Kritika Zinematografikoa: “El radioaficionado”

Kritika Zinematografikoa: “El radioaficionado” –

Kritika Zinematografikoa: "El radioaficionado"

.

Zuzendaria: Iker Elorrieta
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria

-Estandarretatik aldenduta-

Kritika Zinematografikoa: "El radioaficionado"

Ez da inola ere erraza mundua ulertzeko kode propioak dituen pertsonaia bat narrazioaren erdigunean jartzea. Autismoaren inguruan eremu mainstreamean egin den pelikula ezagunena erreferentzia bezala hartuta, Rain Man (Barry Levinson, 1988), autismoa duen pertsonaia, Dustin Hoffman-ena, ez da narrazioaren erdigunea, berez bere anaiaren odisea da pelikularen motore eta ardatz. Kasu hontan, edonola, Niko, espektro autista duen gizon gaztea, izango da Iker Elorrieta zuzendari bizkaitarraren lehen lan honen protagonista. Eta forma soil eta klasikoen atzean,  hainbat oztopo gainditzearen erronka hartuko du filmak bere gain, hiru aspektutan sailka litezkeenak:

Lehenik eta behin, pertsonaia beraren konposizioa: Elorrietak erabateko fedez Falco Cabo aktorearen eraikuntzan oinarritzen duena. Bere begirada (itxuraz) galduak, bere hizkera asinkopatuak, edo urrats laburren bitartezko desplazamenduak marraztuko dute pertsonaia eta ukatu egingo dira kutsu didaktikoa izan lezaketen azalpen medikoak, ikuslearen bidai-orri izango liratekeenak, baina pertsonaiaren nortasuna sinplifikatuko luketenak.

Filmak bere gain hartzen duen bigarren erabaki deigarria gidoian bertan dago, kontatuko zaizkigun gertaeretan eta, batez ere, kontatuko ez zaizkigunetan. Nikoren pultsio batek jarriko du abian pelikula, zendu berri den amaren errautsak Kantauri itsasoko puntu zehatz batean bota beharrak. Ezer gutxi azalduko zaigu iraganaz, eta bere nahi honen zergatiaz. Eta inguruko pertsonaiak ere, batez ere, bere bidean aurkituko duen Ane neska gaztea, misterio kutsu esanguratsuz zipriztinduko dira. Arazoak eta barne zauriak iradokiko bazaizkigu ere, ez dira zehaztuko, eta honek pertsonaiak eremu lainotsuan ezarriko ditu.

Eta hirugarren erronka eremua, akaso interesgarriena, aspektu formalean legoke. Itxuraz, kontatze molde sinpleak trasladatzen bazaizkigu ere, deseroso sentituko gara Nikok dituen hartu-emanetan. Kamera aurpegitik gertu dauka etengabe, eta sekuentzien planifikazioan planoak falta balira bezala sentituko gara, gertuko planoaren eta orokorraren artean piezen hutsuneak baleude bezala. Eszenaratze eta muntaia molde hauek koherenteak dira sentsibilitate ezberdinez jokatzen duen pertsonaiaren mundua eta erlazionatzeko dituen zailtasunak formalki marrazteko, nahiz eta honek ordainsari bisualak ere badituen: Getxoko portua eta bere ingurua, desitxuratu egiten dira identifikagarri ez izateraino, eta kasik paisaia abstraktu bilakatzeraino, non iluntasunak edo uraren zarata bereizgarriak presentzia nabarmena hartuko duten.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "El radioaficionado"

Kritika Zinematografikoa: “El radioaficionado”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude