[Kafe Aleak] Ekaitz Goienetxeak Groundation

[Kafe Aleak] Ekaitz Goienetxeak Groundation –

[Kafe Aleak] Ibon Egañak Nick Cave & the Bad Seeds.

Groundation

Dub Wars
(Young Tree Records, 2005
)

.

Gau hartatik

Gauez entzungo zuen lehendabiziko aldiz, diskoa. Berea ez zen logela batean. Bakarrik. Bakardadea horrenbesterako zuloa ere ez zela jakin gabe, artean. Loezinak ohetik altxarazi, eta musika aparailuari sehaska kanturen bat eskatzera zutitu zen. Kirioak baretzeko zerbait, arren. Baina zer, behegainean zeuden CD ezezagun pila haren artetik (Verbatim, TDK, Sony), zein aukeratu? Logela hartan falta zen neskak idazkera kuriosoa zuen. Batzuetan errotuladorez idatzitako izenburu batzuk ageri ziren, forma kiribilduetan; iradokitzaileak, gutxi. Bestetan ezta hori ere: CD izengabeak azpitik marraz beteta. Halako batean, Dub Wars irakurri zuen eta, huraxe. Ea ba.

[Kafe Aleak] Ekaitz Goienetxeak GroundationOsorik entzun zuen. Hasieran jaramon handiegirik egin gabe, egia esateko. Gogoa gelatik kanpora. Hutsune-mina sentitzen denero legez, inguruari baino norbere ilun hondo gabeari begiratzen zaionean bezala, batek daki zeren bila (ez errotuladorez idatzitako abisurik, ezta arrakala aztarnarik ere begi bistan). Disko osoa amaitu zenean konturatu zen. Gustatu zitzaiola. Zuloko zulotik tarteka atera eta azaleratzea lortu zuela, entzumenean arreta jartzera; arnas hartzera.

Tira egin zion, baina behartu gabe, nazkatu gabe, molestatu gabe, sorbaldan esku arin bat, laztan epela. Ez zion mina baretu, ezta loezina sendatu ere. Baina jakinmintxoa bai piztu zion. Ez zegoen batere gaizki, diskoa. Gainera, oraindik lo hartu ezinik, eta beste egiteko hoberik ez. Berriro entzun zuen ba, beste behin. Osorik. Birritan. Hiru bider. Lau. Bost entzunaldi segidan hasi eta buka bata bestearen atzetik. Ene bada, zer du disko honek.

Hiru nota. Akorde bat. Jaitsi…, eta erantzun. Eta hor doa… Organoa suabe, abestiari nagiak astintzen, gauaren hormetan marrazkiak eginez, oihartzun ñimiñoz zipriztinduta. Kontraerritmo bat airera… Plateren dardara. Bi (-bi bi bi)… Platerek dir-dir. Hiru (-ru ru ru)… Metala izartu. Eta laugarrenarekin batera, badator. Klak! Danbor-kaxan zartadak. Tinbal kolpeak. Bonboa. Eta dunBa. Baxuaren taupadak esnatu dira. Gorpuztu egiten da zuhaitza. Orduan, ahots berezi batek dei, kikuka. Koruak, hostoen arteko zirrikituetatik. Bularra harantz honantz daukala konturatzen da, eta begiak itxi dituela, eta irribarre bat daramala. Belarrietan. Lepo atzeko azalean. Ile puntetan. Hego haizea urrezko adarretan. Danbateko epelak sabelean. Birikak hegoak zabalik. Bihotzak lau soka sakon. Odola, itsasertzean, bare, olatuen magalean, kulunkan, ameslari.

Pantera beltz bat hamakan begiak itxita belar luze bat hortz artean, matxinsaltoek salto, ipurtargiek argi, kilkerrek kir-kir, ontza uluka, apoek kroaka kableen kirrinka hotsari, elefanteak tronpak elkar igurtziz maitasunari, makakoak teklatu gainean kosmonauta jantzita saltoka, marmoka bat, lau, hamaika airean hegaz noten azpian, tximeletak espiraletan isiltasunen gainetik, errinozeroak dun dun dun diotso oinazpiko lurrari, elkarrekin dantzan egiteko, bufaloek marrumm eztarriaren sakonean eta buf, eta lehoiek marramiau…

Zeru izartsu bat itsaso azpian.

Biharamunean CDa ostu zion logela hartara beranduegi iritsi zen neska beltzaran hari. Hurrengo batean emango zizkion eskerrak. Ordutik, zenbat gautan lokartu den sakon bare hondo disko hori entzunez, berak ere ez daki.

.

*Groundation (Kalifornia iparraldeko roots reggae dub jazz taldea; hainbat disko gomendagarri ditu).

** Ez zion diskoa bueltatu; muxu bat, beltzaranari

.

.

Ekaitz Goienetxea Cereceda (Miarritze, 1982)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

[Kafe Aleak] Ekaitz Goienetxeak Groundation [Kafe Aleak] Ekaitz Goienetxeak Groundation