Dock of the Bay jaialdiak banatu ditu sariak

Dock of the Bay jaialdiak banatu ditu sariak –

Dock of the Bay, Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdiak 14. edizioa izan du ekainaren 7tik 12ra. Behin amaituta, Lois Patiño, Maialen Beloki eta Niño de Elchek osatutako epaimahaiak sariak banatu ditu.

Jaialdiko Dokumental Onenaren Saria Wiebke Pöpel-en “Helmut Lachenmann: My Way” filmak eskuratu du (Alemania, Italia, Suitza), “Musikagile erradikal bat ikuslearengana hurbiltzeagatik, musika zehatzaren konposizioaren garrantzi historikoaz jabetuz eta erretratu hurbil eta humanista bat sortuz”, epaimahaiaren aburuz.

Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bat egin dio Johana Ožvold-en “The Sound is innocent” filmari (Txekiar Errepublika, Frantzia, Eslovakia), “Elektronikak entzuteko moduak eraldatzen nola lagundu duen hausnartzeagatik eta forma zinematografiko bereziak esploratzeko duen borondateagatik”.

Aurten lehen aldiz, film laburrak ere izan dira Dock of the Bay jaialdiko lehian. Epaimahaia Esther Cabero, Marina Lameiro eta Xabier Erkiziak osatu dute, eta Film Laburrik Onenari Saria Eloy Dominguez Seren-en “Os Corpos” (Espainia) filmari eman diote.

“Batzuetan beharrezkoa da zaratara itzultzea musika entzun ahal izateko. Baina, jaialdi honetan aurkezten den pelikula batean Helmut Lachenmann konposatzaileak dion bezala, zarata izeneko unibertso amaigabe horrek, soinu librez osatutako paradisua baino belarrientzako gartzela ere izaten amai dezake. Ezin dugu ahantzi, zaratak ere badituela bere formak, bere arauak eta bere tradizioak.

Hain zuzen gure entzumenaren genealogia hori erakusteagatik, eta zarata gure kultur tradizio zaharrarena dela oroitarazteagatik, epaimahai honek Eloy Dominguezen “Os Corpos” filma saritu nahi du. Galiziako herri inauteria entzutetik eta begiratzetik, aldiberean urruna eta hurbila zaigun egutegirik gabeko festa batean eta denborarik gabeko zarata batean murgiltzeko luzatutako gonbidapenarengatik”.

Dock of the Bay jaialdiak banatu ditu sariak

.

Publikoaren Saria

Behin epaimahaien sariak aurkeztuta, publikoarenak aipatuko ditugu. Film luzeei dagokienean, Celeste Bell-en “Poly Styrene, I´m a cliché” (Britainia Handia) filmak eskuratu du Publikoaren Saria. Eta film laburrei dagokienean, Niete-ren “Entre el monte y la marisma” (Espainia) filmak.

Dock of the Bay jaialdiak banatu ditu sariak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude