Biharamuna

images1.jpg

Bistakoa da Durangoko Azoka, gure kulturgintzan kontu zentrala izateaz gain, eztabaidarako ere gertaera bikain askoa dela. Ikusi besterik ez dago handik bueltan egunkari eta irrati guztiek nola erabili duten ahotan hartuta hango atzera-aurrea. Denborarekin, euskal liburu eta diskoak suspertzeko asmatu zen erreminta hura, balio segurua bihurtuta dabil hainbat hedabidek euren vasquismoa eta jatortasuna azpimarra dezaten. Erabilera instrumentala esaten zaio horri, baina, tira, nork nahi du hemen enrrollatuaren itxurak egin gabe bizi?
Hala agertzen zaizkigu euskal literaturari urte guztian zehar kasu zipitzik egiten ez dieten hedabideak, ahobeteka euskal egile eta letrekin, bilduma eta bestelakoekin, nor baino nor, bere gehigarritxo eta guzti. Pozik egoteko moduan daude Gerediaga Elkartekoak, ez baita batere erraza, hiri izan gabe, herri batetik irtendako ekimena gertakizun nazional bilakatzea. Bejondeiela. Durangoko patroia eta Durangoko bonbardaketa bera ere estaltzen du gaur Azokaren sonak.
Baina ez hedabideek bakarrik, norbanako asko eta asko ere, Durangoko pasilloetan ibilita, halako label jator bat eskuratzen dugula sinetsita gaude. Kilometroak, Bertsolari Txapelketak eta antzeko antolakuntzekin gertatzen den antzera, ematen du Durangoko Azokara buelta bat eman baduzu, eukaristia moduko bat egiten duzula zeure aberriarekin.
Baten batek esango du Durangora jende zintzo askoa ere joaten dela, urtero-urtero liburu eta diskoen maitale fina den hori, eta izango da norbait, ez dut nik ezetzik esango, baina asko ala gutxi, bibliofiliarenaz haragoko arrazoiak aipatzen ditu ia mundu guztiak: urtean zehar ikusten ez diren lagunak, parranda koskor bat, eta beste mila halako kontu paralelo.
Ahots batzuk jasota daude aspaldian, Durangokoak euskarazko produktuen biltoki soil izan behar lukeela esanez. Jakina, hori diotenak, euskarazko gaiak argitaratzen dituzten egile eta argitaletxeetakoak dira. Hauek nekez ulertzen dute Antonio Alvarez Solis bezalako bat, pareko standean, sinadurak ematen ikustea, esaterako.
Baina ni ez nago oso segur. Berandutxo da Durangokoari buelta ematen hasteko. Durangokoak bere bide propioa daroa, merkatuak eta jendeak ezarian agintzen diotena: Gabonetarako opariak, argazkiz jositako liburu mutuak, liburua eta diskoa ez diren produktuak, kalendrera eta zozketak… Ematen du, azkenean, literaturaren eta liburuaren izenean jasotakoak, literaturari eman nahi diola bizkar, urtetik urtera handituz doan lotsagabekeriaz. Aurten nabarmena izan da hori, Atxaga eta Sarrionandiaren nobedaderik ezean.
Agian bai, arrazoia dute beste zerbait behar dela diotenek. Euskarazko literaturaren azoka bat egitea lortuko balitz, orduan bai harremana irakurle eta idazleen artean, orduan bai egoeraren tamaina benetakoa. Baina nahi al du hori benetan ikusi baten batek?

Hasier Etxeberria. 071215. El Mundo.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude