Eibarko Coliseo Antzokia

Eibarko Coliseo Antzokia –

Eibarko Coliseo Antzokia

Egunotan, Eibarko hirian zeuden zinema-areto guztiak (Untzaga, Rialto, Amaña…) desagertu ostean, Coliseo Antzokiak zutik dirau. Antzerkia, musika eta beste kultur emanaldientzako esparru izateaz gain, eskola-kurtsoan zehar astero-astero proiektatzen dira hainbat pelikula bere lau zinema aretoetan. Baina ezerezteko zorian egon zen irudi higikorrentzako tenplu hau 1987. urtean. Izan ere, urte horretan aurkeztu zen Eibarko Udaletxean eraikin famatua eraisteko proiektua. Asmo honi kontra egiteko, helegitea jarri zuen Euskal eta Nafar Arkitektoen Elkargoak, eta honako arrazoiak aipatu proiektuak aurrera egin ez zezan.

Alde batetik, Coliseo Antzokia bazela Víctor Eusa Razquin arkitekto nafar opetsuak Euskal Autonomi Erkidegoan kokatu zituen eraikin bakanetako bat. Bere obretako beste batzuk izan ziren desagertutako Gran Kursaal de San Sebastián Kasinoa (1920), Hondarribiko Eskola Koloniak (1933) eta Hernaniko San Antonio Paradorea (1938). Maisu iruindarra izan zen arkitekturako espresionismoaren adierazle famatuenetakoa, eta bai Espainian XX. mendearen lehenengo erdian eraikuntzen mundua ulertzeko ezinbesteko eragilea ere. Antzokiak baditu Eusaren obra guztian ikusi daitezkeen zenbait ezaugarri: fatxada nagusiko portikoaren pisua, estilo neoklasikoa, kutsu monumentala, eta plano bertikalen garrantzia, batik bat.

Bestetik, garrantzi historiko-artistiko ukaezina zeukala Coliseok, antzinako multzo urbano baten zati delako. Eibarko hirigintza proiektuaren bidez sortu ziren Errebal kalean kokatutako zenbait eraikin, Gerra Zibilak suntsitutako eskualdeetan garatutako politiken ondorioz. Gainontzeko eraikinak honakoak dira, besteak beste: Eskualdeen etxeak etxebizitza-blokeak, Merkatu Plaza Zaharra, El Casco enpresaren bizitokiak, eta hurbileko zenbait etxalde. Garai haietan hiriaren itxura erabat aldatuko zuen erabakia ere hartu zen: Ego erreka estaltzea. Nahiz eta azken urteotan Ego berriz ikustarazteko ahaleginak egin diren, errekaren zati handi batek jarraitzen du lurpean oraindik.

Euskal eta Nafar Arkitektoen Elkargoak aipatutako arrazoiez gain, esan daiteke Coliseok baduela balio espirituala, Eibar industria eta ekonomian gailendu zenean sortu baitzen. Are gehiago, sinbolo bezala ikus daiteke, errautsetatik berpiztu den hiriarena, irudimenarekin zailtasun handiei aurre egiteko hain eibartarra den gaitasunari esker. Beharbada, horregatik ireki ziren antzokiaren ateak berriro 2007an, berreraikuntza-prozesu luze baten ondoren. Lanak zuzendu zituen J.M. Martín Herrera, Fernando Oñoro eta Jorge Unceta-Barrenetxea arkitekto taldeak.

Laburbilduz, Coliseo Antzokia bada, arkitekturari datxekionez, XX. mendean hiri armaginean egikaritu diren eraikin gorenetako bat. Hain da garrantzitsua, non monumentu izendatu beharko litzatekeen Eibarko ondare historiko-artistiko urriaren barnean. Zorionez, XXI. mendearen hasierarekin batera, zaharberritu egin zen, eraitsi ordez. Iraganeko altxorra, garai berrietara egokitua, suntsipenetik garaiz babestua.

Eibarko Coliseo Antzokia

Eibarkontalari