“Baliabide mugatuekin ere imaginatu dezakegun edozer gauza sortu daiteke 3D teknikarekin”

“Arazo nabariena labur bat egiterako orduan finantziazioa izaten da. Dirua nondik atera. Sariarekin arazo hori konponduta geneukan.” (David Zabala, Benito Ansola Sarietako lehen edizioko irabazleetako bat)

Irailaren 28an bukatuko da Benito Ansola Sarietan ikus-entzunezko proiektu idatziak aurkezteko epea. Parte hartzen duten lanen artean, ikus-entzunezkoak ekoizteko 4.000€-ko bi sari banatuko dira. Informazio guztia www.kameratoia.com/benitoansola webgunean aurkituko duzue.

Benito Ansola Sarietako lehen edizioko irabazleak dira David Zabala (Lekeitio, 1982) eta Joseba Uberuaga (Gernika, 1981). “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena” film laburrak ekoiztu dituzte, hurrenez hurren, lehiaketan eskuratutako laguntzarekin. Lehena, Paul Urkijorekin batera garatu du Davidek. “Izena duena”, berriz, 3Dn ekoiztutako lana da. Bigarren edizioa martxan dagoen honetan, David eta Joseba gertuagotik ezagutu nahi izan ditugu. Irudi sortzaileak dira, labur esanda.

– Nola hasi zineten ikus-entzunezkoen munduan? Zein izan da orain arteko ibilbidea?

Ohe azpiko zera, David Zabala eta Paul Urkijo zuzendariak

DAVID: Beti izan dut gustoko filmeak ikustea, txikitatik. Kuadrilako lagunekin filme laburrak egiten genituen jolas bezala ondo pasatzeko. Unibertsitatean ikusentzunezkoak ikastean ikusi nuen hori zela niri gehien gustaten zitzaidana. Irudiak sortzea, istorioak kontatzea. Patxi Urkijo irakasleak erakutsi zigun zinema beste modu batera ikusten eta ulertzen. Beraz, berari ezker ere esan beharko nuke. Ibilbideari dagokionez ba zuzendari, kamera, edizioa eta hainbat saltzatan mugitzen naiz eroso. Paulekin egiten badut lana, zuzendaritza, edizioa eta posprodukzioa bion artean egiten ditugu. Dagoeneko laburmetrai batzuk eginak ditugu eta beste horrenbeste bideoklip eta dagoeneko pantaila handira salto egiteko gogoz. Baina hori beste istorio bat da.

JOSEBA: Txikitatik izan dut marrazketarako zaletasuna. Baina rotuladoreekin nekagarria da marrazki handiak koloreztatzea eta akuarelekin zaila da lerrotik ez ateratzea. Beraz, ordenagailuak eskaintzen dituen abaintailak probatu nituenean ezin izan nion tresna hari uko egin. Ordutik neure kaxa ikasiz aritu naiz ilustrazioak eta animazioak egiten, kartel lehiaketaren bat kenduta, ikastea soilik helburu hartuta.

– Zergatik hartu zenuten parte Benito Ansola Sarietan?

DAVID: Lekeitiko zinemaldian parte hartu eta bertan enteratu ginen Benito Ansola sariaz. Erdi serio erdi bromaz pentsatu genuen zerbait aurkeztea. Aukera on bat bezala ikusi genuen labur bat aurrera eramateko, eta horrela izan zen. Arazo nabariena labur bat egiterako orduan finantziazioa izaten da. Dirua nondik atera. Sariarekin arazo hori konponduta geneukan.

Izena duena
JOSEBA: Denboraldi bat neraman ezer egin gabe, eta sari honek zerbait serioa egiteko aukera ematen zidan. Teknika berriak jorratzeko beharrezko den materiala erosi eta ordurarte ikasitako guztia proiektu bakar batean aplikatu eta erakusteko.

– Aspalditik buruan zeneuzkaten proiektuak al ziren aurkeztu zenituztenak?

DAVID: Egia esan, ez. Galtzerdiak jaten dituen munstroari buruzko zerbait egitea ondo egongo zela bai, baina ez zen proiektu formal bat, ideia bat hemen eta beste bat hor besterik ez. Sarirako prestatu edo garatu genuen proiektua. Nirekin gidoilari bezala normalean egiten duen Ibai Canales-i komentatu nion munstro galtzerdi-jale bateri buruzko zerbait egitea euskarazko proiektu baterako eta egun batzutan prestatu zuen gidoiaren lehen bertsioa. Behin gidoia izanda beste guztia erraz egiten da.

“Garai batean imaginatu nuen film luze baten zatitxo bat da laburrean ikus daitekeena (Izena duena)”

JOSEBA: Bai, ganbaran gordeta nituen proiektuetatik egokiena iruditu zitzaidan. Euskal kulturarekin duen lotura, iraupen eta abarrengatik. Egia esan, garai batean imaginatu nuen film luze baten zatitxo bat da laburrean ikus daitekeena.

Irabazle izendatu zintuztetenetik lana ekoiztu arte, nolakoa izan da prozesua?

DAVID: Tarte horreri pre-ekoizketa edo pre-produkzioa esaten zaio. Ekoizpenaren lana Urko Olazabalek egin zuen. Bera aritu zen gauza gehienak lortzen (aktoreekin kontaktua, lokalizazioa, etabar). Behin egutegian egun batzuk aukeratuta daudenenan departamentu bakoitzak bere atalak prestatzen ditu. Erropak, ileapainketa eta makilaia, munstroaren mozorroa, kastinga… Beste gauza batzuk aldez aurretik ezin dira prestatu, iluminazioa adibidez edo dekorazio edo zuzendaritza artistikoa, aldez aurretik hitz eginda bakarrik geneukan eta argazkiak eta pelikulak erabiltzen genituen erreferentzi bezala, atmosfera konkretuak lortzeko (Pa negre, el laberinto del fauno, where de wild things are…).

Ohe azpiko zera

JOSEBA: Luuuuuzea. Istorioa argi dagoenean guztia 3D munduan sortu behar da. Marrazkiak oinarri hartuta modelatzen dira objetuak, kolorea eta textura eman, animazio hezurdurak definitu, animazioa bera, argiztapena, musika eta audioa… Egia esan nik uste baino lan zailago eta nekagarriagoa izan zen. Ia 9 hilabetez lanetik itzuli eta egunean 6 ordutik gora pasatu nituen ordenagailu aurrean (asteburuetan gehiago). Nire andrearen laguntza eta bultzada ezinbestekoak gertatu zaizkit prozesu osoan (eta lana bukatu ezean dirua itzuli beharrak ere tiratzen du aurrerantz).

“Baliabide mugatuekin ere imaginatu dezakegun edozer gauza sortu daiteke 3D teknikarekin. Oso tresna boteretsua da.”

– David, “Ohe azpiko zera” da Paul Urkijorekin batera garatu duzun film laburra. Zer da?

DAVID: Ba istorio unibertsal bat. Umeei lotara joan aurretik irakurtzen zaien horietako bat. Norberaren beldurrei aurre egitearen garrantzia erakusten duen horietakoa.

– Joseba, “Izena duena” da zuk ekoiztutako lana, 3Dn sortutako animazioa. Zein aportazio dakarzkio 3Dak sorkuntza artistikoari?

Izena duena

JOSEBA: Askatasun beste buruko min. Esan daiteke gaur egun baliabide mugatuekin ere imaginatu dezakegun edozer gauza sortu daitekeela 3D teknikarekin. Oso tresna boteretsua da. Baina zaila, ulergaitza eta gupidagabea izatera ere iritzi daiteke (Windows-ekin lan egiten duen edonork baieztatu dezake hori).

– Lekeitioko Zine Bileran aurkeztu zenituzten lehen aldiz “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena”. Ordutik izan al dute bestelako ibilbiderik?

DAVID: Ba distribuzioa BANATU FILMAKek darama. Momentuz atzerrian badirudi berton baino arrakasta gehiago duela. Italian, Australian, Alemanian, Budapesten aukeratua izan da jaialdi batzutan “Ohe azpiko zera”. EITBk erosi dizkigu telebistarako eskubideak EITBlaburrak atalerako. Valentzian mentzio berezi bat jaso du VALENCIA CREA 2012n, hori da azkena, pasadan astekoa.

JOSEBA: Kontua da “Izena duena” bukatu eta hilabetera jaio zela nire alaba eta zertxobait lanpetuta ibili naiz. Ezin izan dugu laburmetraia behar bezala zabaldu. Inguruan aipagarriena Animabasauriko DVD sailean aukeratua izatea da eta espainia mailan oraindik ez dugu sorterik izan…

– Zein aukera eman dizue Benito Ansolak?

Ohe azpiko zera, kartela

DAVID: Ba bekaren diruarekin laburmetraia aurrera eramatea. Bestela seguraski gidoi huts batean geratuko zen.

“Italian, Australian, Alemanian, Budapesten aukeratua izan da jaialdi batzutan Ohe azpiko zera”

JOSEBA: Bidea eta helburua eman dizkit. Eta hauekin batera proiektua egiteko behar nuen bultzada. Nire mugak eta abileziak ezagutu ditut, eta nire teknika hobetu dut prozesu luuuze honetan. Nire denborapasa zerbait garrantzitsua bihurtu da eta esperientzia aberasgarria izan da oso.

“Lortu daitezkeen laguntza gehienak zure talentua sobera erakutsi duzunean agertu ohi dira. Gutxi dira ni bezalako amateur bati aukera eta laguntza ematen ausartzen direnak.”

– Zeintzuk dira ikus-entzunezkoen sortzaile gazteek aurrera egiteko dituzten aukerak?

DAVID: Ba sekreturik ez dago. Benetan gustoko baduzu bakoitzak aurkitzen du bere bidea. Internetari esker aukera berriak daude ikusentzunezko edukiak edo proiektuak garatzeko eta ezagutzera emateko (crouwdfunding, youtube , vimeo…). Bizitzako beste edozein ataletan bezala ideia on bat eta leku egokian eta momentu egokian egoteak ere garrantzia du.

“Youtube bezalako guneetan ere tontakeri artean euskarazko lan pila ikus daiteke, baliabiderik ez, baina talentua soberan duten gazteen eskutik”

Izena duena

JOSEBA: Nik dakidala ez dago Benito Ansola Sariak bezalako laguntza askorik. Lortu daitezkeen laguntza gehienak zure talentua sobera erakutsi duzunean agertu ohi dira. Gutxi dira ni bezalako amateur bati aukera eta laguntza ematen ausartzen direnak.

– Euskarazko ikus-entzunezko sortzaile gazte asko al dago hor kanpoan?

DAVID: Bai badago. KIMUAKeko urteroko katalogoa edo BANATUrena ikustea besterik ez dago.

JOSEBA: Lekeitioko zine bilerara hurbildu besterik ez dago hori ikusteko. Maila handiko lanak ikusten dira bertan urtero urtero. Edota youtube bezalako guneetan ere tontakeri artean euskarazko lan pila ikus daiteke, baliabiderik ez, baina talentua soberan duten gazteen eskutik.

– Hemendik aurrera, zer? Ba al daukazue proiektu berririk buruan?

DAVID: Bai! Beti daukagu zerbait buruan! Momentuz beste labur bat prestatzen gabiltza irailerako. Eta bide batez luzemetrai baterako gidoia. Ea dirudun bat interesatzen den… (jajaja)

JOSEBA: Ganbara bete proiektu izaten jarraitzen dut baina baten bati ekiteko betarik gabe nabil. Haurra unibertsitatean dabilenean jarriko naiz berriz lanean (ja,ja,ja)…

Izena Duena aurrerapena from Joseba Uberuaga on Vimeo.

ohe azpiko zera (teaser) from paneo360 on Vimeo.

benito ansola sariak, david zabala, izena duena, lekeitioko zine bilera, ohe azpiko zera, paul urkijo, topagunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude