Dantzan Ikasi 2020-2021 abian da

Dantzan Ikasi 2020-2021 abian da –

Dantzan ataritik jasoa.

Dantzan Ikasi. Argazkia: Josu Garate – dantzan.eus CC BY-SA

Covid-19ak bultzatutako etenaren ostean, Dantzan Ikasitik eskaintza zabala bezain interesgarria osatu dugu ikasturte honetarako dantzako irakasleen formaziorako. Saio teorikoak zein praktikoak tartekatuko dira azaroan hasi eta datorren urteko maiatzera bitartean. Beasain, Eibar eta Errenteriaren artean banatuta, guztira bost formazio jarduera izango dira bederatzi saiotan zehar landuko direnak.

Edukiei dagokionez Maritzuli izango dugu berriz gure artean Lau urrats eta kitto! dantzan irakasteko baliabideen inguruko formazioa eskaintzeko. Bestalde, euskal dantzarekin zerikusi zuzena duten hiru ikerketa lanen emaitzak ekarriko ditugu haien egileen eskutik: Oier Araolaza eta Dantza eta generoaJon Olazkuaga eta Pamperruque, eta Maialen Araolaza eta Dantza eta osasuna zahartzaroan. Ikasturtea borobiltzeko jardunaldi berezia izango da maiatzean; Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak izenburupean bateko eta besteko adituak batuko ditu gaiaren inguruan izaten ari diren esperientziak eta ekarpenak elkarbanatzerako espazioa sortu asmoz.

Dantzan Ikasi 2020-2021:

Azaroak 12, osteguna (Portalea Kultur Etxea, Eibar)

  • Hitzaldia: Dantza eta generoa I (Oier Araolaza)

Azaroak 28, larunbata (Antzizar Kiroldegia, Beasain)

  • Ikastaroa: Lau urrats eta kitto! I (Maritzuli)

Abenduak 17, osteguna (Portalea Kultur Etxea, Eibar)

  • Hitzaldia: Dantza eta generoa II (Oier Araolaza)

Urtarrilak 9, larunbata (Antzizar Kiroldegia, Beasain)

  • Ikastaroa: Lau urrats eta kitto! II 8Maritzuli)

Urtarrilak 28, osteguna (Portalea Kultur Etxea, Eibar)

  • Hitzaldia: Dantzaren onurak zahartzaroan (Maialen Araolaza)

Otsailak 27, larunbata (Antzizar Kiroldegia, Beasain)

  • Ikastaroa: Lau urrats eta kitto! III (Maritzuli)

Martxoak 13, larunbata (Antzizar Kiroldegia, Beasain)

  • Ikastaroa: Lau urrats eta kitto! IV (Maritzuli)

Apirilak 17, larunbata (Dantzagunea, Errenteria)

  • Hitzaldi dantzatua: Pamperruque (Jon Olazkuaga – Maritzuli)

Maiatzak 8, larunbata (Hezkuntza Esparrua, Eibar)

  • Jardunaldia: Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak

Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

.

Lau urrats eta kitto!

Umeekin dantza tradizionala lantzeko eredu bat aurkeztuko dute Claude Iruretagoienak eta Jon Olazkuagak lau saio hauetan. Dantza tradizionala umeekin lantzeko proposamen eta baliabideak emango dizkigute Maritzuli konpainiako dantza-maisuek. 1996an estreinatutako Ixtorio Mixtorio ikusgarriaren prozesuan du abiapuntua Lau urrats eta kitto izeneko formazio jarduerak eta orduan garatutako ereduan sakontzen jarraitzen dute gaur egun ere.

Lau urrats eta kitto! oinarrietara jotzeko deia da. Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu dezaketela umeek erakutsiko digute. Urrats horiek ikasiz eta bakoitzarekin egin daitezkeen dantzak jorratuz umeekin egindako ibilbidea aurkeztuko da ikastaro honetan.

  • Irakasleak: Claude Iruretagoiena eta Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Datak:
    • 2020ko azaroak 28, larunbata
    • 2021eko urtarrilak 9, larunbata
    • 2021eko otsailak 27, larunbata
    • 2021eko martxoak 13, larunbata

Maritzuli, Ixtorio Mixtorio. Eibar, 2012-05-05. Argazkia: Iñaki Zugasti – Dantzan CC-BY-SA
.

Dantza eta generoa

Luzaroan itxita ezagutu dituzten ateak irekitzen joan dira emakumeak azken hamarkadetan. Dantzariak gizon ala emakume diren begiratu gabe, bereizketarik gabe dantzatzeko nahiak bidea egin du eta milurtekoaren hirugarren hamarkadaren atarian han hemenka errotzen hasi dira genero markarik gabeko dantzariek osatutako taldeak. Nolanahi ere zalantzaz betetako bidea izan da eta izaten ari da oraindik ere. Baina nondik datoz zalantza eta zailtasun horiek guztiak elikatzen dituzten aurreiritziak? Galdera horiei erantzuna eman nahian gure artean izango dugu Oier Araolaza dantzaria eta ikertzailea. Hain zuzen ere, emakumeak euskal dantzetan izan duen lekuaren inguruko tesian jasotako emaitzak izango ditu hizpide hitzaldia banatuko den bi saioetan.

  • Hizlaria: Oier Araolaza

San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi – Dantzan CC-BY-SA
.

Dantza eta osasuna zahartzaroan

Bizi itxaropenak gora eta gora egin ahala, zahartzaroko urte horiek guzti osasunez bizitzea gure gizartearen eta agintarien ardura nagusietakoa bihurtu da. Osasuna jarduera fisikoari loturik, kirolean jarri izan da fokua luzaz, baina hainbat aditu, gero eta ozenago, dantzaren onurak seinalatzen ari zaizkigu pertsonen osasun fisiko eta mentalean. Aditu horietakoa den Maialen Araolaza ekarriko dugu Dantzan Ikasira. Hain zuzen ere euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu ditu Maialen Araolaza unibertsitate irakasleak eta ikertzaileak defendatu berri duen doktore tesian. Bilbao Musikan dantza tradizionala ikasten duten Patxi Labordaren hainbat ikasleren jarraipena egin du, dantza egiteak haien funtzioetan zer nolako ondorioak dituen neurtuz. Ikerketaren emaitzak pasa den uztailaren 17an arrakastaz defendatu duen “Dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsoriomotore eta neuropsikologikoak adineko emakumeetan” izenburuko doktore tesian jaso ditu.

  • Hizlaria: Maialen Araolaza
  • Datak: 2021eko urtarrilak 28, osteguna

.

Pamperruque, hitzaldi dantzatua

XVIII. eta XIX. mendeetan, Lapurdiko kostaldeko hiriguneetan, kalez kale, bertako jauntxoen eskutik karrikaz karrika egiten zen dantza ibiltaria zen pamperruque. Jon Olazkuagaren eskutik karrika-dantza honen gorabeherak ezagutzeaz gain, ikasteko eta dantzatzeko aukera ere izango dugu hitzaldi dantzatu honetan. Bi hamarkada joan dira Maritzuli taldeak karrika-dantza honen inguruko ikerketa lana hasi zutela eta 2001eko Maitaldian, berriz, kalean biziberritu zituela. Olazkuagak dantza honen inguruko dokumentazioa aztertuz jarraitu du azken urteotan, doinu, koreografia zein jantziteriaren inguruko zehaztasunak eta datu berriak gehituz Maritzuliren lanketari.

Hitzaldi dantzatua: Pamperruque

  • Hizlaria: Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Datak: 2021eko apirilak 17, larunbata
  • Ordutegia: 10:00–13.00
  • Lekua: Besaingo Antzizar Kiroldegia (Igartza Oleta,3)
  • Prezioa: 15 €
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

Dantzan Ikasi 2020-2021 abian da

.

Jardunaldia: Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak

Tradiziozko dantzek izatean daramate transmisioa, hitzek elkarri esanahia eta zentzua ematen baitiete. Gizartea aldatuz joan ahala, tradizioak testuinguru berriak bilatu behar izan ditu, dantzak bereziki: funtzio berriak, modu berriak, hartzaile berriak… Berezko transmisioaren aukera aspaldi da ia guztiz desagertu zela eta beraz euskal dantzen irakasleen ardura eta buruhauste handienetakoa izan da ?izaten jarraitzen du? transmisiorako modu eta erreminta berrien bilaketa. Bide horretan ardura horri erantzuna emateko hainbat modu, lanketa eta helduleku izan dira; bateko eta besteko ahaleginak komunean jarri nahi dira jardunaldi honen bitartez. Dantzaren transmisioan lanena diharduten zenbait aditu batuko ditugu horretarako haien esperientziak haien artean eta bidez gurekin elkarbanatu ditzaten. Azalpen teorikoarekin batera jardunarekin praktikatzeko aukera ere izango dugu.

Jardunaldia: Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak

  • Hizlariak: zehazteko
  • Datak: 2021eko maiatzak 8, larunbata
  • Ordutegia: 10:00–13.00
  • Lekua: Eibarko Hezkuntza Esparrua (Otaola hiribidea 29)
  • Prezioa: 25 €
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

Dantzan Ikasi 2020-2021 abian da Dantzan Ikasi 2020-2021 abian da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude