Elkarrizketa: Anjel Lertxundi eta liburu elektronikoak

Anjel LertxundiAnjel Lertxundiren azken lanaren  (“Etxeko hautsa”, Alberdania)  bertsio digitala gurera iritsi dela eta,   aukera paregabea aprobetxatu nahi izan dugu, liburu elektronikoei buruz dituen eritzi eta gogoetak ezagutzeko. Hemendik ere, bereziki eskertu nahi diogu elkarrizketa honi eskeinitako denbora eta arduragatik.

 

Gurebook.-IRAKURTZEN AL DUZU DIGITALEAN? HALA BADA, ZEIN ABANTAILA IKUSTEN DIZKIOZU? ZE IRAKURGAILU ERABILTZEN DUZU? PAPEREZKOAREKIN KONPARATUTA, SENTSAZIOAK BERETSUAK AL DIRA?

Anjel Lertxundi.- Sony Reader bat daukat, eta digitalean gehien irakurtzen dudana, lanerako materiala da: gidoiak, bileretarako materiala eta horrelakoak. Digitalean irakurtzen ditut aldian behin irakurtzeko pasatzen dizkidaten liburuen orijinalak ere. Dezenteko abantaila da horrela lan egin ahal izatea. Paperezko materialarekin alderatuta, praktikotasun handikoa egiten zait material digitala: eraman eta erabil erraza, ekologikoa, eta abar… Ohitu egin behar, horixe da auzi nagusia.

Literaturari dagokionez, egin ditudan ahalegin apurrak klasikoekin izan da. Orain hilabete doi, Tolstoiren Egunkariaren parte handi bat irakurri nuen horrela, Tenerifen egin nuen egonalditxo batean. Baina gehiago kostatzen zait, askoz ere gehiago. Bizitza osoan paperarekin ohituta, zaila egiten zait ohitzea. Bai irakurtzeko eta baita nire pasio handiena bideratzeko ere: albo-markak, azpimarrak, paperezkoetan testuaren in margine idazten ditudan oharrak eta hausnarrak…

Gurebook.-IRAKURGAILUETAN IRAKURTZEN DUEN JENDEA EZAGUTZEN AL DUZU? LIBURUAREN INDUSTRIAN  MURGILTZEN DENA AL DA ALA BESTELAKOA?

Anjel Lertxundi.-Ez, ez dut jende askorik ezagutzen. Eta ezagutzen dudan apurra, irakurketa digitala bileretarako erabiltzen duena da.

Gurebook.- HURBILEKO JENDEAREKIN, FAMILIA, LAGUNAK…HITZEGITEN AL DUZU GAI HONI BURUZ?

Anjel Lertxundi.-Ez, apenas…

Gurebook.- PAPEREZKOA ETA DIGITALA ELKARREKIN BIZI AHAL IZANGO DUTELA  ESATEN DUTEN HORIETAKO BAT AL ZARA?

Anjel Lertxundi.-Paperezkoa ez da desagertuko, oraingoz behintzat. Euskarria, liburua, berdina da baita Guttenberg-ek inprenta asmatu aurretik ere. Trepeta digitalak, berriz, urtetik urtera ari dira aldatzen, gaur sekulako abantailak eskaintzen dituen euskarria bihar goizean atzeratuta dago, eta horrek lauso samar jartzen du etorkizuna. Liburuan, batera doaz euskarria eta edukia. Digitalean, bi produktu desberdin dira biak. Zer, edukiez gainera, etengabe trepeta berriak erosten jardun behar dut?, da neure buruari egiten diodan galdera. Euskarri berriek onartuko dute herenegun nire Sonyrako erosi nuen Tolstoiren liburua? Euskarri berriek ez dituzte edukien formatu berriak eskatuko?

Nolanahi ere, paperezkoak eta digitalak elkarrekin bizi behar izango dute denbora luzean…

Gurebook.-ZEREN BELDUR DIRA IDAZLE BATZUK GAI HONEN INGURUAN? ETA ARGITALETXEAK?

Anjel Lertxundi.-Ez dakit. Imajinatzen dut beldur handiena merkantila dela, hitzaren zentzurik onenean. Nola kobratu lana, nola bideratu lan baten mozkinak? Irudipena dut liburu digitalaren inguruan dauden beldurrek zerikusi handia dutela sareak oro har sortzen dituen beldurrekin: egunkari eta albistegi digitalek antzeko kezkak islatzen dituzte.

Gurebook.- AUTOEDIZIOA IRTENBIDE BALIAGARRIA IRUDITZEN AL ZAIZU GAUR EGUN?

Anjel Lertxundi.-Autoedizioak badu baliagarritasunik, egia da, baina autoedizioa ez da soluzioa, ez dago arazoaren panazea bat eta bakarrik. Adibide bat jartzeko: bizkarra ondo babestuta daukanaren autoedizioari buruzko iritzia eta idaztetik bizi denarena nekez izango dira berdinak.

Gurebook.-DRM-AREKIN (DIGITAL RIGHTS MANAGEMENT) LIBURUAK BABESTEA ZILEGI IRUDITZEN AL ZAIZU?

Anjel Lertxundi.-Ez dakit sistema egokiena DRMa den, baina dakidana da babesen bat behar dela. Paperezko liburugintzan ere badaude edizio piratak. Beti egon dira. Baina piratak dira. Norbaiten lanaren bizkar bazkatzen direnak. Ez legezkoak ez gizalegezkoak.

Dena libre esateak ederra ematen du… baina norbaiten bizkar lortzen dena, ez da guztiz libre. Ez dago sistema guztiz justu orekaturik, egia da. Ez da sekula egon. Baina ahalik justuena bilatu beharko da: muturretako planteamenduak (dena libre/dena lotuta) ez dira sekula justu orekatuak izaten.

Gurebook.- EUSKAL LIBURUGINTZA ELEKTRONIKOA SAREAN IKUSGAI JARTZEKO TRESNA APROPOSA IRUDITZEN AL ZAIZU GUREBOOK,  DENDA ERRALDOIEN AURREAN (AMAZON…)?

Anjel Lertxundi.-Bai. Uste dut hor egon beharra dagoela, garrantzitsuak direla bide horretatik datozen iniziatibak. Ezin dugu sareak —gure zortzigarren probintziak— eskaintzen digun pagotxa baztertu.

Gurebook.- BAT AL ZATOZ LIBURU ELEKTRONIKOAK IRAKURLE BERRIAK EKARRIKO DITUELA ESATEN DUTENEKIN?

Anjel Lertxundi.-Munduak asko aldatu beharko du horrela gerta dadin. Baina… Baina ohartzen al gara mundua zenbat aldatu den azken hamar urteotan, sarea gure etxe gehienetan sartu denetik? Beraz, nahiago dut zuhurra izan pronostikoekin…

Gurebook.-ZER ESANGO ZENIEKE , ZURE AZKEN LIBURUA,  “LOS TRAPOS SUCIOS” / “ETXEKO HAUTSA” (ALBERDANIA) GARESTIA DELA  ESATEN DUTENEI  (12,95 € / 12,60€ )?

Anjel Lertxundi.-Garestia, norentzat, liburuaren zirkuituko zein sektorerentzat? Sektore bakoitzeko denentzat? Zein parametroren arabera? Zer esan liburuen prezioaz, kontsumoko beste produktuekin alderatuz gero? Joaquín Sorollak Eta gero esango dute arraina garestia dela koadro ezaguna pintatu zuenean, arrantzaleen aldeko begiramena zegoen planteamenduaren atzean. Sorollak arraina zioen tokian liburua jartzeak ere agian eragin dezake idazleenganako begiramen pixka bat… Bezeroak egiten ez duen sakrifizioa eskatzen zaio, sarritan, sortzaileari

Eta begira bitxikeriatxo bat: nire azken liburuaren gaztelaniazko edizioa euskarazkoa baino garestiagoa da. Motiboa: gaztelaniazko itzulpenaren kostua erantsi zaio

irakurgailuak, liburu elektronikoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude