Calzadaren azpiko Kaltzada

Calzadaren azpiko Kaltzada –

Joxe Austin Arrieta Ugartetxearen gutuna, atzo Berria egunkariak argitaratua.

Lokartu egin ote naiz gaur ere, ordubietako Gaur Egun-en? Ez, ez dut uste. Erne egon naiz telebistari begira, bazkaldu berritako lo-xuma gale tentagarriari euskor. Jakin nahi bainuen. Hasierako laburpenean ez dute deus esan; eta gerora, kulturazko berrien saski-naski labur axalekoan ere ez. Seguru nago. «Chiquito de la Calzada» omen zeritzan umorista espainol delako baten heriotzaren berri bai, eman zuten, lehengo astean, gure telebistan, eta gure hizkuntzan (aurkezleetariko batek, hori behintzat dotore asko, esan ohi duen gisan). Baina Julen Kaltzadaren heriotzaren berririk ez. Izan ere, aizu…nor da Julen Kaltzada? Bestea, espainola, bai, ospetsua zen; denontzat ezaguna, baita Alduden ere. Baina Julen?… Julen Kaltzada diozu?… Pas connu.

Gure kultur panorama gero eta (nire iritziz) ghetizatuagoan, ezer gutxi dago ETBk adina behazun eragiten didanik. Gaixotzeko tamainan jartzen nau, baina, nonbait, masokista-edo izaki, hortxe lotzen natzaio hala ere egunero, programa informatiboei bederen (bestelakoak ez, ezin ditut jasan: pilota-partidaren bat edo beste, tarteka, eta aski). Ez al zen, bada, euskara eta euskal kultura suspertzeko sortu Euskal Telebista? Ez al dugu, bada, urtero, dirutza ikaragarria ordaintzen eusko-zergaduru-artaburuok ETBri eusteko, kultura, historia, aisialdia, mundua —hitz batez esanda—, euskaraz bizi ahal izan dezagun?… (Behazun-jarioa: isil nadin). Baina ez, erabat ez: segi dezadan pixka bat. Sautrela ere kendu zuten: badakizu, dozena-erdi txotxoloren apetak dira horiek; hobe A bocados modukoak promozionatzea, aizu: euskaldunik euskaldunenari ere kamera aurrean erdaraz mintzarazi behar zaiola bere culinary center top-eko errezeten emaile? Eta zer axola du horrek? erdara ere gurea da, ezta? … (behazun-jarioa bor-bor: oraingoan bai, stop).

Calzadaren azpiko KaltzadaETB-1ek ez daki nor izan den, eta nor izango den luzaroan komunitate euskaldunaren oroimen bizian, Julen Kaltzada: euskaltzale porrokatua, AEKren sortzaileetarikoa, idazle eta itzultzailea, frankismoak umezurtz lagatakoa, frankismoak zanpatua, baina inoiz ez makurtua…(stop hemen ere: hau irakurriko dutenek ez dute Julen Kaltzadaren panegirikorik behar). Baina, nioen bezala: ETB1-ek ez daki nor izan den. Eta ETB-2k are gutxiago: Euskadi Sarien zirimonia zirimoniatsuaren ondoren ere, Donostiako idazle espainolari bakarrik egin diote elkarrizketa, irakurri ez dudan baina ofizioagatik agian irakurri beharko nukeen obra esan didatenez handios bezain hutsal horren egileari. Arantxa Urretabizkaiari, edo Asier Serranori ez diete tipula hurbildu… Izan ere, aizu: Arantxa Urretabizkaia? Asier Serrano?… Nor dira horiek?

Argazkia: Berria

Calzadaren azpiko Kaltzada

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Calzadaren azpiko Kaltzada”-ri buruz

  • Nik ere dexente sufritzen dut ETBri begira, Joxe Auxtinek azaltzen dituen kontuen gisakoengatik (eta hori argitaratu eta biharamunean edo hurrengoan, Euskadi Irratiko Faktoriako esatari bat Txikito de la Calzada goraipatzen aritu zen, Arrietaren salaketa aipatu ere egin gabe -horren berri izan gabe?; hori ere nahiko adierazgarria litzateke!-), eta hark bezalaxe neronek ere programa “informatiboak” omen direnak ere egunero ikusteko ohitura dut (kanpoko informazioarekin, oro har, kexarik ez; hurbilekoa, ordea: batetik, egunero irentsarazten diguten propaganda zaparrada lotsagabea; bertzetik, bertako boterearen erabakiak kuestionatzen dituzten mugimendu eta ekitaldiak agertzeko erabiltzen duten denbora eta haiek agertzeko modua,… ai, ama, hau tripako mina!). Beraz, nahiko konforme naiz Joxe Auxtinek erraten dituen gauza gehienekin. Dena dela, artikuluan “A bocados” aipatzen denez, nik inon aipatua ikusi ez dudan sukaldaritza programa bat atera nahi nuke plaza honetara: Txoriene. Izugarri ona iruditzen zait. Eta aurkezlea, Zigor Iturrieta, zoragarria. Beldur pixka bat ematen dit famatzeak, ez nukeelako nahiko bertze aurkezle on batzuekin gertatu dena gertatzea (programa guzietan agertzea, ikuslea haiek ikusteaz nardatzeraino), baina, nire iritzi apalean, Euskal Telebistan eginkizun jakin batean aspaldi ikusi dudan tiporik hoberena da.

  • EITBk erdara du ardatz, bai lan egiteko moduan eta bai nortasun gisa. Euskaldunak hor ere gutxiengo, gure ogi apurrak defendatu nahian, gure lurrean minoria izanda dena gure kontra doala ikusi nahi ez dugularik. Unionismoa indartsu da eta bere bitarteko guztiak erabiliko ditu euskal den guztiaren aurka, eta gure gainbehera eta zatiketa ikusita badirudi erresistentziarako garaiak datozela, gure eskaera guztiak alfer-alferrik direlarik. Orain gure komunitatea elkartu eta gotortzea tokatzen da, hurrengo urteetako enbata jasateko. Izan ongi