Bixente Ameztoi, subertsio organikoa

Bixente Ameztoi, subertsio organikoa –

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.

Bixente Ameztoi, subertsio organikoa
Izenbururik gabe (Bixente Ameztoi, 1978).

Igande honetara arte bisitatu ahal izan da Bixente Ameztoi margolari donostiarrari eskainitako atzera-begirako erakusketa Madrilgo Circulo de Bellas Artesen.

“Garai ederrean abisatu duk”, dio esaldia irakurri eta aukera galdu duela jabetu den irakurleak, izan ere, erakusketez inaugurazioaren egunean hitz egin behar da, hala dio inon idatzi gabeko arauak; gero hilabeteak zintzilik uzten ditugu hitz erdi bat gehiago esan gabe eta amaitu direnean, prentsan publikatu daitekeen bakarra bisitari-kopuruari buruzko piezaren bat izaten da –baldin eta arrakasta apoteosikoa izan bada, normalean gertatzen ez den zerbait alegia–.

Zergatik artikulu hau orduan? Ba Madrilgoak aperitifaren itxura daukalako otsailaren 20tik aurrera Bilboko Arte Ederren Museoan egitekoak direnarekin konparatuta. Zabalagoa izango dela Bilbokoa, alegia –eta gainera hiri handiago batean, tamainaz ez bada, espirituz bai behintzat–.

Denboraren makinarik ez daukat, ordea, datorren hilean zer gehiago ikusi ahalko den esateko eta, aldiz, duela aste batzuk Madrilera joateko treneko txartelak baneuzkanez, Alcalá kaleko piperpotoak saihestuz Ameztoiri bisita egitea deliberatu nuen. Ez zitzaidan damutu. Nagusiki 1970eko hamarkadan egindako obraz osatutako erakusketa honetan ikus daitezkeen hainbat lan bilduma pribatuetakoak dira, eta beraz ez dira ikusgai egoten; haien artean ibiltzea mundu organiko eta abangoardista batera bisita bihurtu zitzaidan, euskal klixe asko hankaz gora ikusteko parada izateaz gain.

Gaur artista-taldeko izen ezagunenek ez bezala (Oteiza, Basterretxea, Chillida), Ameztoik ez zuen erabateko abstrakzioaren bidetik jo, haren pinturek badute ia beti figuratibotik zerbait. Figurazioa, ordea, ez zuen errepresentazio errealistaren morroi bihurtu. Pintore donostiarrak eskemak puskatzen dizkio bere lanen aurrean jartzen denari: belarrezkoak dira gizakiak eta irribarre egiten du baso zokoak; Lurrak grabitatzen du aurreneko planoan ikusten ditugun pertsonaien munduaren inguruan; gizaki edo animalia itxurarik ez duten arren, odola isurtzen dute forma zehazgabeek. Eta gaur hain ohikoa zaigun mundu multipantaila existitu baino askoz lehenago, Ameztoiren koadroetako planoen jarraidurek eta etendurek ezinezko dimentsioetara deribatu zuten ikuslea.

Bixente Ameztoi, subertsio organikoa
Ahoa (Bixente Ameztoi, 1979).

René Magritte aipatu izan dute haren inspirazio-iturritzat eta egia da, badago Ameztoiren lanetan zerbait margolari surrealista belgikarra gogora ekartzen duena: “ceci n’est pas” jarrera, adibidez, abiapuntutik jartzen duena distantzia bat obran agertzen den objektuaren –edo subjektuaren– eta objektu –edo subjektu– horren benetako izatearen artean. Distantzia hori ironikoa da, ironia hitzaren jatorrizko adieran –“itxurazko ezjakitea”–, artistak egiantzekotasuna duten irudiak pintatzen baititu, jakin arren pintura ez dela –ezin dela gehiago izan– aurrean duen munduaren kalko soila. Are gehiago, kalkoak aspertzen duela esango nuke, margo daitezkeen beste munduak esploratu nahi dituela eta, konkretuki, margo daitezkeen beste Euskal Herriak, beste euskaldunak. Baina hori guztia ez dakienaren itxura eginez jokatzen du, paisaiak eta pertsonak ikusi dituen gisan mihiseratuko balitu bezala: estanpa familiar antzaldatuak, batere folklorikoak ez diren poxpolinak, ohiturazko erregimenaren subertsioa.

Bixente Ameztoi, subertsio organikoa
Familia (Bixente Ameztoi, 1975).

Errepresentazio/surrerrepresentazio joko horretan garai baten espiritua ere ikus dezakegu: nola ari zen aldatzen XX. mendeko bigarren erdian gure auto-pertzepzioa, Euskal Herrian gertatzen ari ziren mota askotako transformazioen eskutik –ideologikoak, lan, bizitoki eta bizimoduei lotutakoak–. Horren aurrean, zenbait artistak jarrera nahiko metafisikoz erantzun zuten: euskal izaeraren muin-muinera jo eta hura destilatzen saiatzea, betirako galdu baino lehen. Pertsonalki, Ameztoirena interesgarriagoa egiten zait: gertatzen ari ziren aldaketen olatu gainera igo zen, garai berrien hizkerarekin, mundu honetako materiei uko egin gabe; alderantziz, materia horiexen transformazio-aukeretan bilatu zuen, oraindik ere harrigarriak gertatzen diren emaitzak utziz.

Bixente Ameztoi, subertsio organikoa

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude