Eguraldi kaskarrari, zinema ona!

Eguraldi kaskarrari, zinema ona! –

Estreinaldiak: Otsailak 2

Eguraldi kaskarrari, zinema ona!

Egilea: Maialen Goñi

.

Phantom Thread (El hilo invisible)

Paul Thomas Anderson (Magnolia, 1999, eta There Will Be Blood, 2007) zinegile ezagunak 50eko Londresen bizi izan zen Reynolds Woodcock jostunaren istorioa kontatuko digu, besteak beste, Urrezko Globoa, BAFTA saria eta Oscar saria jasotzeko hautagai gisa proposatu duten filmean. Daniel Day-Lewis aktoreak gorpuztu du errege-etxeko kideentzako eta zinemako izarrentzako jantziak egiten zituen Woodcock, eta horretarako, Cristobal Balenciaga diseinatzaile getariarrarengan oinarritu zela aitortu du aktoreak. Filmak jostunaren eta Alma (Vicky Krieps) gaztearen arteko maitasun harreman obsesiboa izango du hizpide; sortzailea itsu-itsuan maitemindu zen berarekin, eta ordura arteko bizimodu ordenatu eta metodikoa hankaz-gora jarri zuen Alma maitale eta musagatik.

.

Harpetarra (Early Man)

Zineuskadi elkartearen ekimenez, euskaraz estreinatuko dute stop-motion teknikan maisua den Nick Park zinegilearen Harpetarra proiektu berria Errenteriako, Durangoko, Getxoko, Bilboko, Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Eibarko zinema aretoetan. Lanak Harri Arotik Brontze Arorako jauzia erakutsiko du; izan ere, Dug eta haren tribua ez dira beren bizimodua aldatzeko prest egongo, eta Lord Nooth bilauari aurre egingo diote futbol partida batean: norgehiagoka irabaziz gero, beren bailaran bizitzen jarraitu ahal izango dute; galtzen badute, ostera, meatzera joan beharko dute lanera. Tenika ederra eta gidoi zorrotza dituen proiektu dibertigarria, halako kasuetan esan ohi dugun bezala, etxeko txiki zein handientzako aproposa.

.

El cuaderno de Sara

Belén Rueda aktore espainiarrak Laura izeneko emakumezkoaren papera antzeztuko du, eta aspaldi galdutako ahizpa Sararen bila joango da Kongora. Gorbernuz Kanpoko Erakundeek, Espainiako enbaxadak… Inork ez du jakingo Sara non dagoen. Baina herrialdearen ekialdeko meatzari-herri batean egindako argazkian azalduko da Sara, eta Laura gizarte mendebaldarraren hatzapar ilun, ezkutu eta zikinetan barneratuko da ahizpa topatzeko. Norberto López Amadok gidatu du proiektua, eta Ruedarekin batera, Manolo Cardona, Enrico Lo Verso, Marián Álvarez eta Florín Opritescu aktoreek hartu dute parte filmean.

.

Lasciati andare (Déjate llevar)

Italiatik, ordea, Francesco Amato zinegilearen berriena helduko zaigu: Toni Servillo eta Verónica Echegui protagonista dituen komedia. Lehena Elías izango da, psikoanalista judutarra. Sendagileak dieta zorrotza eta jarduera fisikoa gomendatuko dizkio, kilo batzuk jaiste aldera, eta horretarako Claudia entrenatzailearen zerbitzuak kontratatuko ditu. Elkarren artean oso ezberdinak izango badira ere, pixkanaka, elkarri laguntzen asmatuko dute.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Eguraldi kaskarrari, zinema ona!

Eguraldi kaskarrari, zinema ona!

Euskal pantailaren gunea