Elhuyar Fundazioak eta DIPCk bideo amateurren ON ZIENTZIA lehiaketa jarri dute abian, hirugarrenez

P0107-on-zientzia-abianElhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta, eman zaio hasiera zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako bideo amateurren III. ON ZIENTZIA lehiaketari. Lehiaketa hau Teknopolis telebista-saioaren barruan antolatua da, eta bideorik onenak telebista-saio horretan ikusteko aukera izango da. Sari hauek jasoko dituzte lehenengo hiru sailkatuek: 3.000 € lehenengo sailkatuak, 1.500 € bigarrenak eta 1.500 € euskarazko bideo onenak.

Edonork har dezake parte lehiaketa honetan, eta bideoen gaia librea da: norberaren edo besteren ikerketak, eztabaidak, zientziaren mugarriak, oinarrizko kontzeptuak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia, bitxikeriak… Bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izango dute, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira. Helburua, publiko-mota guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da.

Epaimahaia zientziaren, teknologiaren, komunikazioaren eta zinemaren munduko bost lagunek osatuko dute. Lehiaketaren oinarriak, izena emateko orria eta aurreko urteetako bideoak www.onzientzia.tv webgunean daude ikusgai.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude