El búfalo de la noche

448992c0.jpg Guillermo Arriaga. El búfalo de la noche. Norma 2007.

Guillermo Arriagaren ipuin liburu bat irakurtzeko asmotan nenbilen, lagun batzuk lehenago nobela hau irakurtzeko aholkatu zidatenean. Antza, ipuinak eta gero irakurrita, ez omen du eta grazia handiegirik. Esan dezadan, ipuinak irakurri gabetan ere, nobela hau ez dela beste mundukoa gertatzen. Bai, exostismoa badu guretzat, hizkera chilango hori eta abar, idazleari aitor dakioke halako abilezia berezi bat kontakizunerako, baina, oro har, nobela hutsal eta efektista da, amodio eta lagunarteko triangelu baten aitzakoan eraikia: Manuel eta Gregorio lagun min-minak dira, eta biek maite dute Tania. Gregorio eskizofrenikoa da eta bere buruaz beste egiten du balakada batekin. Hortik aurrera abiatzen da eleberria, damua, mendekua eta abar, nihilismo ikaragarri batean gauzatuz. Hori guztia Mexiko DF desolatu batean. Arriagaren gidoiak ziren González Iñarrituk zuzendutako Amores perros, 21 gramos eta Babel gogoangarriak. EL BÚFALO DE LA NOCHE honekin ere ba omen da film bat, Jorge Hernández Aldamak zuzendua. Arriagak prentsan emandako elkarrizketetan ere, gizon sakon eta sentiberaren hitzak irakurri izan ditugu, artista handi baten jarrerari dagozkionak. Benetako begirada zorrotz eta berria eskaini izan du, garaien azterketari oso egokitua. Badu zerbait Arriagak, badakit hori, baina akaso horrexek egin dit kalte: beste zerbait espero nuen haren eleberrian. Agian ipuin liburuan aurkituko dut gordeta. Hurrengo batean esango.

PS: Atxagaren OBABAKOAK liburuan muskerra bezala, eleberri honetan tijerillak  dabiltza sartu eta irten protagonisten gorputzetan. Nobela guztia irakurri dut tijerillak zer arraio diren jakin gabe eta sugandila motaren bat irzango zela pentsatuz. Baina, bai zera, tijerilla intsektu bat da, omnivoroa, beste intsektuak jaten dituena. Gurean ere badirela esango nuke, baina ez Mexikokoak bezain koloretsuak. Honako hau da hangoetako bat.

tijerilla.jpg

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “El búfalo de la noche”-ri buruz