Durangoko Azokako bisitaria: emakume gaztea, fidela eta euskaldun zaharra

Durangoko Azokako bisitaria: gaztea, fidela eta euskaldun zaharra

Durangoko Azoka bisitatzen duenak behin baino gehiagotan errepikatzen du bere bisita, eta azken urteetan Azokak hobera egin duela uste du. Hori da Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadeco ikerketa etxearekin eta Gerediagarekin elkarlanean, egin duen ikerketaren ondorio nagusietako bat.

Durangoko Azokako bisitarien erradiografia egin dute ikerketa honetan: zerk erakartzen du? Zer eta zenbat kontsumitzen du? Nola baloratzen du?

Ikerketak aditzera eman duenez, Azokaren publikoa oso fidela da, bisitariaren profila gaztea da, bisitarien %90 euskal hiztuna da, eta batazbeste bisitari bakoitzak 65 euroko gastua egiten du. Funtzio ekonomikoaz gain, bisitariek Azokaren funtzio sinboliko eta soziala baloratzen dute.

– Ikerketaren ondorioak esanguratsuak dira Azokarentzat, eta etorkizuneko erronkei begira jarri da: nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana, nola erakarri euskal hiztunak ez direnak, nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua…

 

.

Honakoak dira ikerketaren ondorio nagusietako batzuk:

.

Bisitariaren profila

  • Adina: Azokak jende gazte ugari erakartzen du: herena pasatxo (%34,2) 16-29 urte arteko gazteak dira. Bisitariaren adinaren batazbestekoa 37 urtekoa da (16 urtetik beherakoak kontuan hartu barik). Emakumezkoak gehiengoa dira: %57.
  • Hizkuntza: 10 lagunetik 9 euskal hiztunak dira, erdiak baino gehiago (%55) euskaldun zaharrak, laurden bat euskaldun berriak eta 10etik 1 jatorrizko elebidunak.
  • Ikasketak eta lan-egoera: oro har, goi mailako ikasketak egindakoak gehiengoa dira, zehazki, %56, 30-45 adin tartean; eta alor publikoan enplegatutakoak ere asko, 3 bisitaritik 1, 30 urtez gorakoen artean.
  • Bizitokia: Azokako bi bisitaritik bat bizkaitarra da eta hirutik bat baino gehiago Gipuzkoatik dator. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetatik datozenak gutxiago dira: %7 arabarrak, %6 nafarrak eta %2 Ipar Euskal Herrikoak.

.

Zerk erakartzen du?

Euskal kulturaren eskaintza zabala izatea eta Azokan sortzen den giroa, biak dira Azokako bisitariak erakartzen dituen faktore garrantzitsuak. Bisitariaren iritziz, bikoitza da euskal kulturaren munduan Azokak betetzen duen funtzioa; batetik, funtzio ekonomikoa dago, eta, bestetik, funtzio sozial edo sinbolikoa.

.

Nolakoa da bisitariaren fidelizazio-maila?

10etik zazpi (%70) ohiko bisitariak dira, datu altua da hori; Durangoko Azokak lortu du, beraz, bisitaria fidelizatzea. Bisitari bakoitzak, batazbeste, 13 edizio ezberdinetan hartu du parte. Gainera, jendea gero eta gazteagoa denean joaten da lehen aldiz Azokara.

.

Azokaren kultur eskaintza ezagutzen du?

Landakoko liburu, disko eta bestelako produktuen standak ia bisitari guztiek ezagutzen dituzte. Erdiek baino gehiagok, ostera, ez dute Azokako hainbat gune ezagutzen: Kabi@, Saguganbara, Irudienea eta Szenatokia.

Ekitaldi eta adin tarteei dagokionez, berriz, Areto Nagusiko hitzaldi eta jardueretan interesatuagoak daude 45 urtetik gorakoak. Gazteek Ahotsenearekiko interesa agertzen dute, eta Saguganbaran 30-45 urte bitarteko gazte-heldu edo guraso gazteek.

.

Zein da bisitariaren kultur kontsumoa?

Batazbeste 65 euroko gastua egiten du bisitari bakoitzak Azokan: 35 euro inguru liburutan, 19 euro diskotan eta 11 bestelako produktutan.

.

Azokaren bilakaeraz

10etik zazpik uste du azken bost urteetan Azokak hobera egin duela, %18entzat bere horretan mantendu da, %9k erantzun du ez dakiela eta %3entzat bilakaera negatiboa izan da.

 

Durangoko Azokako bisitaria: gaztea, fidela eta euskaldun zaharraDurangoko Azokarentzat, Deustuko Unibertsitateak egin duen ikerketaren ekarpena oso esanguratsua da. Azokako bisitariaren erretratu fidela egin da, eta, gainera, modu kuantitatibo batean “ikusten ez dena” neurtu da. Iaz, Azokak bere 50. urteurrena ospatu zuen, zikloa itxi eta etorkizunera begira jarri zen. Ikerketa honi esker, aurrera begira erabakiak hartzeko informazio osatuagoa izango du orain Azokak.

Datuek aditzera eman dutenez, bisitarien fidelizazioa oso altua da (esanguratsua da, batazbeste, 13 ediziotan parte hartu izana), bisitari gazteen kopurua ere oso altua da (horrek transmisioan duen garrantziarekin), Azokaren bilakaerari ere balorazio positiboa ematen diote…

Ikerketaren emaitza baikorrek, beraz, Azokaren 51. edizioa prestatzeko “pilak kargatu” dituzte, baina badira oraindik Azokak aurrez aurre dituen erronkak: nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana? Nola erakarri euskal hiztunak ez direnak? Nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua?

Horiek dira, besteak beste, hurrengo edizioetan aurre egin beharreko erronketako batzuk. Azokak gaur egun duen indarra eta proiekzioa ez litzateke posible izango ia 51 urteko ibilbidean garaian garaiko egoera eta erronka berrietara egokitzeko ahalegina izan ez balu. Eta orain ere, hurrengo 50 urteetako lehenengo edizio honetan, horretan jarraitu behar dugu.

 .
Oharra: Aurkeztu den ikerketa Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak Durangoko Azokaren inguruan egin duen proiektuaren laugarren atala da: aurretik, “Europako Kultura eta hizkuntza txikietako Azoka eta Jaialdien Mapa”, “Esperientzien Mapa” eta “Azokaren Balioen Adierazleen Mapa” gaiak landu ditu.
Durangoko Azokako bisitaria Durangoko Azokako bisitaria Durangoko Azokako bisitaria
bisitaria, Durangoko Azoka, ikerketa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude