Cósele el rabo al lagarto

cosele.jpgAlber Váquez. Cósele el rabo al lagarto. Hipálage (2008).

Aspalditik neukan gogoa Alber Vázquez-en liburu bat irakurtzekoa. Interneten aurkitutako bere zenbait artikulutan, sekulako indarra ikusi izan diot Errenteriako mutil honi. Nobelak ere baditu dozenatik gora argitaratuta eta, hain gaztea izaki (1969), iruditzen zitzaidan zerbait galtzen nuela haren lana ezagutu gabetan. CÓSELE EL RABO AL LAGARTO du narrazio lehen liburua, eleberria eta poesia izan baititu orain artekoak. Bost ipuin, beraz, guztiak ATILA LONGO izeneko kazetariak protagonizatuak. Ikusten da Vázquezek HUNTER S. THOMPSONen lana oso gogoko duela, hark bezala honek, GONZO itxurakoak idatzi baititu. Erran nahi baita, ATILA LONGO delakoa, kazetari kronikak idaztera joaten dela hara eta hona, baina ez lekuko edo kronista huts bezala, baizik eta kontatu behar duen horretan ardatz bihurtuta egiten duela kazetari lana. Eta hala, lehen ipuinean, esaterako, Izagirreren Metxa zaharra ekarri dit, nolabait, gogora, ATILA LONGO kartzelara sartzen baita, ihesketa bat antolatzera. Lehen ipuin hori da, hain juxtu, gehien atsegin izan zaidana, besteak goreegiak gertatu baitzaizkit: kanibalismoa, likantropia, sodomia… Esan dezgun, liburu honetan kontalari indartsu bat dagoela, telebistako serieek eragindakoa (CSI, House…), ketchup eta tabasco saltsak kontakizunean erabiltzen dakien horietakoa, baina pertsonaia oso bazterreko eta eskatologikoegiak hautatzen dituena, aukeran. Horixe esan nion bart mail batean, gogortxo eta nazkarriegiak egiten zitzaizkidala kontakizunak. Segidan eman zidan erantzun ironikoa, zinikoa ez bada: los escritores vascos castellanoescribientes siempre hemos pensado que los escritores vascos vascoescribientes erais todos una cuadrilla de nenazas. Salbuespenak salbuespen, arrazoia duela erantzun diot.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)