Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia

Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia –

Dantzan.eus ataritik jasoa.

Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia
Beñat Irigoien, Galtxetaburu.

Soinularia, kantaria eta kontalari ona. Galtxetaburu zendu zela 30 urte bete diren honetan haren musika eta dantza-jauzien berpiztean izan zuen eragina gogora ekarri dute Irulegi Irratian. Beñat Galtxetabururen oroitzapen eta musikak berpiztu dituzte Jean-Christian Irigoien semeak eta Jean-Michel Kantero Kiteria berarekin musikari aritutakoak. Maiz egiten diote tartea Irulegi Irratian gure musika eta dantzei; hamabostean behin esaterako, Marie Agnes Gorostiagek dantza-elkarrizketak eta dantza-gaiak jorratzen ditu Dantzan-ekin lankidetzan.

Hogeita hamar urte dira Beñat Irigoien Galtxetaburu (Kalifornia 1934 – Gamarte 1990) hil zela. Mañes Iriondo eta Graxina Bidart zituen gurasoak. Kaliforniako Monterrey Parken jaio zen, baina gero Gamarten bizi izan zen. Gaztetan heldu zion eskusoinuari, 17 urterekin eta 40 urtean ez zuen askatu.

Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia
Argazkia: Henri Uhaldeborderen bilduma

Bakarrik hasi zen musikaren munduan, baina segituan hainbat taldetan hasi zen. Gazte eta Beni-Roberto musika taldeak sortu zituen hasieratan eta ondoren Antton Pierrastegik zuzentzen zuen Ramuntxo taldean jotzen hasi zen. Azken hamabost urtetan berak hartu zuen taldearen gidaritza; 1975ean gelditu zen Ramuntxo. Garai horietan rock musika ere indartsu agertu zen, baina momentu berean tokiko doinuei eusten jakin zuten.

.

Dantza-jauzien itzulera

Nafarroa Beherean jauzian alde lan handia egin zuen Galtxetaburuk. Erreferente handia izan da dantza-jauziak jotzeko eskusoinua erabili dutenen artean. Dantzaldietara mutxikoak edo dantza-jauziak ekarri eta horiek dantzatzeko berpiztean eragin zuen bere soinuaren laguntzaz 1980eko hamarkada inguruan.

Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia
Argazkia: Henri Uhaldeborderen bilduma

Peio Jaury eta Henri Uhaldebordek gogoratzen dute dantza-jauziak galduak zirela eta Galtxetaburu hasi zela dantzaldietan ematen. “Dantzaldiaren bukaerako fandangoa klasikoa zen eta mutxikoak edo lapurtar motxak doi bat, baina ez zen gauza handirik, Beñat aitzin. Mutxikoak 1975-1980ko urteetatik landa zabaldu ziren. Beñat aitzindari izan zen horretan”. Uhaldebordek dio Beñat Galtxetabururekin hasi zirela jauzi guztiak ematen; “Baziren bertze talde anitz, baina ez zituen bertze nehork dantza guziak ematen. Bestalde anitzek erraten zuten Beñaten taldekoak “enbatak” zirela”. Zenbaitentzat, garai haietan musikariak deabruaren lagunak edo “enbata” bezala izendatzen zituzten.

.

Musika sakona

Dantza-jauziak ematen zituen eskusoinuarekin eta horrez gain urratsak ere berak kantatzen zituen. Musikari sakona zela dio Jean-Christian Irigoien semeak, musika barnetik bizi zuena. Soinulari nekaezin modura gogoratzen dute kideek, dantzaldietan ez zen gelditu ere egiten. Urterik oparoenetan urtean ehun bat saio izaten zituen, abuztu batean egunero izan zuen musika saioa.

Galtxetaburuk 1988an egin zituen dantza jauzien grabazioak mugarri izan ziren. Michel Aurnageren arabera dantza-jauziek bazituzten erritmo eta pultsazio bereziak, “Beñat Galtxetaburuk akordeoiz lortzen zuen erritmo hori pasaraztea. Nola ematen ziren ulertzeko, Beñaten edo Maurizio Elizalderen grabaketak entzun behar dira, edo Xiberora jo behar da, Jean-Mixel Bedaxagar edo Mixel Etchecopar-en entzutera”.

.

Informazioa:

Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude