Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenarekin hasiko da bigarren eguna

Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenarekin bigarren eguna –

  • Goizeko 10:30ean aurten Sormen Beka zein musikarik irabazi duen jakinaraziko da, eta iazko irabazleek euren produktua aurkeztuko dute.
  • Durangoko Azokako gainontzeko guneetan hamaika ikuskizun eta jarduera egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak eta abar.

Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenarekin hasiko da bigarren egunaGaur milaka ikaslek Landako Gunea eta Azokako gainontzeko espazioak bete ostean, bihar Durangoko Azokako bigarren eguna helduko da, eta kulturaren plaza ekitaldiz josita izango dugu.

Eguna iragarpen batekin hasiko dugu. Goizeko 10:30ean Areto Nagusian Durangoko Azokako II. Sormen Beka zeinek irabazi duen iragarriko dute epaimahaikideek. Aurtengo gaia musika da, eta irabazleak urtebete izango du bere proiektua garatzeko, hots, datorren urteko Azokarako. Beka 15.000 eurokoa da, eta Durangoko Udaleko babesa du. Aurtengo irabazlea ezagutzeaz gain, iazko irabazleek ere euren produktua aurkeztuko dute: AtopiaRPG, euskarazko lehenengo rol-jokoa.

Ahotsenea solasaldietan goiza zoratzekoa izango da. Besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Berri Txarrak taldea… Arratsaldean ere Unai Elorriagak bere azken lana aurkeztuko du, eta 19:00etan Joseba Sarrionandiaren “Airea ez da debalde” liburua aurkeztuko da. Zuzenekoen karpan talderik ezagunena Zea Mays taldea izango da, 11:40etan, baina eszenatoki bietan oso proposamen interesgarriak izango ditugu: Mad Muasel, Afrika Bibang, Sua, Belatz, Zazkel…

Areto Nagusian, egunero bezala, hainbat aurkezpen egongo dira: “Bittor eta biok” Gontzal Mendibil, Xabier Kintana, Xabier Amuriza eta Antton Mari Aldekoa-Otalorarekin; yoga saioa Maite Eizmendirekin; “Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea” Xabier Berasaluze Leturiarekin eta abar.

Irudienean Kimuak film laburrez gozatu ahal izango dugu: “Mateoren ama”, “Medvedek”, “Artiko” eta “Lursaguak”. Josu Martinezen “Anti” film laburra ere proiektatuko da, eta eguna amaitzeko “Lou, dantzan jo eta ke, oinak lehenertu nahian” dokumentala, euskal rock eszenan emakume aitzindariei buruzkoa.

Kabi@n Gamer Eguna ospatuko da bihar; goizean hainbat jokoren aurkezpenak egongo dira, eta arratsaldean jolaserako tartea egongo da. Saguganbaran, bere aldetik, ipuin kontaketak egongo dira (“Altxorraren bila!”, “Katta” eta “Zure bihotzean”), Steam esperimentuak haurrentzat, tailerrak (“Familia jolasean”, “Azalerako ipuinak” eta “Liburu Baby Kluba”) eta hainbat liburu-aurkezpen.

Szenatokian osagai nagusi bi izango ditugu: 17:00etan Ganbila antzerki bildumaren aurkezpen teatralizatua eta 19:00etan Kukai Dantza Taldearen “Erritu” ikuskizuna.

Musika Eskolan, Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa antolatuko da. 12:30ean “Gu gara euskal prentsa” mahaingurua Josu Landa eta Elixabete Garmendiarekin; eta 18:30ean lizentzia libreei buruzko mahaingurua, Gotzon Barandiaran, Miren Narbaiza eta Dabid Martinezekin.

Egunero bezala, gaua Plateruena Kafe Antzokian amaituko dugu. 23:00etan Pello Reparazek bere proiektu berria aurkeztuko du: Zetak (sarrerak salgai 12 euroan webgunean eta 15 euroan txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an:

Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.

Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenarekin hasiko da bigarren eguna