Durangoko Azoka 53. edizioko egitaraua eta nobedadeak

Durangoko Azokak 53. edizioko egitaraua eta nobedadeak –

Durangoko Azokak 53. edizioko egitaraua eta nobedadeak

Durangoko Azokako aniztasuna 200 kultur ekitaldi eta 247 erakusleihoetan islatuko da

  • “DA! asko dira” lelopean, 158 parte-hartzaile eta 439 nobedade egongo dira 53. edizioan: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari…
  • Azokako lehenengo Sormen Bekaren irabazlea abenduaren 6an jakinaraziko da. Irabazleak literaturarekin lotutako produktua aurkeztu beharko du hurrengo urteko azokan.

Durangoko Azokak 53. edizioko egitaraua eta nobedadeakDurangoko Azokak 53. edizioko nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu gaur, azaroak 20, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Gaur hasi dira, hain zuzen ere, Landako guneko erakusleihoen muntaia lanak. Hutsik agertu da Landako gunea gaurko aurkezpenean, baina abenduaren 5etik 9ra arte, nobedadez eta ekitaldiz lepo egongo da.

Gerediagako presidente Nerea Mujikak gogoratu duenez, aurtengo Azoka anitza izango da, azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren islada: “158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. Landako gunean 247 stand egongo dira eta horietan 439 nobedade aurkitu ahal izango ditugu: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko 1 eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez, eta 17 autoekoizle egongo dira bertan”.

Mujikarekin batera, Azokako guneetako ordezkariek ere euren espazioaren egitaraua aurkeztu dute banan-banan: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena), Oihane Agirre (Azoka TB) eta Gorka Julio (Kabi@).

Aniztasuna izango da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko egitarauaren ezaugarri nagusietako bat, Gerediagako presidentearen hitzetan: “Azoka bizitzeko modu asko dago. Izan ere, batzuk sortuz eta besteak hartuz; izan kantu, poema, nobela, edo ilustrazio,… sormenez beteko da Durango! Bertan aurkitu, ikusi, entzun, ikutu eta sentituko ditugu azken asteetan aurkeztutako diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta emanaldiak”.

Sortzaile berriei begira, Azokak ildo berria abiatu du aurten: Durangoko Azokako Sormen Beka. “Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza, hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Urtero emango dugun beka honen edizio honetako gaia literatura da. Irailean itxi zen lanak aurkezteko deialdia eta 28 lan jaso ditugu.

Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru eta kalitatearekin. Azokan emango dugu irabazlearen berri, abenduaren 6an. 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko”.

Aurtengo Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa izango da. Mujikak azpimarratu duenez, kopuru horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da: “Alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona”.

Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbitea egin die azokazaleei. Autoz etorriko direnentzat, doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.

Durangoko Azokak 53. edizioko egitaraua eta nobedadeak

EGITARAUA GUNEZ GUNE

Areto Nagusia

Areto Nagusia Azokako partaideek beraien lanen aurkezpena eta zabalkunde lana egiteko lekua da. Bertan izango dira sortzaileak, erakundeak, gizarte mugimenduak… eta denetariko proiektu eta lanak eskainiko dituzte, gai askotarikoak: politika, gizarte gaiak, etab.

Hortaz gain, bosgarren urtez, Areto Nagusian kokatuko da Gogoetaren Plaza. Bertan, abenduaren 6, 7 eta 8an eguerdian solasaldiak eskainiko dira eta arratsaldetan mahainguruak. Aurten landuko diren gaiak 68ko belaunaldia, sormena eta gurasotasuna eta kultur transmisioa eskolan izango dira, besteak beste.

Ahotsenea

Ahotsenea guneak 11 urte beteko ditu aurten. Edizio honetan 100 eskaeratik gora jaso ditu, eta guztira 70 kontzertu eta 42 solasaldi egongo dira bertan. Zuzenekoei dagokionez, aniztasuna izango da karparen ezaugarri nagusia: rock, pop, rap, folk, elektronikoa, bakarlariak, trapa… Lehen diskoa aurkeztuko duten hainbat talde egongo dira: Ertzak, Azalera, Zizel, Polybius, Txost, Rolan Garces, Maddi eta abar. Ibilbide luzeko hainbat musikarik ere euren proiektu berria aurkeztuko dute, besteak beste: Hezurbeltzak (Jon Maia eta Gorka Hermosa), Era Batera (Gatibuko Gaizka Salazar eta Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza) eta Xabi Bandini (Kerobia taldeko abeslaria). Hainbat talde ezagun ere igoko dira euren disko berria aurkeztera: Hesian, Gatibu, Txapelpunk, Nogen, Izaki Gardenak, Larregi, Iker Lauroba, Skasti…

Ahosenea Solasaldietan 42 aurkezpen egongo dira, batez ere euskal idazleen azken lanak gertutik ezagutzeko aukera egongo da eta literaturaz gain, musika, bertsolaritza eta komikigintza diziplinek ere euren ordezkaritza izango dute. Euskal kulturaren hainbat izen bilduko dira: Pako Aristi, Alaine Agirre, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Jon Arretxe, Jasone Osoro, Idurre Eskisabel, Edorta Jimenez eta abar.

Saguganbara

Kultur diziplinei dagokienez, Saguganbaran azken urteetako egitaraurik anitzena izango dute: sormen tailerrak, pailazoak, ipuin kontaketak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, umeei egokitutako bertso saioa eta musika ikuskizunak, besteak beste.

Ikasle eguneko Poropopoesia tailerrarekin zabalduko ditu ateak Txiki eta Handien guneak, eta hurrengo egunetan ordu erdiro izango dira emanaldiak. Urtero legez, eguerdiko orduetan, areto handia zabalik egongo da, eta eskuragarri egongo dira haur eta gazte literaturan argitaratu diren euskarazko liburuak eta aurreko urteetako liburu gomendagarriak. Berrikuntzarik ere izango da; ahozkotasunari garrantzia eta balioa eman guran, azken egunerako, iganderako, ipuin kontalarien maratoia antolatu dute, eta 5 ipuin kontalarik ordu erdiko ipuin kontaketa saioak eskainiko dituzte.

Plateruena

Plateruena kontzertu handien plaza izango da abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokaren baitan. Landako eta gainontzeko guneetako ateak itxi ostean, azokazaleek kulturaz eta giroaz gozatzeko aukera izango dute Kafe Antzokian. Aurten Plateruenak izen handiko bost kontzertu proposatu ditu: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador. Eskaintza anitza, beraz: talde ezagunak, berriak eta estilo nahasketa. Lehenengo lau egunetarako sarrerak www.plateruena.eus webgunean eros daitezke (azken egunekoa doakoa da).

Horrez gain, aurten berritasun bezala, egunero eguerditan, Azoka Telebistarekin elkarlanean, Hautsi Bolumena musika saioa izango dute, eta bertan artisten elkarrizketak, zuzenekoak eta bideoklipak eskainiko dira.

Irudienea

Ikus-entzunezkoen plaza Zugaza zineman egongo da beste urte batez, 11:00etatik 21:00etara, aurten sortutako ikus-entzunezkoak aurkezten eta 2019an aurkeztuko direnak ere plazaratzen. Sortzaileak, aktoreak, zuzendariak… bertan egongo dira beraien lanak aurkezten, ikuslegoaren zalantza eta iritziak partekatzen. Euskal literatura eta kultura zinemara eramana: “Gu, Laboa”, “Gure Oroitzapenak” , “Soinujolearen semea” edo “Margolaria” bezalako lanekin. Gai sozial , historiko nahiz politikoak lantzen dituztenak: “Gurean”, “Han edo hemen, zuk”, “Jainkoak ez dit barkatzen” , “Atsolorra”, “Ez nazazue esnatu”, “Apodaka” edo “Muga deitzen da pausoa” , lan interesgarriak.

Pase berezi nahiz aurre-estreinaldiak ere izango ditugu, kasu honetan gonbidapena beharko da. Gonbidapenak Irudienean bertan hartu ahalko dira azokak irauten duten egunetan: “Soinujolearen semea” , “Muga deitzen da pausoa “ eta “Margolaria”. Fikzioa, zine esperimentala, fantasiazko filmak: “Zain”, “Espedizio handia”, “Hutsune zurian”, “Lope”, “Errementari”, “Astelehena” edo “June” bezalako lanak ditugu atal honetan. Eta aipatzeko gelditzen diren guztiak, adibidez: “Oreina” filmak oinarrituriko hiru laburmetraien estreinaldia, “Dantza” dokumental ezberdinez osatutako seriearen lehen lanaren estreinaldia, edo “Aralar, mundua leku den lurra” dokumentala.

Szenatokia

Urtero bezala, Szenatokian arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu dute, eta abenduaren 5etik 9ra antzerkia eta dantza izango da nagusi. Hala, abenduaren 5ean, ikasle egunean hain zuzen ere, antzokia eta antzerkigintza barrutik eta kanpotik ezagutzeko aukera eskainiko dute. Abenduaren 6an, euskarazko antzerki profesionalari eskainiko diote tartea, Hika antzerki taldearen “Txarriboda” lanarekin.

Hurrengo eguna, abenduaren 7a, dantzaren txanda izango da, Gasteizko Larrua Produkzioen “Baserri” pieza oholtzaratuko baita. Abenduaren 8an pieza laburrek hartuko dute aretoa, Atx teatroaren “Tomiris”, “Agur eta Dolore” Miren Gaztañaga, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren umorearekin, eta Anodino teatroren “Schrodinger-en katua” lanak hautatu dituzte; eta saio hau doan izango da.

Eta azoka amaitzeko, abenduaren 9an, familientzako antzerkiari zabalduko diote tartea, Benetan be antzerki taldearen “Inondik Inora” piezarekin; euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko ZUBI egitasmoaren babesean sortutako lana.

Kabi@

Kabi@k aurten bere kokalekua aldatuko du eta Landako barruan egongo dira. Heziketak duen garrantzia kontutan hartuta, Ikasle Egunean goizean programazioa irakasteko Jolasmatika mahai jokoarekin jardungo dute eta arratsaldean hezkuntza formal eta informalaren arteko korapiloak askatzearen inguruan solastuko dute.

Bigarren egunean, aldiz, euskarazko bideojokoen eszenaren berri emango dute, zuzenekoekin eta bertan jolasteko aukerarekin arratsaldean zehar. Ostiralean, Wikipediaren eguna izango da eta EWKEk lagunduta Wikipediaren inguruko proiektuak ezagutzera emango dituzte.

Larunbatean, berriz, proiektu ezberdin eta anitzak zabalduko dira: Izarkom telekomunikazio kooperatiba, Itsulapikoa.eus auzolaguntza plataforma, Kultursharea proiektu kulturala, Artizarra sare soziala, e.a.

Amaitzeko, azken egunean Uztaritz Beteluren erakusketa bat izango da Kabi@n. Goizean, egileak proiektua aurkeztuko du eta arratsalde osoan zehar egongo da ikusgai erakusketa, bere lanen eta inteligentzia artifizialaren arteko elkarrekintzan eraldatutako lanen emaitza.

Azoka TB

Azoka telebista berrikuntzekin dator. Azoka telebista ibiltaria izango da aurten; Azokako guneetan gertatzen dena ikus-entzunezko formatuan jasotzea izango duena helburu. Hainbat gunerekin elkarlanean, telebistak propio sortuko ditu edukiak.
Eduki hauek zabaltzeko hainbat bide izango ditu: euskarazko tokiko telebistek, azoka egunetan, 21:30etik aurrera Azoka telebistak ekoiztutako hainbat saio eskainiko dituzte:

Azoka Gaur magazinea, Hautsi bolumena musika saioa,… Gainera eduki guztiak, nahieran, Azokako webgunean egongo dira ikusgai. Sare sozialetarako ere, propio ekoiztuko ditu ikus-entzunezko edukiak Azoka telebistak. Aurten ere, Durangotik harago eraman nahi DA! Durangoko Azoka.

AUTOEKOIZLEEN PLAZA

Bosgarren urtez, autoekoizleek euren espazioa izango dute Durangoko Azokan. Azken urteetan 16 autoekoizlek parte hartu dute; aurten, 17 egongo dira. Autoekoizle guztiak aurretik parte hartu gabekoak izango dira, bakarra kenduta (Iker Uribe, Ni neu galtzeta liburuarekin). Honakoak dira auto-ekoizleen espazioan izango direnak.

Liburuak
1. Aline Soberón eta Txema Uriarte
2. Ane Odriozola
3. Angel Remírez de Ganuza
4. Arando Txiki elkartea
5. Bego Goitia
6. Iker Uribe
7. Jose Antonio Recondo Bravo
8. Kepa Luzarraga
9. Nor kolektibo antiespezista
10. Oskia Karrera
11. Pablo Maria Beitia

Diskoak
1. Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak
2. Blue Konpota
3. Muted
4. Ordago Folk
5. Stai Zitto
6. Maite Eizmendi

www.durangokoazoka.eus
@durangokoazoka
#53DA #DAaskodira
https://www.facebook.com/DurangokoAzoka
http://instagram.com/durangoko_azoka/
http://www.flickr.com/durangokoazoka

Durangoko Azoka 53. edizioko egitaraua eta nobedadeak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude