EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da

EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da –

EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da, artea eta kultura ikuspegi sozialista batetik lantzeko espazioa.

www.ekida.eus webgunea erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, kritikak eta ekoizpen artistikoak plazaratzeko eta horien inguruan hausnartzeko plaza izango da.

Aurrerago bestelako proiektu batzuk ere sustatuko ditu ekimenak.

Otsailaren 12an Bergaran izan zen lehen aurkezpena.

Azken urteotan Euskal Herrian garatu den borondate politiko sozialistaren baitan askotarikoak izan dira kulturari eta arteari ere ikuspuntu horretatik heltzeko saiakerak. Intuizioak partekatu eta hausnartzeko aukera eman dute hainbat lekutan egindako mahai-inguruek, hitzaldiek eta mintegiek, besteak beste. Eztabaida eta asmo horiei jarraipena, egitura eta teilatua eman nahi die EKIDAk.

Langileok kulturalki ere bagara azpiratuak: ez gara gai gizarte kapitalistatik haragoko ezer pentsatzeko, inpotentziak eta frustrazioak betetzen dute gure bizimodua, eta horixe kontatzen dute gure arte-espresioek, egoera horren gainditzea irudikatzen lagundu beharrean. Gainera, kultur mundua bera ere inoizko despolitizatuen ageri zaigu. Ez dago elitismoaz eta azaleko alternatibismo faltsuaz haragoko eztabaidarik ia, eta arte ekoizpena nostalgian eta indibidualismoan gotortu da. 

Beharrezkoa da kulturari eta arteari posizio sozialista batetik heltzea: eztabaida politikoa berpiztea, kritika sustatzea, forma artistiko berriak garatzea. Kultur esparruan ere beharrezkoa da gizarte kapitalista gainditzeko antolakuntza komunistaren printzipioei heltzea. Hori da EKIDAren asmoa,   apatiarekin eta indibidualismoarekin haustea eta iraultza sozialistarekin konprometitutako artistek gizarte kapitalistak inposatutako esanahiak eta formak zalantzan jarriko dituen arte-ekoizpen propio baten eraikuntzari ekiteko espazioa ematea.

Lehenik eta behin www.ekida.eus webgunea jarriko da martxan. Bertan, hilabetero-hilabetero arteari eta kulturari buruzko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, kritikak eta ekoizpen artistikoak plazaratuko dira. Aurrera begira bestelako proiektu batzuk ere sustatuko ditu EKIDAk: artisten arteko kolaborazioak, argitalpenak, mahai-inguruak eta beste.

Datozen asteetan jendaurrean aurkeztuko da EKIDA, hainbat lekutan egingo diren aurkezpen publikoetan. Haietara gonbidatua dago artea eta kultura ikuspegi sozialista batetik landu nahi lukeen oro.

.

Aurkezpenak

  • Otsailaren 17an Bilboko 7katu gaztetxean 19:00etan
  • Otsailaren 18an Donostiako San Jeronimo kaleko aretoan 18:00etan
  • Otsailaren 26an Iruñeko Katakrak liburu-dendan 18:00etan
  • Martxoaren 14an Zarauzko gaztetxean 11:00etan

EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da

Zer duzu buruan “EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da”-ri buruz