartel hartu, eta seietan, gizonezkoak protagonista. Emakumezkoen ikus-ezintasunarena ez da mitoa.

Denbora libreko nire hobby nagusia Azpitituluak.com hornitzen jardutea da. Tarteka nik azpidazten ditut gauzak, baina azken aldi honetan Jaurlaritzaren bidez euskaratu ziren hainbat filmen azpidatziak ber-sinkronizatzen eta dokumentatzen jarduten dut.

Multzoka prestatzen ditut Jaurlaritzak subentzionatzen dituenak, eta igotzen ditut Azpitituluak.com-era. Halako azken sorta, 50 filmekoa, duela egun batzuk kargatu nuen, albistetxo honekin. Eta ilustratzeko, sorta horretako 6 filmen irudia atera nuen.

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Asko pentsatu gabe atera nuen pantaila-irudia… Eta gero konturatu naiz. Denak gizonezkoak dira. Amatxo/Mommy izeneko pelikulan ere mutil bat ageri da!

Baina errepasatu film guztien irudiak eta, nire pantaila-irudia baino hoberik egiterik ba ote dago? 50 film hartu, gutxi gora-behera ausaz, azken bi urteetako produkzio komertzialetik, eta ematen duten irudia guztiz guztiz maskulinoa da. (irudi honetan, gainbegirada bat, sorta horretako poster gehienena)

Emakumeak agertzen direnetan, gizonezkoaren ondoan da gehienetan. Hor dugu Diane Keaton, nolabait kondenatua aktore zaharren “neskalagun” aldakor izatera, kasu honetan Michael Douglas-ekin…

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Eta emakumezkoak bakarrik agertzen direnean, ba… Maitagarriak, mojen istorio bat (bere meritua izan dezakeena, baina ez dakit), eta Amelia Barquinek bere estereotipo jasangaitzengatik salatu zuen How to be Single.

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Azkenean… ba nolabait salbatzen dira bi irudi hauek, akaso. Emakumezko polizien istorio bat, eta harreman poliandriko baten ingurukoa izan daitekeen (ez dut ikusi) Effie Gray delakoa.

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Ez dakit lagin grafiko hau ezeren adierazgarri den, baina susmoa dut baietz. Emakumezko zuzendarien falta, rol femenino ganorazkoen eskasia… Zinezalea naiz, eta uste dut horri ere arreta gehiago jarri behar diodala. Akaso zaila dela Jaurlaritzaren multzotik ekartzen ditudan filmekin hori egitea, baina nik euskaratu beharrekoetan… tira, betaurreko moreak ere jartzea komeni daitekeela. “Kostatu zaizu konturatzea”, esaten badit inork, onartuko dut kritika.

Emakumezkoen ikus ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.