Euskal Herri osoko milaka ikaslek emango diote hasiera Durangoko Azokako 53. edizioari

hasiera Durangoko Azokako 53. edizioa –

  • Ate irekiera goizeko 10:30etan izango da, Landako Gunean. Inaugurazio ekitaldi ofiziala 19:00etan izango da, Areto Nagusian, eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute.
  • Goizean ikasleentzako tailerrak izango dira protagonista, Azokako gune guztietan. Arratsaldez hamaika jarduera egongo da.

Euskal Herri osoko milaka ikaslek emango diote hasiera Durangoko Azokako 53. edizioari

Durangoko Azokako 53. edizioak bere ateak irekiko ditu bihar, abenduak 5, bost eguneko kultur maratoiari hasiera emateko. Bost egunez, kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute, Azokako zazpi guneetan. Landako gunean, 247 erakusleiho izango dituzte, 439 nobedaderekin: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari eta abar.

Landako Guneko ateak goizeko 10:30ean irekiko dira. Iaz ez bezala, aurten Ikasle Eguna azokako lehenengo egunean ospatuko da, eta, beraz, Euskal Herri osoko ikasleak elkartuko dira kulturaren plazako zazpi guneetan. Ikasleak izango dira, hain zuzen ere, ateak irekiko dituztenak.

Horren ostean, ikasleek disziplina ezberdinetako tailerretan parte hartuko dute: Poropopoesia Saguganbaran, Liburu bat egingo dut Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkartearen eskutik), Heldu programazioari Kabi@n (JolasMatika EHUko informatika fakultatearen eskutik), Euskal kantagintza kontzertuan Plateruenan (Luhartz musika taldearekin), Musika elektronikoaren ekoizpena Ahotsenea zuzenekoetan (Telmo Trenor musika elektroniko ekoizlearen eskutik), Gaur egungo testuak Ahotsenea solasaldietan (Yurre Ugarte idazleak gidatuta), Antzokia zirrikituz zirrikutu Szenatokian (Karrika Antzerki Taldearen eskutik) eta Soinu efektuak zinemagintzan Irudienean (Pixelatu taldearen eskutik, Zineuskadik antolatuta). Horrez gain, Durangoko Historia eta Arte Museoan Grabatuarekin jolastuz, ilustratu tailerra eskainiko da, Irati Eguren ilustratzailearen parte-hartzeagaz.

Ikasle Eguneko tailerretan Euskal Herri osoko ikasleek parte hartuko dute (izen emate guztiak bete dira). Baina Azokako lehenengo egun honetan Ikasle Eguna antolatu arren, publiko orokorrarentzat ere Azoka zabalik egongo da, eta egun osoan zehar hamaika jarduera egongo dira.

Areto Nagusian (Landako Gune barruan) hainbat proiektu eta aurkezpen egingo dira, 13:30etik aurrera, eragile askoren eskutik: UEU, EHU, IPES, Ernai, Otzarreta… 19:00etan 53. edizioko inaugurazio ekitaldia egongo da bertan. Ekitaldian erakunde publikoetako ordezkariek parte hartuko dute, eta aurtengo edizioko kartelaren egileek, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek, ‘Digara’ ikuskizun laburra eskainiko dute.

Kabi@n (aurten Landako barruan) 16:00etatik aurrera “teknologia eta hezkuntza formala eta informala”-ren inguruan hausnartuko dute, hainbat parte-hartzailerekin. Saguganbaran (Landako aurrean, Elkartegian), indartsu hasiko dute Azokako egitaraua. 17:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ‘Musua’ disko liburua aurkeztuko dute, eta 19:00etan ‘Maritxipi eta Amatxo’ liburua aurkeztuko da.

Irudienean (Zugaza zinemetan) hiru ikus-entzunezko lan aurkeztuko dira: 17:00etan ‘Atsolorra’ film laburra; 17:30ean ‘Sarkor, garena gara’ Sarkor musika taldearen inguruko dokumentala; eta 19:00etan ‘Gu, Laboa’ Mikel Laboaren inguruko dokumentala, bere heriotzaren 10. urteurrena dela eta.

Ahotsenean lehenengo egunetik bertatik hasiko da musika eta literatur maratoia. Zuzenekoen karpan (Landako pareko lorategian), goizeko 11:00etan hasiko dira kontzertuak. Josu Bergara eta Eneritz Furyak bakarlariak egongo dira, Gatom rap abeslari bermeotarra, lehenengo diskoa kaleratu duten taldeak (Azalera, Dunne, Polybius), ibilbide luzeagoa dutenak (Madeleine, Lappa) eta abar. Solasaldien gunean (Landako barruan) ere, aniztasuna izango da nagusi, eta eta hainbat idazlek euren lan berriak aurkeztuko dituzte: Jasone Osoro, Aritz Gorrotxategi, Karlos Linazasoro, Thierry Biscary…

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. Kafe Antzokiko eszenatokia Huntza taldeak estreinatuko du, 23:00etan. Taldeak bere bigarren ‘Xilema’ diskoa aurkeztuko du. Sarrerak www.plateruena.eus webgunean edo Plateruenan bertan eros daitezke (zortzi euro webgunean eta hamar euro txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 8an eta 9an: www.euskotren.eus/durango

Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte. Info+: labur.eus/Yqjou

Euskal Herri osoko milaka ikaslek emango diote hasiera Durangoko Azokako 53. edizioari