Bost aurpegi berriko finala

 Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya txapeldun ohiek ez dute aurten parte hartu Bizkaiko txapelketan, eta horrek txapelketa irekia uzten bazuen, are irekiagoa utzi du Fredi Paia eta Iratxe Ibarra finalera sailkatu ez izanak.

Orain arte egindako lana ikusirik, gainera, gazteenek –bereziki Amurizak- buruz burukoan sartzeko aukera ugari dute. Honela sailkatu dira finalerako: Onintza Enbeita Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea zuzenean euren saioak irabazita, eta ondoren Etxahun Lekue (538; 4 punturekin), Arkaitz Estiballes (526,5); Jone Uria (526); Eneko Abasolo (515,5) – Peio Ormazabal (513).

Bertso irakaslea eta ikaslea izango dira finalean, Arkaitz Estiballes eta Peio Ormazabal. Abarkas da zortzietan zaharrena, 1979koa baita Iurretakoa, eta Ormazabal gazteena, 1992koa. Bitxia da 80ko hamarkadako bertsolari bat bera ere ez dagoela, 70eko hamarkadakoak dira Estiballes (Galdakao, 1977), Ugartetxea (Mallabia, 1979), Lekue (Larrabetzu, 1979) eta Enbeita (Muxika, 1979). 90eko hamarkadakoak dira Ormazabal, Amuriza (Berriz, 1990) eta Uria 1990).

Iazko txapela Igor Elortzak irabazi zuen eta honakoa izan zen sailkapena: Igor Elortza (909 punturekin); bigarren, Unai Iturriaga (891,5); hirugarren Arkaitz Estiballes (500); laugarren Iratxe Ibarra (489,5); bosgarren, Onintza Enbeita (489); seigarren Etxahun Lekue (487,5); zazpigarren, Xabi Paya (486) eta zortzigarren, Fredi Paia (478).

Udaberrian eskualdekako kanporaketak egin ostean, udan hasi zen txapelketa, 78 bertsolarirekin.

Epaimahaia Mirari Azula, Josu Telleria, Asier Ibaibarriaga, Iñaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe eta Ainhoa Munitxak osatuko dute.

Finalerako sarrerak salgai daude oraindik hemen. BECeko pabiloia ostirala arte saldutakoen arabera atonduko dute, nahiz eta egunean bertan leihatilan ere erosi ahal izango diren sarrerak.

Nork hartuko du Lopategi eta beste askoren lekukoa?

Irudia | Nork hartuko du Lopategi eta beste askoren lekukoa? | Ezezaguna | Creative Commons By SA
bertsolaritza, bizkaiko txapelketa

3 pentsamendu “Bost aurpegi berriko finala”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude