Durangaldea ezagutu Ondarearen Europako Jardunaldiei esker

Eguzki_erlojuaBigarren urtez jarraian, Gerediaga Elkarteak eta Urkiola Landa Garapenak, Durangaldean Bizkaia mailan egiten diren Ondarearen Europako Jardunaldietarako, eskualdeko egitarau amankomuna bideratu dute, ekimenean parte hartzen duten zortzi udalen laguntza eta elkarlanarekin. Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar ezagutzeko aukera dago urriko asteburuetan antolatu diren ekitaldiei esker.

Elorrion eta Berrizen dagoeneko egin dira jardunaldietako ekintzak. Sortzez Garbia basilika zein herriko kale eta jauregietan zehar bisita gidatuak egin dira. Berrizen, ofizio zaharren erakusketa eta Juan Ramon Iturriza historialariaren herria ezagutzeko modua izan da. Gainontzeko herrietan, eta datozen asteburuetan hauxe da laburbilduta egitaraua:

 

Durango (Urriko zapatu guztietan)

1800. urte inguruan, ilustratuek hiriaz zuten ideia ezagutzeko aukera izango da bisita gidatuan, tartean Santa Anako kanpandorretik. Durangoko Udalak 2009-2010 arte sorkuntza bekan saritu zuen lanari esker, bideokamara birakari batek jasotzen dituen irudiak ere ikusi ahal izango dira turismo bulegoan.

 

Garai (Urriak 16)

Dominga Uriona Valentin Zubiaurre musikariaren amaren irudiak gidatuko du bisita antzeztua, Ilustrazio garaian landa guneko herriek zuten bizimodua ezagutzeko. Gero, “bazkari ilustratu” baten parte hartzeko aukera ere izango da.

 

Iurreta (Urriak 15)

Pedro Uribe Salazar parrokoa zena eta Pedro Domingo Orozqueta alkatea izango dira hitzaldi antzeztu bateko protagonista. Amurrioko Kanpai Joleen Elkarteek, bestetik, kanpai kontzertua emango dute.

 

Mañaria (Urriak 22)

Herriko banderari buruzko berbaldia emango du Iñaki Irigoien ikerlariak. Pedro Pablo Astarloa eta Wilhem Humboldt hizkuntzalariak herrian zehar egingo den bisita gidatu antzeztuko pertsonajeak izango dira. Eta Bizkaiko organurik zaharrenean, Patxi Garcia Garmilla organu-joleak kontzertua emango du.

 

Otxandio (Urriak 23)

Eguzki-erlojuak izango dira protagonista. Durangoko Astronomia Gelari esker, umeentzat eta helduentzat tailerra egingo da. Gero, Durangaldeko eguzki-erloju garrantzitsuenen argazki erakusketa ere izango da Txelu Angoitiaren eskutik.

 

Zaldibar (Urriak 29)

Elizalde plaza izango da ekitaldietako gune nagusia. Plaza honen inguruan eraiki zen herria. Plaza bera bizitza sozialean garrantzia handia izan zuen. Bisita gidatuan xehetasunak emango dira. Eta elizpean bertsoz kantatu eta kontatuko den pilota partidua jokatuko da. Amaitzeko, soka-dantza bat ere egingo da.

 

Izena ematea beharrezkoa

Ekitaldi guztiak doakoak dira (salbuespena  Garaiko bazkari ilustratua), baina aurrez izena ematea beharrezkoa da. Telefono zenbakia: 688 632 284 / e-posta: europaondarea@gmail.com. Informazio gehiago: www.gerediaga.com webgunean.

Durangaldea, ondarea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude