Dual Split: “Musika talde bat familia bat da”

Dual Split: “Musika talde bat familia bat da”

Baptiste Ibar (Paris, 1977) eta Maia Ibar (Paris, 1982) anai-arrebek sortu zuten 2010ean Dual Split taldea. Frantzian jaio, AEBetan hazi eta Euskal Herrian bizi dira; artea dimentsio anitzetan lantzeko gaitasuna duen bikotea. Taldea abiatu eta urte batzuetara gurean aski ezagunak diren bi musikari batu zitzaizkien: Felix Buff (Akize, Okzitania, 1986) eta euren azken fitxajea den Miren Narbaiza (Eibar, 1986).

Dual Split: "Musika talde bat familia bat da"Maia, noiz eta nola hasi zenuten Baptiste eta zuk Dual Split?
Maia Ibar: Aspaldi hasi ginen elkarrekin saltseatzen! Hamasei urterekin musika egiten hasi ginen. Baptiste Bizi Gara izeneko taldean jotzen zuen, New Yorken. Garai horretan proiektu paraleloa hasi nuen bakarka, Rita and the Labyrinth izenekoa. Horren ondoren taldearekin jotzen hasi nintzen; Teen sortu genuen hainbat lagunen artean. Teen utzi nuenean hasi zen Dual Split indarra hartzen.

Zuen aita fisikaria da. Dual Split izenez omenaldia egin nahi al zenioten?
M.I.: Jatorri euskaldunekoa den gure aita zientzilaria da eta fenomeno horrek berarekin zerikusia du. Atsegin dugun kontzeptua da: batetik, aitarekin eta gure arbasoen jatorriarekin zerikusia duelako, eta bestetik, askotan artean esploratu dugun dualitatearekin lotura duelako. Gure bizitza dualitatean oinarrituta egon da urte askoan, han hemenka ibili baikara.

Bikote bezala jotzen hasi zineten arren, Felix Buff gehitu zenuten taldera. Musikak eskatzen al zituen musikari gehiago?
M.I.: Baptiste eta biok Brooklynetik etorrita duo formatuan jotzen genuen. Gustatzen zitzaigun arren, zerbait faltan zela sumatzen genuen: zuzeneko bateria, eta noski, bateri-jolea. Sampler eta teklatu pila bat genituen, horrekin batera Baptistek erritmorako hainbat gailu erabiltzen zituen. Otu zitzaigun beste norbait behar genuela, pertsona batentzat gehiegi baitzen zuzenekoetan hainbeste gauza egin behar izatea. Johannes Buffekin (musika teknikaria), egin genuen gure lehenengo EPa. Felixen anaia da, horregatik ezagutu genuen elkar.
Felix Buff: Ikusi nuenean pedal guzti horiekin eta gainera erritmo makinarekin… pertsona batentzat gehiegi zela argi nuen. Baptistek inprobizazioa atsegin du, zuzenekoetan energia berezi hori sortzea atsegin du.

Bat-bateko maitemina?
M.I.:
Felixek interesa agertu zuen, hasiera-hasieratik ulertu baitzuen zer zen behar genuena.
F.B.: Bai, zuen musikak erabat harrapatu ninduen. Tin Trails taldearekin musika elektroniko apur bat jotzen nuen. Bira egin genuen eta musika elektroniko hori zuzenean jo genuen, beraz, banuen tankera horretako musika jotzeko beharrezko ekipoa eta gogoa. Kontua da, zuzeneko bateria eta bateria elektronikoa nahastu behar direla.

Eta nola sartu zen Miren?
M.I.:
Miren zortzi hilabete atzera hasi zen gurekin jotzen. Bilatzen ari ginen… Hirukote bezala ondo funtzionatzen zuen arren, banuen gogoa nire ahotsan arreta handiagoa jartzeko. Beraz, mota jakin bateko geruzak faltan ziren. Bikotea izanik zerbait egiten duzu, hirukotea izanik beste gauza desberdin bat da, eta lau pertsona izanik beste bat, aurretik heldu ezin zinen kontuetara heltzeko aukera ematen dizulako. Felixek Miren zuen buruan, gitarra jo abestu eta hainbat instrumentu jo ditzake…

ELKARRIZKETA OSOA: GAZTEZULO.COM-en

Dual Split: “Musika talde bat familia bat da”
musika

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude