Durangoko Azokako 52. edizioa hasi DA!

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! –

Durangoko Azokako 52. edizioa hasi DA!

  • Martxel Rodriguez dantzariaren ikuskizunak eman dio hasiera Durangoko Azokako 52. edizioari. Lehenengo minutuetatik hasi da Landako eta Azokako gune guztiak kulturzalez betetzen.
  • Gerediagako Nerea Mujikak aldarrikatu du euskal kulturan inbertitzea merezi duela: “Dirutan bueltan datorren inbertsioa da, eta zenbakietan neurtzea zaila den aberastasuna ematen digu”.
  • Lehenengo egun honetan Sormenaren Lurraldea ekitaldiz josita egon da. Bihar, Ikasle Eguna, kultur ekitaldirik ez da faltako: Holoque, Arkada Social, Jon Maia, autodefentsa digitalaren hastapenak, plaza irrintzika, “Kultura guztion eskura” aurkezpena, ETS, Silvia Federici, bikoizketa tailerra… Helduentzako tailerrak ere egongo dira arratsaldean.


Eguna heldu DA! 10:30ak pasata Durangoko Azokako 52. edizioak ateak ireki ditu, bost eguneko kultur maratoiari irekiera emanez. Martxel Rodriguez dantzaria izan da Landakoko ateak zabaltzeko arduraduna; sormenaren lurraldearentzat berez sortutako dantza baten bidez, bisitariei ondo etorria egin die Rodriguezek. Momentu horretatik aurrera hasi da Landako jendez betetzen, eta eguerdirako Landako leporaino egon da.

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! - 12:00etan inaugurazio ofizialaren txanda izan da, Areto Nagusian. Bertan hitza hartu dute Durangoko Azokako babesle publiko nagusietako ordezkariak: Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua), Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatua) eta Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea). Nerea Mujikak ondo etorria egin die ordezkari eta bisitari guztiei: “Sormenaren lurraldean barneratu zarete eta bizia eman diozue, eskerrik asko guztioi. Ospatu dezagun kultura eta euskaraz gozatu dezagun!”.

Mujikak sormenaren lurraldeak dituen ezaugarriak azaldu ditu: “Antzemango zenuten, gure lurraldea ez dela ohiko lurralde bat, standak bihurtu ditugu etxe eta liburuak elikagai. Hemen, diskoek kentzen digute egarria. Eta ikusi duzuenez, ez gara ez gose ezta egarri izango. Hotzik ere ez dugu pasako, milaka kulturlan eta kulturzaleren epeltasuna izango dugu neguko egun ilunak argitu eta hotzak berotzeko”.

Sormenaren lurraldeak ezinbesteko dituen bost elementuak ere gogoan izan ditu Gerediagako presidenteak: “Kultur politikak dira sormenaren aterpe. Sare kulturalak eskaintzen dio bidea, azpiegiturak bihurtzen dira plaza, hartzaileek ematen diote goxotasuna eta indarra, eta sortzaileak dira honen guztiaren hasiera eta hazia. Gauza bat esango dizuet: sormenaren lurraldeak, gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea posible egiten du, ez al da ederra?”.

Hitzartzea amaitzeko, Mujikak euskal kulturan inbertitzea merezi duela azpimarratu du: “Dirutan bueltan datorren inbertsioa da, eta zenbakietan neurtzea zaila den aberastasuna ematen digu. Horregatik aldarrikatu nahiko nuke euskal kulturan inbertitzeak merezi duela. Euskal kultura ondarea da, etorkizuna da. Eta gaurtik hasita aldia ere bada, euskal kultura bizitzeko aldia. Ongi etorri, beraz, eta gozatu guztiok sormenaren lurraldeaz!”.

Horrez gain, lehenengo eguna ekitaldiz josita egon da, gune guztietan. Irudienean, adibidez,  Jose Antonio Sistiaga aurtengo kartelaren egileak bere bi laburmetrai aurkeztu ditu.

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! - Biharkoa ere ez da egun lasaiagoa izango. Ikasle Eguna ospatuko da abenduaren 7an, eta beste urte batez, Euskal Herriko txoko guztietatik ikasleak etorriko dira, Azokak antolatu dituen tailerretan parte hartzeko: android gailuentzako aplikazioak sortzeko tailerra, zirko literarioa, rap tailerra, liburu bat sortzeko tailerra… Szenatokian, 11:00etatik aurrera eta ordu erdiro 13:30ak arte, “Holoque” mundu onirikoaz gozatzeko aukera egongo da. Ikuskizun honen protagonistak ologramarekin sortutako txotxongiloak dira. Hala ere, Azokako ateak zabalik egongo dira bisitari guztientzat.

Arratsaldean helduentzako tailerren txanda helduko da. Hiru jarduera egongo dira. 16:30ean Kabi@n autodefentsa digitalaren hastapenak lantzeko tailerra antolatu da. Ordu berean Irudienean, bikoizketa tailerra egongo da, Pixer eta Zineuskadiren eskutik. Azkenik, 17:30ean Durangoko bondardaketaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatua antolatu da, Gerediaga elkartearen erakusmahaitik (Landako barruan). Jarduera guztietan izena eman barik parte hartu daiteke.

Biharko egitarauarekin jarraituz, 17:00etan “Kultura, guztion eskura” egitasmoaren aurkezpena egingo da Areto Nagusian. Aurten, Durangoko Azokak eta BBK-k elkarlanean ekimen hau abiatu dute, Azoka irisgarriago eta inklusiboagoa lortu guran. Helburua azokazale guztiek euskal kulturaz gozatzeko aukera izatea da. Horretarako, urratsak ematen hasiko da Azoka.

Aurkezpen honetan, gaur egun Euskal Herrian arlo honetan sortzen diren hainbat kultur ekimenen berri emango da. Partehartzaileak honakoak izango dira: zeinu hizkuntzen arte jaialdia (Manos K Rien), “Bizikidantza” dantza integraziorako motore (Kukai), Sormen artistikoa sustatzen duen formakuntza zentroa (Bilbao FormArte) eta Irakurketa Erraza mugimendua.

Horrez gain, ekitaldi ugari egongo dira biharko egunean. Ahotseneako karpan, besteak beste, Aneguria, ETS, Euskatalites, Tenpora eta beste hainbat talde ibiliko dira jo eta su eszenatoki bietan. Solasaldien gunean, Anjel Lertxundi, Jon Maia, Silvia Federici, Iñigo Urdinaga… egongo dira. Plateruenan, eguna borobiltzeko, Arkada Social taldeak bere diska berria aurkeztuko du. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai txarteldegian.

Biharko egunez, debaldeko autobus zerbitzuak martxan jarraituko du Arriaundi industriagunetik (Iurreta) Landakoraino.

Ibilbidea ikusteko: https://labur.eus/DAautobusarenibilbidea

Gaur goizeko argazkiak deskargatzeko: https://www.flickr.com/photos/durangokoazoka

Egitarau gaurkotua eta sinaduren ordutegia ikusteko: www.durangokoazoka.eus

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! –

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! –