Domingo Garat (II)

Domingo Garat (II) –

1790 urteko urtarrilan Frantziako Legebiltzar Konstituziogileak erresumako eremua 83 departamendutan banatzea erabaki zuen. Iparraldeko hamabi diputatuak beren artean ados jarri ziren euskal departamendu baten eskatzeko, Uztaritzeko Garat bi anaiak bozeremaletzat harturik. Baina Bearnoko hamar diputatuek berena eskatu zuten, aski handia, Bigorra, Bearno, Zuberoa, Baxenabarre baita Landetako Chalosse eskualde txikia juntatuz. Bigorrak eta Chalosse delakoak ihes egin zioten. Ordainez Lapurdi beretu zuten. Departamendua Bearno deitu zen, hiriburua Paue, eta ez Po, Euskal Telebistatik entzuten dudan bezala.

Domingo Garat (II)
Bi anaien hilobia, monumentu txiki batek babestua, Uztaritzeko hilerri punta batean dago, dirudienez franko utzia.

Ez dago diputatu bearnesen gaizkitzerik, haiek beren lana egin baitzuten, euskaldunek ordea ez. Nafarrak ez ziren Frantziako Legebiltzarrera agertu ere, zuberotarrak oso guti, salbu Jean-Pierre d’Arraing Mauleko auzapez ohia, lapurtarrak ez gehiegi, salbu Garat anaiak : biek ahal zutena egin zuten bururaino, d’Arraing zuberotarraren sostenguarekin, alferrik. Egia da bitartean Zuberoako apezeriak bere ordezkari hautatua zuen Oloroneko apezpikuak euskaldunei bizkarra itzuli ziotela, bearnesek nahi zuten departamendu handiaren alde jarriz.

Hastapenera itzuliz, Legebiltzarreko “Comité” delako Batzordeak Bearnoko departamendu xedea biltzar osoari proposatu zion, Iparraldeko hiru lurralde historikoak barne. Domingo Garat gehiena (1735-1799) diputatuei honela mintzatu zitzaien : “Hizkuntzen arteko diferentzia ezin baztertuzko oztopoa da. Proposatua zaizuen bilketa ezinezkoa da fisikoki eta moralki. Bilzkitzue bi hizkuntza ezberdinetan mintzo direnak, zer nahi duzue elkarri erran dezaten ? Azkenean zatituko dira Babel dorreko gizonak bezala…” Garat gazteenak (1749-1833) hizkuntza ezberdinen arazoaz anaia gehienak errana bere gisan errepikatu zuen, eta ekonomiazkoa gehitu zion : “Euskaldunek ez dute etxetiarrik ; lurra berek lantzen dute…eskualde horietan doi-doia edireten dira Asanblada Nazionalerako hautetsigaien emateko ondasun aski baduten familiak. Juntatze horrez Bearnok ordezkari guztiak izendatuko ditu, Euskal Herriak ez du bakar bat ere ukanen…” Baina Legebiltzarrak “Comité” delako Batzordearen proposamena beretu zuen eta, 1790 urteko otsailaren zortzian “département du Béarn” delakoa sortu, Iparraldeko hiru euskal lurraldeak Bearnori gehituz.

Laster oharturik “Bearno” izen horrek euskaldunen anexioa garbikiegi adierazten zuela, “département des Basses-Pyrénées” deitu zuten. 1969 urtean “Pyrénées Atlantiques” izena emanen diote. Garat gazteenak anexioa Asanbladan salatua zuen hitz hauez: “Nire probintziak aho batez protestatzen du !” Diputatuek marmarikaz isilarazi zuten. Uhart Zuberoako jaunek hautatu diputatuak ere ezadostasun bat adierazi zuen, debaldetan. Ondotik Garat gazteena justiziako ministro izan zen Konbentzioko gobernuan, eta senadore 1. Inperio denboran. 1809 urtean Napoleoni plan bat proposatu zion Euskal Herri osoaren alde, zazpi lurralde historikoak bizpahiru departamendutan bil zitzan Frantses Inperioaren baitan. Enperadoreak beste lanik bazuen Espainiako gerlaren haste horretan, eta Garaten xedea geroko utzi zuen, hots betiko.

Garat gazteen hori franko nasaiki aipatu nuen 1993ko udan, Gotaine-Irabarne herriak antzezturiko “Euskaldunak Iraultzan” delako pastoral / trajerian. Anaia zaharrena ordea ahantzirik egon da. Aurten Pagola herriak ospatzen du Domingo Garat pastoralaz, Frantxua Caset herritarraren lumatik. Bi anaien hilobia, monumentu txiki batek babestua, Uztaritzeko hilerri punta batean dago, dirudienez franko utzia.

Jean Louis Davant

Domingo Garat (II)
Domingo Garat (II)

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.