Eleberriak eta gazteluak

Adin batera iritsitakoan iruditzen zaizu Alzeihmerraren gaitzak jota zaudela: aipatu nahi duzun pertsona, leku edo gauza oso ezagun horren argazkia daukazu buruan, argi eta garbi, baina inondik ere ez zaizu etortzen haren izena ezpainetara. Galduta nago!, pentsatzen duzu orduan, eta sekretupean gordetzen duzu gertaera intimoa, ixiltasunaren kotoi mutuetan bilduta, ohartu arte ez zarela bakarra antzera dabilena, zeure adinkideak ez daudela oso urruti zugandik halako gertaeretan.

Eleberriak eta gazteluak

Alabaina, ez daukazu kontsolamendurik inon, ez baitzaizu erabat uxatzen burutik bertan barruan bizitzen jarri zaizun espantuaren harra eta haren etengabeko kantu zantarra: gureak egin du, ez gara sekula egongo gaur baino hobeto, etc. etc.

Bai, jakin badakizu zer egin eta nola jokatu:  carpe diem, jakina, baina egiazki non hartuko duzu benetako atsegina hemendik aurrera? Zerk asebeteko zaitu benetan gaurgero?

Eta hasten zara pentsatzen beti hor alboan, azpian, gainean eta inguru guztian ukan duzun behelaino moduko Literaturak salbatuko zaituela berriz ere, zeure bizitzan beste batzuetan bezala, nahiz eta ez egon oso segur gaur ere funtzionatzen ote duen kontu horrek, jakinekoa baita Literaturak, izango bada, derrigorrezkoa duela irakurlea, eta gaur irakurlerik ez dela bazterretan.

Ustekabean baina, zeure aspaldiko nobela bat irakurri duen beste idazle bat hurbiltzen zaizu esateko, zure ipuin bat edo beste baietz, baina ez zitzaiola batere gustatu orduko eleberri hura, irregularra zela, erritmoa zaintzen asmatu ez zuen artefakto gehiegizkoa, etc. Asko baino gehiago preziatzen duzun poeta batek ere berrikitan esan dizu zure lanek beti egiten dutela kale amaiera aldera…

Gogorrak izan arren, eskertu egin dituzu hitzok ere, hain baitira urriak zuk egindako lanarekin oroitzen direnak… Azkenean suizidatzeko prest jartzen zara horrelakoak entzundakoan bainak hasten direino. Bai, baina zorioneko horiek.

Eta batek esaten dizu, bere gusturako, zoragarria dela nola erabili izan duzun hizkuntza zenbaitetan, eta besteak esaten dizu ez dela sarri ikusten  zeure nobela txar haren hasiera bezainbesteko hasiera ederrik euskal nobelagintzan… Eta espero ez zenuen kontsolamendua eta aitortza hasten zaizu bistaratzen bazter batetik, edo hala iruditzen zaizu, edo hala nahi duzu sinetsi, behintzat. Pentsatzen duzu, konformatzearen gai hori ere adinarekin batera datorren kontua dela…

Eta sekula egin ez duzuna  hasi zara egiten: aspaldi argitaratutako lanei begiratu diezu. Lotsatu egin zaitu ia guztiak, baina, halako batean,  aurkitu duzu bi idazleetako batek aipaturiko hasiera zorionekoa.

“Neuk ere ez dakit oso argi zer dela eta hasi naizen idazten. Batez ere, ez dakit zertarako, eta okerragoa dena, ez dakit norentzat hartu dudan berez ez dagokidan lan nekez ikaragarri hau. Ez dakit neure buruarentzat ari ote naizen, balizko irakurle urrunen baten itxaropenean idazten dudan, edo epaile jaunarentzat hasi ote naizen behar ezezagun eta estraineko honetan. Pirata bakartien antzera, egunen batean, akaso, kristalezko botila batean sartuko ditut orriok guztiok itsasora jaurti baino lehen, edo erre egingo ditut eskuak berotzeko hiri handietako eskaleen antzera, edo, besterik ez bada, suaren garrak zein kezko zirimola urdin ederra sortuko duen begiratzeko. Ez dakit.

Kontua da aspaldiko egunotan erotzeko zorian naukan halako barne sukar batek bultzatu nauela letra hauek izkiriatzera, bere isatsari segika hasten den zakur eroaren moduan, jira eta buelta, ezer mamizkorik harrapatzeko segurantzarik gabe. Bizkarraren erdian azkura pizten denean bezala, eskuak iristen ez diren lekuan ezin hazka eginda nago, eta behiak arbolaren kontra igurtziz egiten duen legez uxatu nahi dut erraietako ezinegon zital hau, nolabaiteko letrok idaztearen bitartez…”

Etc. etc.

Tira, ez nintzen oroitzen, baina ez da hainbesterakoa. Oso gaizki ere ez dago, sarrera zalantzati bat baino ez da, zernahitarako balio dezakeen tximino artifizial baten ahotsa baizik ez…

Ikusten dut ez naizela neu hala mintzo dena. Neuk asmatutako narratzaile aspaldiko bat baizik ez da lerro horietan hala hitz egiten duena. Baina, aldi berean, neu ere banaizela badakit, ez gaur naizen hau, jakina, baina bai orduan izan nintzen hura.   Izan ere, zein du eleberrigileak egitekoa denok bizi gaituen ahaztura itzel honen aurrean?

Nik ez dakit erantzuna, baina  Milan Kunderak bai: “Idazleak ez dio inori kasurik egingo eta eleberria eraikiko du ahaztu behar ez den guztiaren gaztelu suntsiezina balitz bezala, jakinik irakurleak arretarik gabe eta azkar bisitatuko duela gaztelu hori, berehala ahazteko prest, sekula bertan bizitzera geratu  gabe”.

Ba horixe, izandakoa gordetzen duen gaztelu suntziezin bat dela idatzi dugun eleberri bakoitza, geuk hala nahi ala ez.

Eleberriak eta gazteluak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)