Txillardegi, Celine eta zentsura ‘light’a

Txillardegi, Celine eta zentsura ‘light’a –

Poztu nintzen Azkenean, lortu dugu, aita artikulua irakurtzean. Bazen Donostiak Txillardegiri omenaldi bat egiteko garaia. Euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen antiguatarra eta, besteak beste, Ramon Saizarbitoriarekin euskarazko eleberri modernoaren aita-pontea ere. Nahikoa meritu da, ordez; aitortza publikoa jasotzeko beste, behintzat. Gainera, euskara batuaren 50. urteurrenean egonda, aitzakia ona da hizkuntza estandarraren sortzaileak omentzeko, banan-banan ere bai. Arrazoizko argudioak badirudite ere, Donostiako Udalak ez zuen omenaldian parte-hartu. ETAko sortzaileetako bat izan zen Txillardegi eta, Eneko Goia Donostiako alkateak Euskadi Irratian aitortutakoaren arabera, horrek zail egiten du omenaldira joatea.

Askotan esaten dugu Euskal Herria anormala dela, beste herrietan Txillardegi bezalako intelektualek aitortza publikoa jasoko zutela. Beti ez da horrela gertatzen, izan ere, Frantzian ere txakurrak ortozik. Gallimard argitaletxeak Lousi-Ferdnand Céline idazlearen hiru liburuxka antisemita, Bagatelles pour une massacre(1937), L’école des cadavres(1938) eta Les beaux draps(1941) argitaratzeko asmoa zeukan iaz. Proiektua abian zegoen eta, edizio kritikoak publikatuko ziren arren, ezin izan dute bururaino eraman presioak egon direla-eta. Esate baterako, Serge Klarsfeld abokatuak, Fondation pour la mémoire de la Shoahren lehendakari-ordea eta Holokaustoaren biktima baten semea denak, iragarri zuen bere esku zegoen guztia egingo zuela liburuxkak argitara ez zitezen. France Insoumiséko diputatua den Alexis Corbièrek kanpaina politiko batekin mehatxatu zuen Gallimard.

Txillardegi, Celine eta zentsura 'light'aAlde batetik, guztiz ulergarria da. Céline epaitu eta zigortu zuten nazia izatearren eta ez dirudi oso itxurosoa bere lanak berriz argitaratzeak, are gutxiago antisemitak direnak, mingarria izan daitekeelako biktimentzat. Bestetik, egunen batean hausnartu beharko genuke biktimek gizartean duten botere sinbolikoaz eta minaren izenean antolatu diren zentsura kanpaina lightez, sentimenduak askotan aitzakiak baitira debekurako, are gehiago, kasu honetan, liburuaren edizioa kritikoa bada. Pentsatzea eta errealitatea onartzea deserosoak izan daitezke, baina ahanztura eta zentsura askoz arriskutsuagoak dira. Jende eredugarria irakurri nahi duena elizara joan dadila, ez liburutegi batera. Gainera, inozoa da sinistea Célineren hiru liburuxkak apal baten atzean ezkutatzearren antisemitismoa apalduko dela Frantzian.

.

Egilea eta obra bereiztea

Euskal Herrian ETA iraganeko amesgaiztoa da. Badira sei urte jardun armatua eten zuela eta itxura guztien arabera laster desagertuko da. Urteak beharko ditugu eragin zuen minaz gogoetatzeko eta ondorioak ateratzeko, baina ziur nago Txillardegi anekdota bat besterik ez dela izango istorio triste honetan. Bien bitartean, Donostiako Udalak aukera paregabea dauka egilea eta bere obra bereizteko. Izan ere, omenaldi batek euskara batuaren bultzatzaileetako bat eta euskal eleberriaren sortzailea sarituko bailuke, ez ETA sortu zuen kideetako bat. Aitortzarekin batera etorriko dira irakurketa kritikoak, Txillardegi nor izan zen, zer egin zuen eta zergatik egin zuen ulertzera lagunduko digutenak.

.

Oh: Argazkia Wikipediatik atera dut, zeina creative common litzentziapean dagoen.
Txillardegi, Celine eta zentsura ‘light’a

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

3 pentsamendu “Txillardegi, Celine eta zentsura ‘light’a”-ri buruz

  • Euskal Herria ez da herri anormala. Euskal Herria nazio zapaldua da. Langile eta klase herrikoi euskaldunen zerbitzurako estatu nazional propioa dugunean libreki erabakiko dugu nor eta nola omendu eta nor eta nola epaitu. Orduan gure legediaren eta boterearen gerizpean Txillardegiz, ETAz eta edozertaz beste baldintza batzuetan aritzeko moduan izanen gara okupatzaileen zentsura eta errepresiotik at.

  • Aupa Jon!

    Ni ere asko poztu nintzen “Azkenean lortu dugu, aita” artikulua irakurtzean. Diozu bazela garaia Donostiak Txillardegiri omenaldi bat egiteko; baina bertan zeuden herritarrek behin baino gehiagotan omendu dute Txillardegi. Donostiako Udala da egiten ez duena; eta horretan ados gaude, badu garaia posizioz aldatzeko.

    Céline nazia izan zela diozu, eta debekatu dituzten liburuak antisemitak omen. Ez dakit Célinek ekarpenen bat egin zion bere jendarteari, baina ongi gogoratu duzun bezala, Txillardegi euskara batuaren aitetako bat da.

    “Gainera, inozoa da sinistea Célineren hiru liburuxkak apal baten atzean ezkutatzearren antisemitismoa apalduko dela Frantzian”; horrekin ulertu behar dut Txillardegiren liburuak ezkutatzeak ez duelako apalduko ETArekiko atxikimendua Euskal Herrian? Ez dakit paralelismoak sortu nahi dituzun, baina irakurtzean nahitaezkoak egin zaizkit, eta terreno labainkor samarra iruditzen zait Celinek ordezkatzen duena eta Txillardegik ordezkatzen duena alderatzea.

    “Egunen batean hausnartu beharko genuke biktimek gizartean duten botere sinbolikoaz”; esaldi horri beste hitz bat gehituko diot, uzten badidazu: “biktima batzuek”. Inoiz ez dut entzun eraildako ehunka euskal herritarren senideren bat idazle, musikari edo beste sortzaileren baten lana zentsura zedila eskatzen, edo bere sorkuntzarengatik kartzelara bidali zezatela. Beste biktima elkarte batzuen existentzia, ordea, horretan oinarritzen da.

    Amaiaeran diozu aitortzarekin etorriko direla irakurketa kritikoak. Txillardegiri kritika negatibo dezente egin zaiola iruditzen zait aitortza iritsi aurretik, instituzioetatik bereziki; bestea da falta dena. Batzuk Txillardegi euskaltzalea oroituko dute, besteek idazlea, eta besteek Txillardegi osoki, bere lan militantea barne.

    Lotsagarria da euskara batuaren aita, tamaina horretako idazle bat, tratatzen ari diren bezala tratatzea. Ados gaude, Donostiako Udalak, beraien ideologia dela eta, egilea eta bere obra bereiztu beharko lituzkela; ez egiteak daukaten maila baxua erakusten du.

    Agur bat eta hurrenarte Jon, ondo bizi!

    • Aupa Beñat,

      Ados gaudenak alde batera lagata, hainbat azalpen zure iruzkinari:

      Aipatu bezala, eremu labainkorran sartu nintzen eta ohartu nintzen artikulua idatzi ahala. Garai kontuagatik alderatu ditut bi kasuak, Txillardegiren omenaldiari buruz irakurtzen nuen bitartean Célineren obraren ‘debekuaren’ berri izan nuelako. Biak idazle handiak izan dira eta biak ‘baztertu’ nahi dituzte euren ibilbide politikoagatik (eta bai, ebidentea da biek ez zutela politika bera ordezkatzen).

      Biktimeen gainean zurekin ados nago. Artikuluan Klarsfeld neukan buruan, baina AVT ere balekoa izan zitekeen (han euskal herritarrak daude, portzierto). Kakotx artean ekarri duzun pasartea aspalditik gordea neukan gogoeta da eta idatziz utzi nahi nuen, izan ere, kezkatzen naute ‘bestea ez mintzearen izenean’ egiten diren (auto)zentzurek. Gainera, oso lotuta dago Txillardegi ez omentzeko arrazoi nagusiarekin.

      Kritikaren parrafoarekin ados, baina ez dut uste instituzio guztiak berdin portatu direnik. EHUn, adibidez, bere lanak ezagutzeko aukera egon da Uda Ikastaroetan. Era berean, nire ustez Txillardegi gogoratuko dugu euskara batuaren eta eleberri modernoaren sortzailea izatearren eta bere lan militantea jende ‘arruntarentzat’ bigarren planoan geratuko da. Horregatik, hain zuzen, ezinbestekoa iruditzen zait aitortza ofiziala.

      Besarkada Beñat! Ondo ibili!