Durangoko Azokaren 55. edizioaren spota

Durangoko Azokak 55. edizioaren spota –

55. durangoko Azoka

Durangoko Azokak 55. edizioaren spota aurkeztu du: ez dadila euskal kulturaren taupada eten!

Hilabete eta erdi baino gutxiago falta da Durangoko Azoka heltzeko, eta gaur kulturaren plazak edizio honetako spota aurkeztu du. “TaupaDA!” da aurtengo leloa, eta bideoak ere ideia horrekin jolastu nahi izan du: ez dadila euskal kulturaren taupada eten!

Bihotz baten taupadak ematen dio hasiera iragarkiari. Azokako aurtengo kartelaren izaera jarraituz, spotean paisaia grisa agertzen da, isiltasunean. Dantzari batek, ostera, bere mugimenduekin kolorea emango dio zuri-beltzari, musika hasiko da eta bihotza hamaika koloretan. “Une batez, gelditu egin zitzaigun bihotza.

Gehiago ez entzuteko, ez ikusteko, ez irakurtzeko ikara sartu zitzaigun… Eta, bat-batean, taupada bat; eta gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena. Tau pa DA!”.

Bideoan agertzen den dantzaria Eneritz Zeberio ondarrutarra da, eta Ane Pikazak edizio honetako kartelaren egileak sortutako ilustrazioak agertzen dira. Iragarkia Martzanan grabatu da, Atxondon, Sorland agentziaren eskutik.

Edizio honetan Durangoko Azoka abenduaren 4tik 8ra antolatuko da. Salerosketa www.durangokoazoka.eus webgunean sortuko den denda birtualean egingo da, eta bertan erosi ahal izango dira Landakon egon ohi diren produktuak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza… Horrez gain, egitarau presentziala ere izango du Durangon, Plateruenan eta Landakon bertan. Ikuskizunek aforo mugatua izango dute eta aldez aurretik erreserba egin beharko da, azaroan irekiko den izen-ematean.

55. Durangoko Azoka abenduaren 4tik 8ra online denda eta zuzeneko egitarauarekin

Durangoko Azokak 55. edizioaren spota

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.