Chesil beach

 pn688.jpgChesil beach. Ian McEwan. Anagrama.

Liburu hau birritan aholkatzen ikusi dut aste honetan bertan: Radio Euskadiko Graffitikoek eta Iban Zalduak, egunkari batean. Duela pare bat aste irakurrita neukala ahazturik neukan, bi aipamen horiek irakurketa berritu didaten arte. (Ahaztuta dudan bezala egile berari irakurritako beste zerbait, gaur gonparazioa egiteko primeran etorriko zitzaidakeena. Baina ezin denean ezin da: memoria alu hau noizbait erauziko balidate ere, berdintsu nenbilke). Eta egia da, aholkatzeko modukoa da nobela hau, bai baitu zerbait irakurlea gozo-gozo baina jakinminez aurrera eroaten duena. Alabaina, ez beza inork uste obra nagusi baten aurrean gaudenik. Bikote ezkonberri baten larrua jotzeko ezintasuna da abiapuntua eta ardatza. Bitxia egiten da sexuaz eta amodioaz halako britainiartasun hotz batez antolatzea kontaketa guztia, drama txiki hori profitatzen baitu egileak, Britainia Handira sexu liberazioaren oldarra iritsi baino lehenxeagoko garaiak deskribatzeko (1962). Bi protagonistak jator askoak dira, aurrerakoiak eta ikaragarri maite dute elkar. Areago, elkarrentzakoak dira. Baina sexurako ezintasunak, paradoxa baten aurrean jarriko ditu: gaur ezkondu gara, baina egin ote dezakegu elkarrekin aurrera (geure maitasunean, geure bizitzetan), elkarren arteko sexurik ezean? Ez da hori bakarrik nobelan kontatzen dena, baina batez ere horixe da. Geza eta mengela dirudi, baina MacEwanek dotore asmatzen du kontakizuna denbora guztian. Esango nuke, hala ere, eleberriaren azken aldera, idazlea bera aspertu egiten dela, eta abiadan amaitzea deliberatzen duela, di da, esan beharrekoa. Izan ere, nobelaren denbora ia guztia, gau bakarrean gertatzen baita eta azken orrietan, urte osoak pasatzen dira arrapaladan, zertzelada apurretan. Niri ondo etorri zitzaidan erritmo aldaketa hori juxtu gertatzen EZ zen guztiarekin gogaitzen hastera nindoan puntuan. Nobela txiki handi bat, beraz.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Chesil beach”-ri buruz

  • Iban Zaldua 2008-04-23 00:44

    Ados nago esaten dituzun batzuekin. Nobela gisa ulertuta, dudarik gabe, obra “minor” baten aurrean gaude McEwanen ibilbidean, “Atonement” edo “Saturday”rekin konparatzen badugu behintzat. Baina kontua da “Chesil Beach” ez dela agian nobela bat, ipuin luze bat baizik: Juan Garziak esan ohi duen bezala, luzera ez da lan bat ipuintzat edo nobelatzat definitzeko irizpide bakarra. Badago izpiritu kontu bat, eta nire ustez “Chesil Beach”-en izpiritua, orrialde kopurua alde batera utzita, ipuinarena da. Ez dut uste idazlea amaiera aldera aspertzen denik: nolabaiteko epilogoan kontatzen diguna ez da inportantea harentzat, obra ixteko modua baizik; inportanteena, gau horretan gertatutakoa, kontatu digu jada. Eta alde horretatik ez da ahaztu behar McEwan ipuinarekin hasi zela lanean, nobelagintzari ekin aurretik, eta arte horretan gutxienez bi harribitxi utzi dizkigula (gaztelaniazko izenburuak aipatuko ditut): “Entre las sábanas” eta (batez ere) “Primer amor, últimos ritos”, ipuinez osatutako liburu bikainak, bere karreraren hasierakoak.

  • Ulertzen diat zer esan nahi duan, Iban, baina batzuk oso konbentzioanalak gaituk eta konformatu egiten gaituk editorialak promoziorako erabaki duen klasifikazioarekin: “novela”. Bestalde, epilogoare kontuari helduta, egileak kontatu beharreko “inportanteena” kontatu badigu, zertarako idazten dizkik orrialde horiek? Ene kasuan, esaterako, oso erabakiorrak dituk azken orriak, urteetan aurrera egin eta gero, protagonistak “gertatutako hartaz” zein iritzi duen erakusten digutenak. Areago, epilogo hori gabe, niretzat ez litzatekek ezer aurrez kontatutako guztia, errekreazio geldoegia baino. Azken orriek ematen ziotek balio guztiari, bizitza guzti bateko zalantza eta alferrik bizi izana agertzen baitizkik. Enfin, salutte.

  • Iban Zaldua 2008-04-23 10:19

    Niri ere interesatzen zait amaierakoa (amaierak oso inportanteak dira), baina desberdintasuna da ni asebete nauela amaiera azkar horrek, uste dut ondo ixten duela liburua: luzatu izan balu, orduan bai, nobela bihurtuko zukeen McEwanek. Eta, edonola ere, ez dut uste, amaiera hori kenduta ere, errekreazio hutsean geratuko litzatekeenik testua: narratzaileak nahiko maiz egiten dio erreferentzia gertakarien ondorengo urteetan gertatuko diren aldaketei.

    Baina, tira, ez zintudan konbentzitu nahi, beste ikuspuntu bat eskaintzea besterik ez.

    Bide batez, Félix de Azúa ere aritu zen “Chesil Beach”-ez bere blogean, ingelesez atera zenean; norbaiti interesatzen bazaio, hemen dago lotura: http://www.elboomeran.com/blog-post/1/3052/felix-de-azua/diciembre-los-estragos-de-la-edad/