Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik –

Koronabirus izurriteak izua, beldurra, heriotza eta konfinamendua ekarri bazituen ere, era guztietako artista eta idazleren bultzagilea ere izan zela onartu beharra dago. Konfinamendua luze-luzea egin zitzaigun denoi, batez ere, tunel ilunaren irteerarik ez zelako inondik inora ikusten. Haatik, izan ziren hori baliatuz, sortzeari ekin ziotenak, mundu osoan eta baita gure Euskal Herrian ere. Konfinamenduak eskaintzen zigun derrigorrezko aisian, era guztietako kantuak, bertsoak, olerkiak, ipuinak, narrazioak, liburuak eta itzulpenak egin zituzten. Itzulpen horietako bat da orain aipatuko duguna, Auxtin Zamora olerkari senpertarrak XIV. mendeko Christine de Pizan anderearen “Saltze jostetak”  (Jeux  à vendre) olerki bildumarena, hain zuzen.

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

1.- Christine de Pizan anderearen nondik norakoak

Christine de Pizan Venezian sortu zen 1364. urtean, eta ospetsua izan zen filosofari, olerkari eta idazle humanista gisa. Emakumeak garaiko gizartean zuen menpeko egoeraren aurka idatzi zuen zenbait lanetan, eta horregatik badira aitzin-feminista gisa hartzen dutenak.

Aita Tommaso de Pizan zuen, fisikari, astrologo eta Veneziako Errepublikaren kantzilerra izan zena.  Christine jadanik jaioa zela, Tommaso de Pizanek Frantziako Karlos V.ak bere gortera, errege astrologo, fisikari eta alkimista gisa joateko egin zion gonbita onartu zuen, eta Frantziara aldatu zen familia osoarekin. Gortean bizi zirela, Christinek goi mailako heziketa jaso zuen eta frantsesez, italieraz eta latinez ongi mintzatzen eta idazten ikasi zuen. Han ezagutu zituen klasikoak eta goiz berpizkundearen humanismoa, orduz geroztik bere-berea egin zuena.

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

1380an, hamabost urte zituela,  gorteko idazkaria zen Étienne du Castelekin ezkondu zen. Urte berean hil zen Karlos V. erregea, 1390an aita hil zitzaion, eta 1395ean senarra. Christine, hogeita bost urterekin, alargun eta hiru seme-alaba ttipirekin gelditu zen. Beharrak eraginda, Christinek idazle profesional bilakatzeko erronkari eutsi zion, eta garaiko noble ainitzek lagunduta, ospe eta zabalkunde handia lortu zuen. Printzeek eta erregeek olerki bildumak, gogoetak eta narrazio filosofikoak eskatzen eta ordaintzen zizkioten, eta horri esker, bere familia aurrera atera ahal izan zuen.

Hirurogeita bost urte zituela, idazteari utzi zion. 1430. urtean zendu zen Poissuko monasterioan.

Bere liburu famatuenak hauek dira:

–  L’Épistre de Othéa a Hector.   (Oteak Hektorri egindako gutunak)

– Livre de la mutation de fortune.  (Zortearen aldaketari buruzko liburua)

Le Livre des Fais et bonnes meurs du sage roy Charles V. (Karlos V.ari       buruzko biografia)

– L’Épistre au Dieu d’amours. (Gutuna amodioen Jainkoari)

– L’Avision de Christine. (Christineren ikuspuntua) Autobiografia.

– Le Livre de la cité des dames. (Emakumeen hiria)

Eta aipatu liburuez gain, hirurehun balada inguru eta ehunka olerki idatzi zituen.

 

2.- Auxtin Zamora olerkari senpertarra

Auxtin Zamora Lapurdiko Senpere herrian sortu zen 1943. urtean. Gazte-gaztetik literaturaz, eta, batez ere, olerkigintzaz zaletua eta maitemindua. Baionan, 1982an, sortu zen Maiatz aldizkari eta elkarteko kidea izan da beti. 1999an Hatsaren Poesia izeneko elkartea sortu zuen, eta orduz geroztik, urtero plazaratzen duten Euskal Herriko hainbat eta hainbat olerkariren lanak biltzen dituen izen bereko liburuaren arduradun, editore eta bultzatzaile nagusia. Euskal olerkigintzarekin loturiko lantegi, ikastaro eta erakusketa ugariren antolatzaile eta prestatzaile sutsua.

2018an, Sarako Idazleen Biltzarrak ohorezko saria eman zion jendaurreko ekitaldi batean, eta ber urtean, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

Bost olerki-bilduma, zenbait itzulpen, lau ikerlan eta bideo poetiko ugariren egilea dugu. Gaurko euskal literaturan, olerkigintzan gehienbat, badu ongi merezitako tokia.  Oraingo honetan, Christine de Pizanen “Saltze jostetak” (Jeux à vendre)  olerki bildumaren itzulpena egin du, eta aipatu beharra dago, hau dela XIV. mendeko emakume humanista honen idazlan bat euskaraz jarri den lehen aldia.

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

3.- “Saltze jostetak” olerki bilduma

Arestian erran bezala, Auxtin Zamorak konfinamendu garaian itzuli eta plazaratu zuen olerki bilduma hau, hau da, 2020ko uztailean. Berak liburuari egin dion sarreran horrela aitortzen digu: “Konfinamendu garai, presondegitu denbora honen barnean, ikusiz geroari ontsalaz idekia den ate zabala, ezinbestean hetsia naukala, pentsatu dut, iraganaren leihotik, mendeetan barna, 600 urteko jauzi baten egitea. Horrela, sekulan aztertua izan ez nituen frantses (inposatua) hizkuntzaren lehentsutako literaturaren aztarnak, nire maneran, euskara baliatuz, saiatu naiz arakatzera. Hitz zaharrak deszifratu eta ulertu, Erdi Aroko erran-nahiak zilatu, letra zaharrarekin letra berriak sortu, XIV. mendeko giroan sartu… eta abar. Zinez ez naiz eneatu.”

Eta geroago, aipatu sarrera berean, Christine de Pizanen olerki bildumaz eta bere ezaugarriez mintzo zaigu. Ikus dezagun: “Aukeratu dutan testua –Jeux à vendre- izenekoa da, -Saltze Jostetak- izenaz itzuli dutana. Christine de Pizan egileak Gorteko zaldun eta damen arteko amodiozko harreman idiliko, platoniko, moralista baten izpirituarekin idatzia du. Sekulan, oraiko garaian, horrelakorik ez litaike izkiriatuko! Baina ezin da idatzia dena nehondik ere ezabatu eta, beharrik, lehengo aztarnak aurkitzean beti plazer bat gelditzen delako. Formulazioak eta egoerak aldatzen, desitxuratzen dira et, hala ere, amodiozko harremanek lekukotasun berrituekin jarraitzen dute, aintzinekoak ahantzi gabe, hori da beharrezkoena!”

Olerki bilduma hau 70 olerki laburrez osatua da, eta bakoitzak badu bere izena. Den-denak bukaera aldeko aurkibidean azaltzen dira. Horietako asko lore edo lili izenak dituzte: Malba arrosa, Mizpirondo lorea, Amitz lorea, Zimeldu arrosa, Elorri zubia, Olibondoaren abarra, Ausin lorea,Maiatzeko lorea, Bioleta lorea, , Menda lorea, Mertxika lorea, Arrosondo abarra, Arrosa gorria,… baina badira bestelakoak ere, hegazti eta txorien izenak aipatzen dituztenak, demagun. Olerki guzti-guztietan bi amorosen arteko jolasak eta gomitak irakur daitezke, beti garai hartako moralitate parametroen barruan, prefosta! Ikus ditzagun, artikulu hau bukatu aitzinetik,  horietako batzuk:

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

 

Malba lorea

Malba lorea saltzen dizut.

Hau zonbat ederra den erratera

ez nizaizu ausartzen.

Maitasunak zugana erakartzen nau.

Erran gabe doa hori

nere baitan ohargarria dela!

 

Mizpirondo lorea

Mizpirondo lorea saltzen dizut.

Zaldun polita, jauna!

Hainbat zuretzat,

hasperen egiten dut,

non. Aldi oroz, ez naizen

maite zaitutala,

zuri erratera menturatzen.

 

Harpa eta lira

Harpa eta lira saltzen dizkizut.

Oi etxeko andere ederra,

nere anderea ere zarena,

egiazko maitasuna zutaz

ukaitea baimendu ninduzuna.

Utzi nezazu horretaz uros izatera!

Otoi, erraten dizudana sinetsi ezazu!

 

Gerla ezpata

Gerlaren ezpata saltzen dizut.

Jauna, zer bilatzen duzu hemen gaindi?

Ongi dakizu zuk alegiaz maitatzen eta pleinitzen!

Zutaz dira hainbat emazte balakatuak izan,

xuriak, beltzaranak, ontsa orraztuak…

Urrundu zaitez gure eremuetatik!

Zoaz beste nonbaitera zure mahatsak biltzera!    

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik  Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik  Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

Christine de Pizan-en olerkiak Auxtin Zamorak euskaraturik

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude