Durangoko Azoka, ezinbestekoa

Durangoko Azoka, ezinbestekoa –

Joanmari Larrartek Berria egunkarian.

Durangoko Azoka, ezinbestekoa
Hainbat lagun Durangoko Azokako erakusmahaietan arakatzen, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urte batzuk baditugunez, asko dira Durangoko stand batean edo bestean emandako urteak. Uste dut 1988an egon nintzela lehen aldiz Azokan stand batean: AEKren standa zen. Gerora, Egunkaria-ren eta BERRIAren standetan egotea egokitu zitzaidan, eta azken urteotan Elkar eta Jakinen standak izan dira nire tokia. Euskalgintzan eta euskal kulturgintzan egin dudan bidearen erakusgarri ere bada, beraz, Durangon egindako ibilbidea. Horrek aukera eman dit Durangoko Azoka oso modu diferentean bizitzeko, eta esango nuke beti izan dela aberasgarria.

AEK-ren garai hartako standean salmentak ez ziren handiak izaten, han genuen ekoizpena ez baitzen publiko zabalarentzat egindakoa, baina argi zegoen han egon beharra zegoela; euskalgintzako eta euskal kulturgintzako eragile guztiak han ziren, eta, ez saldu arren, bertan zeudenei ikusgarritasuna ematen zien Azokak. Hurrengo urratsa, Egunkaria-n. Hura diferentea zen: han salmentak bai, ez liburuak edo egunkariak (estilo liburu batzuk kenduta), baina bai egutegia eta agenda. Egunkaria-rentzat, eta BERRIArentzat, beraz, diru-sarrera bere proiektua garatzeko eta ikusgarritasuna. Azkenik, Elkarren standean egokitu zait bizitzea argitaletxe batentzat Durango zer den, non argitaletxearen ekoizpena ikusgai eta salgai jartzen den, non egilea eta irakurlea harremanetan jartzen diren, non sormenak dituen aldeak elkarrekin lotzen diren.

Nik ezagututako hiru modu Durangon egoteko. Hiru modu, hirurak balekoak eta hirurak garrantzitsuak. Hirurek bat egiten dute puntu batean: Durango da kolektibo bat, mundu bat, komunitate bat garela erakusten digun leku bakanetako bat. Urtean 5-10 egunez, zerbait bagarela ikusarazten digu; zerbait bagarela talde gisa, ez bakoitza bere aldetik. Horregatik bakarrik bada ere, esan daiteke Durangoko Azoka ezinbestekoa dela. Durango da gure Azoka nazionala. Euskarak eta euskal kulturak, euskalgintzak eta euskal kulturgintzak ezintasun eta ahuldade ugari dute, eta Azokak aukera ematen digu nor bagarela ikusteko eta erakusteko. Hori oso da garrantzitsua. Arazoa da Azokako zurrunbilo horretatik kanpo ez dugula lortzen euskal kultura erdigunean jartzen, eta horretan badugu zer egina.

Euskal kulturari ematen dion ikusgarritasuna eta egun batzuetako zentraltasun horiek dira, nire ustez, Durangoko Azokaren baliorik handiena. Erakusleiho handi bat da Azoka: erakusleihoa bertara joaten denarentzat eta erakusleihoa kanpotik bizi duenari begira ere, hedabideetan euskal kulturak hartzen duen lekuagatik.

Baina Azokaren ekarpen bakarra ez da ikusgarritasuna; bada merkatu izatea ere. Askotan, bigarren mailan uztera jotzen da, lotsa emango baligu bezala esateak Durangora saltzera ere joaten garela. Azokak sortzen duen giroak aukera ematen du argitaletxeek eta sortzaileek euren lana saltzeko, urtean zehar ez bezala saltzeko, eta hori arnasa da bai eragileentzat bai sortzaileentzat. Hori ere garrantzitsua da. Ez dakit egunen batean bestelako ekonomia sistemaren batean biziko garen, baina gaur egun, euskal kulturak aurrera egingo badu, salmenta ere behar du, eta hori aktibatzen duen elementua da Durango. Onar dezagun haren balioa, eta aldarrika dezagun hori ere behar dugula. Ea gai garen, horretan ere, gure konplexuak alde batera uzteko.

Nire ustez, galera handia da ezin egin izatea aurrez aurreko azoka, eta lehenbailehen itzuli behar dugu lehengo eskemara, baina, bitartean, duguna dugu. Internet bidezko Azoka ere balia dezakegu gure izaera indartzen jarraitzeko, gure ekoizpenari ikusgarritasuna emateko.

Durangoko Azoka, ezinbestekoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude