Editorearen diruak

dirua2.jpg

Atzoko adibidearekin jarraituko dugu, 15€ balio duen liburuaren 1.000 ale saltzearekin, alegia. Esan genuen, hortik guztitik 1.500€ ateratzen zituela idazleak (zergak kendu behar). Zenbat ateratzen du, baina, editoreak?

Normalean salmentaren % 40 izaten da editorearentzat. Beraz, saldutako 1.000 aleek bildu duten 15.000 euro horietatik, 6.000 dira dagozkionak, baina, ai, ai, ai, liburua bera egitea ordaindu beharra dago. Esan nahi baita, editoreak gastu orokor batzuk dituela argitaletxeari dagozkionak (argia, administrazioa, soldata, azpiegitura…) eta, gainera, liburuaren egiteko ere ordaindu egin behar dituela papera, inprenta, maketazioa, azalaren diseinua, publizitate eta promozioa… Zenbat jaten dio horrek guztiak? Ez dago zehatz jakiterik, argitaletxe bakoitzaren ate-zabaltzeak prezioa ezberdina baitu: aretoa, azpiegitura, enplegatuen arabera eta abar. Baina, oro har, jar dezagun 1€ kentzen diola horrek ale bakoitzetik: 1.000€. Ez gaude lehengo diruan, orain 5.000 eurotan gaude. Ez da hor amaitzen: liburua fabrikatzeko 2 euro behar izaten dira erdi mailako liburu duin bat egiteko (papera, inpresioa, azalaren koloretako inpresioa eta plastifikazioa, josketa…). Beraz, 5.000ri 2.000 kendu, eta 3.000 geratzen zaizkio. Baina, maketazioa, azalaren diseinua eta beste batzuk ere falta dira, jar dezagun 0’5€ balio dutela aleko, 500 gutxiago, beraz: 2.500€. Horixe da, gutxi gora behera, mila ale saltzearekin atera dezakeena. Gainera, tiradaren garrantziaz kontura gaitezen: 1.000 ale saltzeko, bi mila egin baditu, malo! Gastuak biderkatu egingo zaizkio, itzulerak izango ditu eta almazen arazoak sortuko zaizkio. Igo egingo da liburu bakoitzaren kostua. Horregatik pozten dira editoreak hainbeste berrargitalpenekin: lehenengo edizioarekin afera berdintzen badute, bigarrenetik aurrera (2.000 aletik gora edo), irabaziak handitu egiten dira, egin beharreko gastu batzuk eginak baitaude: maketazioa, azalaren diseinua, argitaletxearen gastua, promozioa eta publizitatea… Durangoko Azoka ere biziki maite dute editoreek, hango salmenta zuzenetan ez baita egoten banatzailearen eta dendariaren gasturik, eta dagokion zatia %40tik, %90era igotzen da (han egotearen gastuak kendu beharko bazaizkio ere: standa, hotela, garraioak, janedanak…).

Hala ba, hitz bitan laburtzeko, euskal editore batek saldutako eleberri baten mila aleetatik, on-onak izanda, 2.500€ azpitik aterako du (zergak kendu behar, gainera). Berak ere ezin izango du erosi txaletik argitaratu duen puntako idazle horren azken eleberriarekin. Horregatik argitaratzen dira hainbeste liburu euskaraz (eta ez euskaraz bakarrik): bakoitzarekin gutxi irabazten delako. Kaja pixkat egin ahal izateko, ugari atera behar urtero.

(Hurrengo atalak: LIBURUDENDAKOAREN DIRUAK, BANATZAILEAREN DIRUAK, JAURLARITZAREN DIRUAK)

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Editorearen diruak”-ri buruz

  • Argitaletxeak %40-a eramatea ondo ikusten dut. Baina, orduan, nork darama gainerantzeko %50? Banatzaileak eta saltzaileak?

    Beste egunean gomendatu nizuna ideia ona dela pentsaten jarraitzen dut: bildu zaitezte, kooperatiba bat edo dena delakoa sortu eta zuen liburuen saltzaile zuzenak bihur zaitezte (eta hortarako internet erabili).

    Ez da lan erraza, baina ezinezkoa ere ez da. Ondo egin eskero, seguru liburu kopuru polita saltzeko gai izango zinetela. Garrantzitsuena lan hau ondo egitea litzateke, ideia originalak abian jartzea eta gogoz hartzea, bestela hobe ezer egiten ez baduzue….

    Eta argi dago idazlearen lana idaztea izan behar dela, baina diru apur bat irabazteko urtero ez dakit zenbat liburu idatzi behar badituzue… seguru ez duzuela liburuen kalitatea jokoan jartzen?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude