Dinosauruaren egiak

 images4.jpg
Oso oker ez banago, Augusto Monterroso eta beste hiru lagun, egun batzuk pasatzera joan ziren mendiko txabola batera. Lagunetako bat oso berritsu zebilen, gainerakoak nazkatzeko lain bai behintzat. Gainera, zurruteroa izaki, denak nekatzen zituen bere kontu gehiegizkoekin. Horregatik jarri zioten Dinosaurua ezizena. Eta halaxe ibili ziren Dinosauruak hau egin du, Dinosauruak hau esan du… pare bat egunetan. Azkenerako, iluntze batean, Dinosaurua haserretu egin zen , eta  lagunetako bati esan zion bihar goizalban alde egingo zuela txabola hartatik, denak bakean lagata. Alegia, esnatzen zenean, bera ez zela han egongo. Biharamunean, ordea, nobedaderik ez, Dinosauruak hantxe jarraitzen zuen. Hori da dena.

Baten batek galdetuko zion Monterrosori: “¿Has visto a Miguel?” Eta honek erantzun: “Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí”.

(Ez galdetu nondik eta nola dakidan. Hala izan ote zen zehazki ere ez dakit eta. Baten bati entzungo nion, oso oker ez banaiz, txabola hartan egon baina Monterroso edo Dinosaurua ez zirenetako bati. Auskalo).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Dinosauruaren egiak”-ri buruz

  • “Katebegi galdua” nobelan (1995, Susa), laugarren zatiko bigarren kapitulua irakurtzeko gomendioa egiten dizuet. Zertaz dihardu? Nola euskaratu Montorrosoren ipuina, ze arazoren aurrean aurkituko den itzultzailea, eta itzulpen posible “guztiak” argitaratzeko zenbat liburu egin beharko genituzkeen, eta halako kontuak. Nik barre pixka bat egin nuen kapitulu hau irakurrita:
    http://www.susa-literatura.com/liburuak/narr1732.htm

  • Neuk kontatu nian hori guztia, H

  • Ez, mon ami, oraintxe akordatu nauk: irratiz entzun nioan elkarrizketa batean han egondako bati. Bazitekek hi ere horretaz aritu izana, baina hirea ez eta hura badiat gogoan. I’m sorry.

  • Koldo Izagirreren izena erabili duzun koldar horri, agurrik ez, baina pare bat argipide bada ere, gusturago egin dezazun irri:
    1- harritzen nintzen bai, Koldok halako zer edo zer esatea blog honetan, baina memoria txarrekoa naizenez, zergatik ez? Mila kontu zor dizkiot Izagirreren jakintzari. Beste bat baino ez zatekeen dinosauruarena.
    2- zure idatziak kaltea baino ez dio egiten alua.mundua honetan orain arte irakurleekin eduki dugun harreman zabal, erraz eta oparoari. Zorionak, beraz, zure letrazaletasun zangatrabatzaile eta tranpati horri. Jakin ezazu, aurrerantzean, mesfidantza ezarri duzula halakorik ez zegoen tokian. Bravo!
    3- eskertuko nizuke ni eta neure blog hau, zure kontuen artetik betiko ezabatuko bazenitu, izango dituzu leku aproposagoak zure mezu jostariak zabaltzeko. Egin ezazu zeure bloga, esaterako. Besteok bezala, idatzi, idatzi eta idatzi, eta konbokatu bertan masak zure ideia magnifikoak ezagutzera emateko. Segur nago ikaragarri interesgarriak behar dutela izan. Egin lan, beraz, inorenak aldrebesten dituen alferrontzia izateari utzita.
    4- ikusten da ez duzula ezagutzen Koldo Izagirreren lana. Ez galdu denborarik, ez baita zuretzako modukoa. Ezagutzen duzu zerri eta margariten kontua, ez da?
    5- zoaz antzarak ferratzera.

  • Kaixo Hasier!
    Beste idazle baten izena erabiliz idazle batek esandakoari buruz hirugarren idazle batek dioena berak kontatua dela ziurtatzen duen gutuna bidaltzea, ba… joko literarioen barruan kokatuko nuke, apokrifokeriaren eremu libertigarrian. Lan zaila jarri dit ordea umore handiz jainkoa.com goiplanetako biztanle (bakar, suposatzen dut) izendatu nauen beste koldo izagirre horrek, behartu egin nau Monterrosoz zer edo zer esatera, horixe dira apokrifo probokatzaileak, erronkak, aldian behin paraliteraturako kontuak irakurtzen ditudan arren aspertu egiten bainaute, gehiena “mots d’esprit” asmatzeko karrera iruditzen zait, eta, beste latinoamerikar batek karrera hondatuko ziola mehatxu egin zionari erantzun ziona esan behar nuke, nik ez dut karrerarik egiten, horixe Bryce Echeniquek. Monterrosoz… Gogoan daukat elkarrizketa batean esan zuela inoiz egin dioten entrebistarik onena hauxe izan zela: galdera, “Dou you?”, eta bere erantzuna “Very”. Bai, hitzen desmasiaren aurkako jarrera hori, baina gero hartaz jardun ahal izateko moduan emana eta, are gehiago, entrebista anti-entrebista horiek liburuan jasotzeko (Viaje al centro de la fábula, oker ez banago).
    Halaxe gure literatura ere, bere autofabulan. Hemendik urte batzuetara, agian, beste koldo izagirre horrek beste koldo izagirre honen izenean zuri bidalitakoa eta zuk erantzuna argitaratuko du Hasier Etxeberriaren izenean… Bitartean, bere diarioan gordeko zituen noski, pozarren, testuok.
    Zuk esaten zenuena berak esan zizula esaten ez dizun hau bera ote naizen ez dakien eta nik esan ez banizun (sinets egidazue, irakurleok, nik ez dudala Montorresorena komentatu inoiz, ustez, Hasierrekin), zuk komentatua esan zizuna hura bera izan ez ote zen zalantzan dagoen
    Koldo Izagirre

  • […] RSS bidez duela minutu batzuk heldu da nire Alestiko kontura. Sarritan aipatzen da Monterrosoren ipuina. Berriako edizio digitalean bota duten hau ere ez da makala gero. […]

  • Zumaiar batek dinosauruaren kontuari beste lotura bat topatu dio, bertsotan. Xabier Azkuek Basarri saria irabazi berri du bertsopaper horiekin. Honako helbidean ikusi eta eskura dezakezue dokumentua: http://www.baleike.com/pdf/dok/ALGORRI-HARRI%20GORRI.pdf