Bridget Jones pentsagai ona da

[Gaur arratsaldean Bridget Jonesen egunkaria eman dute Espainiako telebistan eta, horren kariaz, aukera ona iduritu zait aspalditik idatzia nuen gogoeta hau argitara emateko]

COMPANY OF WOLVES - Bridget Jones pentsagai ona daOso oker ibiliko ginateke Bridget Jonesen egunkaria filma denbora pasatzeko baizik balio ez duen film txepel inozotzat joko bagenu. Izan ere, arras interesgarria baita, bai kontatzen duenarengatik, bai, kontatu gabe, ikusten dakienari erakusten dionarengatik.

Eta zer kontatzen digu film honek? Bada, ipuin bat; gaurko mundu politikoki zuzen honetarako akats gehiegi –gizen dago; erretzen du; ez ditu bere hitzak neurtzen; eta, tanga nagusi den honetan, sekulako kulerotzarrak erabiltzen ditu– dituen neska baten istorioa, eta haren ahaleginak benetako, egiazko, betiereko amodioa aurkitzeko.

Zorionerako martxa horretan, bere nagusia, Hugh Grant, izanen da bideari aterako zaion lehena. Txanogorritxoren kontakizunean bezala, honetan ere otso gaixtoa da lehen hori. Beharrik Bridgeten aspaldiko lagun Collin Firth hurbil zebilen, hura salbatu eta bere jauregira eramateko. Jauregia badauka eta. Ipuin gehienetan bezala, film honen mezua ere atzerakoia eta klasista baita. Otsoa negozio gizona da, lotsagabea, diruaren mundura iritsi berria; printzeak, aldiz, heredatu egin du bere ondasuna, eta herabea da, isila, noblea (hitzaren zentzu guztietan).

Baina pelikulak kontatzen digun mezu Erdi Aro zalea alde batera utzita, ikus dezagun filmak erakusten diguna. Arestian aipatu bezala, Bridget Jones gizen dago. Haren papera egin duen aktorea, Renee Zellweger, ordea, ez. Loditu behar izan zuen, beraz, Jonesena egin ahal izateko. Ez zatekeen dena errazago izanen, aktore lodi bat kontratatu izan balute? Naski bai, baina Hollywoodetik lekutu den espeziea da hori. Han, potoloarena, psikopatarena bezala, filmetan antzezten den paper bat da, ez ondoko etxean bizi den lagunaren ezaugarri bat. Baina, egin dezagun berriro galde: lodi dago, benetan, Bridget Jones? Nik ezetz erranen nuke. Edo, bertze modu batean adierazita, istorioko egunkariaren egileak, barregarri gelditu gabe, film batean eduki daitekeen loditasun doia dauka.

Ongi ikusita, beraz, Bridget Jonesen egunkariak ipuinetako ideologia kontserbadorea argitzen digu alde batetik eta, bertzetik, gauza franko erraten digu Hollywoodeko edertasun kanonari buruz. Ez da gutxi, pelikula tonto baterako.

Bridget Jones pentsagai ona da

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.