David Regevsky

David Regevsky –

Iñaki Egañak Irutxuluko Hitzan.


Bere historia ezezaguna da Donostiako bizilagunentzat. Historialari eta zinemazaleek, beharbada, abizena Enigmarekin lotuta egon zelako ezagutuko dute, naziei euren artean modu zifratuan komunikatzeko balio zien makinarekin. Izan ere, Regevsky izeneko batek tripak argitu zizkion. Baina ez zuen zerikusirik donostiarrarekin. Gurea Errusiatik etorri zen, han jaioa baitzen. Bestea Poloniakoa zen.

David Regevsky

Errusiako Iraultzak alderdi galtzailean harrapatu zuen, zurian. Eta, milaka lagunekin batera, Siberiara bidali zuten, Asiako kontinentearen puntara. Hotza, bakardadea eta atsekabea. Eta Siberiatik historiako ihesaldirik harrigarrienetako baten protagonista izan zen. 2010ean, Peter Weir zuzendari estatubatuarrak The Way Back filma zuzendu zuen. Filmaren argumentua Regevskyri gertatu zitzaionaren berdina da. Milaka kilometroko ihesaldia, Siberiatik Txinara. Baina Regevskyrenak eta fikziozkoak ez zuten zerikusirik. Kasualitatea.

Regevskyrekin abiatu ziren 13 iheslarietatik hiruk bakarrik iraun zuten bizirik. Txinan, aurkituak izan ez zitezen, hilobien artean biziraun zuten, gauez. Harik eta pixkanaka, Europara itzuli ziren arte. Berriro bidaia amaigabe batean. Eta, ezagutzen ez ditudan arrazoiengatik, Regevskyk Donostian amaitu zuen bere ibilbidea, Nizan lurreratu ondoren. Bere bidaian margotu zituen ehun margolan, Siberiako lehenak, Donostian erakutsi zituen.

Errepublika eta gerra iritsi ziren. Bere jatorri errusiarrak susmagarri egin zuen bi aldeentzat. Errepublikarrentzat iragan «zuria», faxistentzat errusiar izaera. Ondarretako kartzelan sartu zuten. Gerra saihesteko, berriro ihes egin zuen, orduko hartan muga gurutzatuz Ipar Euskal Herrirantz, non berriz ere atxilotu zuten nazien sarreran. Bizirik atera zen, eta, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Donostiara itzuli zen. Amparo Zocorekin ezkondu, eta bi seme-alaba izan zituen, David eta Sonia.

Bere biografian gehien hunkitu ninduena, hala ere, bere amarekin izan zuen harremana da. Sobietar Batasunetik behin betiko Donostian finkatu ondoren ekarri zuen. Andre zaharrak armairu batean pilatzen zuen soberako ogia, katagorriek intxaurrekin egiten duten bezala. Katagorriek beren intxaurrak non lurperatu dituzten ahazten dute. Natashak, ordea, memoria ona zuen. Goiz batean, Davidek armairua ireki, eta harrituta geratu zen. Ogi zatiz beteta zegoen. Arrazoia galdetu zion amari. Eta erantzuna ezin logikoagoa izan zen: garai txarretarako metatua.

Aurreikuspen istorio hura gaur egun imajinaezina litzateke hainbeste gorabehera dituen familia batean. Garai nahasiak bizi ditugu, baina ez aurreikusteko modukoak. Pandemia heldu da, eta, ziurrenik, beste batzuk etorriko dira datozen urteetan. Inprobisatzen jarraituko dugu, iraganeko irakaspenak jaso gabe. Ama asko behar ditugu, Regevskyrena bezalakoak.

David Regevsky

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude