Ekarpen xume bat

Urkulluk aurreko astean zioen Bilbon gertatu ziren istiluek Bilbok eta Euskadik mundu mailan daukaten irudia lohitu zutela, izan ere, geure herria bortizkeriarekin lotzen baitzen berriro. Bada, Euskal Herritik kanpo ETAren fenomenoak eragin handia izan du geure irudiaren osaeran, bortizkeria geure jarduera nagusia bailitzan. Baina zer dakite kanpoan gutaz? Donostian pintxo onak ditugula; futbolean trebatuak garela; ahoskatu ezin diren abizenak daramatzagula karnetan itsatsita. Eta zer dakigu guk, Euskal Herrian bizi garen euskaldunok, argentinoez? Zuon kutsua xarmantgarria deritzotela hemengo emakumeek, psikoanalistena egiten diharduzuela, boludo eta che besterik ez duzuela esaten egun osoan. Eta zer dakigu euskal-argentinoez? Ahoskatzeko zailak diren abizenak izateaz gain, che eta boludo esaka ari zaretela eta Athleticeko partiduak Euskal etxeetan ikusten dituzuela.

Badakit zutabe hau xumea dela, bi minutu baino ez baititu iraungo, baina gustatuko litzaidake Presencia Vascak munduan zehar bizi garen euskaldunok hurbiltzeko eta elkar ezagutzeko egiten duen ahaleginari neure ekarpen apala eranstea, euskaraz, noski. Miresten zaituztet, euskal kultura eta nortasuna hauspotzen dituzuelako Argentinan, zuek bereziki, edo Txilen ta Estatu Batuetan adibidez. Hemen, Euskal Herrian bertan bizi diren askok ez bezala, zuok euskaldun gisa bizi nahi duzuelako. Miresmen horren truke geure hizkuntzan hitz batzuk eskeini nahiko nizkizueke astero, zuon herria, geure herria alegia; hurbilago senti dezazuen. Hauxe baita Euskal Herritik egin dezakegun ekarpen onena.

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

Animband2

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Zer duzu buruan “Ekarpen xume bat”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-03-10 00:10

    Ez dakit Bilboren irudian zikinduta edo ohoretuta gelditu den, izandako istiluengatik. Ikusirik era horretako gertakariak daudela horrela goi-bilerak egiten diren hiri guzti-guztietan, desohore moduko bat ere irudituko ziatzaidakeen Euskal Herria horretan salbuespena izatea.